Jokin Garai: "Goierriko 2 Handiak nire lehenengo ultra izango da; erronka polita iruditzen zait 86 kilometro gelditu gabe egitea"

Jone Albeniz 2013ko api. 13a, 02:00

Jokin Garai (Oñati, 1983) kirolzalea da txikitatik; mendi lasterketarako zaletasuna, aldiz, duela 4-5 urteko kontua du. Gasteizen Haur Hezkuntza eta Eskoriatzan Heziketa Fisikoa ikasi ondoren, egun, irakasle lanak lasterketa eta entrenamenduekin uztartzen ditu. Azken boladan lasterketa desberdin askotan parte hartu du eta hurrengo erronka Goierriko 2 Handiak izango da.

Noiztik eta nondik datorkizu zaletasuna?

Mendiko zaletasuna txiki-txikitatik datorkit, gurasoekin makina bat purrustada botatakoa naiz haiekin egindako txangoetan. 6-7 urterekin joan nintzen Pirinio aldera haiekin lehenengo aldiz, eta, ordutik, neguan zein udan urtero joaten gara bertara. Lasterketetarako zaletasuna, aldiz, orain dela 4-5 urteko kontua izan da; probatu eta ikaragarri gustatu zitzaidan, engantxatu egin nintzen.

Zein talderekin eta non entrenatzen zara?

Aurreko urtera arte ez dut talderik eduki; iazko eta aurtengo denboraldietan, berriz, M5 Aretxabaleta taldean nago, eta Aretxabaletako M5 dendaren laguntza jasotzen dugu. Entrenatzeko, Aloñako gurutzetik Aizkorriko aizkoraraino dauden txoko guztiak atsegin ditut.

Zein lehiaketa edo txapelketa irabazi dituzu zure ibilbidean zehar?

Mendiko lasterketetan eta antxintxika ez dut ezer irabazi. Kilian Jornetek dioen moduan: “Gizakia ez da curriculumetik bizi, esperientzietatik baizik”. Nik horixe irabazten dut mendian korrika egiten dudan bakoitzean, esperientzia berri eta atseginak.

Zein mendi lasterketatan gurako zenuke parte hartu?

Ibilbide teknikoak maite ditut eta hauek dauden lasterketa orotan gustura ibiltzen naiz; hala ere, helburuaren arabera aukeratzen ditut lasterketak. Dolomitetan egiten den lasterketaren bat egingo nuke gustura asko.

Ze iritzi daukazu kirol honen egoeraz?

Mendia eta kirola egitea modan daude orain, kirol honek biak uztartzen ditu eta ikusi besterik ez dago inskripzioak zein azkar betetzen diren; azken 10 urte hauetan izugarri hazi da.

Gainera, marka garrantzitsuak sartu dira babesle eta laguntzetan eta indarra hartzen ari den kirola da. Hori gutxi balitz, komunikabideetan agertzen hasi den kirola da. Kirol honek oraindik ere indar handiagoa hartuko duela uste dut. 

Zein karrerari ematen diozu garrantzi handien? Zergatik?

Aurten bi helburu nagusi jarri ditut eta horiek izango dira garrantzitsuenak. Zegama-Aizkorri eta Goierriko 2 Handiak. Zegamakoa: bere ibilbide, giro eta parte-hartzaileengatik aukeratzen dut; lehenengo biak asko gustatzen zaizkidalako eta hirugarrena, egunero ez baitugu aukera Kilian, Kuprika eta horrelako korrikalariekin korrika egiteko. Goierriko 2 Handiak nire lehenengo ultra izango da, probatzeagatik egingo dut, erronka iruditzen zaidalako 86 kilometro gelditu gabe egitea.

Mendiko lasterketetatik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Leku berriak ezagutu, lagun berriak egin eta haiekin pasatako esperientziak konpartitzea atsegin dut. Egia esan, nire bizitza kirol honi atxikita ikusten dut, bikotekideari eta bioi izugarri gustatzen zaigu-eta.

Mendiko lasterketetan maila handia dago Euskal Herrian?

Bai, maila nahiko handia dagoela uste dut; ikusi besterik ez dago azken urteetan gure selekzioak lortu dituen emaitzak. Munduko lasterkari onenen artean dauden bi korrikalari aipatzea besterik ez zait geratzen: Oihana Kortazar eta Iker Karrera.

Zerk motibatzen zaitu? 

Bada, entrenamendu bakoitza desberdina da mendian, eta ez dago aspertzeko aukerarik; izan ere, esperientzia eta txoko berriak non-nahi izateaz gainera, emaitza onak izateak ere motibatzen du aurrera jarraitzeko. Hain zuzen ere, norberak egiten du gogorra kirol hau.

-----------------

Marra azkarrez

Korrikalari bat: Kilian Jornet. 

Entrenatzeko toki bat: Artzanburu ingurua. 

Mendi bat: Matterhorn eta bere inguruak. 

Zure herriko txoko kuttunena: Kale Zaharra (poteo-lekua). 

Erronka: Goierriko 2 Handiak. 

Inoiz ahaztuko ez duzun momentua: Mareren jaiotza. 

Liburu bat: Haur Literaturako Amonak alzhei zer?

Musika talde bat: 2Zio. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak