Gure Esku Dago

Gure Esku Dago: "Etorkizunerako mugarri izan da"

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 8a, 19:25
Herritarrak protagonista izan dituen egun eder eta historikotzat jo du gaurkoa Gure Esku Dago dinamikak: "Durango eta Iruñea artean elkarri eskua eman diogun pertsona desberdin guztiek gauza bera sentitu dugu gaur. Gure esku dagoela etorkizuna. Herri hau herritarrok nahi duguna izango dela. Geure esku dagoela hori. Eta balio handia dauka horrek. Lortu dugulako desberdinon artean ere, batzen gaituenari daukan garrantzia ematea".

Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroetan barrena, 150.000 pertsonatik gora batu dira gaur giza katean, antolakuntzatik jakitera eman dutenez, eta "ilusio, poztasun eta harrotasunez, eskuz esku, elkar hartu" dutela gaineratu dute.

Pertsona horiek guztiek badute batzen dituen zerbait, euren esanetan, eta etorkizunean ere lanean jarraitzeko deia egin dute: "150.000 pertsona baino gehiagok badaukagu batzen gaituen zerbait. Ez gutxi, egiaz. Banatzen gaituena baino gehiago da batzen gaituena. Handia da hori, handia! Sarea. Elkarri eskutik eman diogu, elkarrekin egin dugu lan gaurdaino, sarean jarraituko dugu. Asko gara, baina badakigu asko falta direla, eta herri honetan denok gara beharrezko, ez dago inor sobera. Herri honen etorkizuna denon artean erabaki behar dugu".

"Gaur sentitutakoak erakusten digu hemen ez dela ezer bukatzen, aitzitik, hau hasiera baino ez da", esan dute: "Dinamika bizi bat izan dugu herriz herri. Bihartik aurrera are biziago dagoen dinamika izango da. Lehen helburua gaindituta, erabakitzeko eskubidean aurrera egiteko indarrak batu dituena".

Askotariko pertsonak batu ditu giza kateak eta horren erakusgarri izan da Debagoiena bera ere. Gurean ikusi ditugu, besteak beste, EHBilduko Pello Urizar; Andoni Ortuzar, Iñaki Anasagasti eta Iñaki Zarraoa jeltzaleak; eta PSE-EEko Gemma Zabaleta.

"Garai berri bat hasi da gure herrian, eta horri jarraipena ematea, gure esku dago!", adierazi dute dinamikatik.

Giza katea, datutan

  • 123 kilometro.
  • 150.000 pertsona baino gehiago.
  • 2.500 boluntariotik gora lanean.
  • 900 autobus hara eta hona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak