Bailarako bi ikastetxe saritu dituzte ‘Zure bazkaria ez da hondakin bat’ bideo lehiaketan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 12a, 12:25
Arrasate Institutua eta Oñatiko Zuazola Larraña ikastetxea dira sarituak. Eusko Jaurlaritzak antolatu du lehiaketa, gaztetxoek elikagaiak hondakin ez bihurtzeko proposamenak bideoan jasotzeko helburuarekin. Gaur, 18:00etan, egingo da sari banaketa ekitaldia, Bilboko Bizkaia Eraikineko auditorioan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Hondakinak Prebenitzeko Astearen haritik antolatutako lehiaketa da, 12 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendua, eta gaztetxoek elikagaiak hondakin ez bihurtzeko proposamenak bideoan jasotzea helburu duena.

Zure janaria ez da hondakin bat lehiaketa lehenengo aldiz egin da aurten eta asmoa da urtero antolatzea. Aurtengo lehiaketaren helburua izan da hiritarrak, bereziki gazteenak, sentsibilizatzea sortzen dugun janari-hondakinen kopuru handiari buruz. 

Gipuzkoako ikastetxeak garaile

Irabazleak erabaki dituzte jada eta arratsaldean banatuko dituzte sariak: Gipuzkoako ikastetxeetako gazteek jasoko dituzte guztiak; bost, orotara.

Hain zuzen ere, epaimahaiak hiru proiektu saritu ditu: Lanbide Heziketa kategorian, Easo Politeknikoko ikasleak izan dira irabazle; DBH kategorian, Andoaingo Aita Larramendi ikastolakoak; eta Batxilergoan, Arrasate Institutukoak (goiko bideoa da eurek aurkeztutakoa). Hiru sariok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ingurumeneko zuzendariek banatuko dituzte.

Sare sozialetan boto gehien jasotako bideoari emandako sariak, bestalde, Andoaingo Aita Larramendiko eta Oñatiko Zuazola Larraña ikastetxeko ikasleek jasoko dituzte (Zuazola Larrañakoen bideoa ikusteko, egin klik hemen). Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko zuzendariak emango ditu bi sari horiek.

Era berean, Hondakinak Prebenitzeko Astean parte hartuko duten erakundeei diploma emango diete. Sari eta diploma-banaketa Bilboko Bizkaia Eraikineko auditorioan izango da, gaur, 18:00etan.

"Kontzientziazioa zabaltzen"

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Ainhoa Iraolak poza agertu du Zure janaria ez da hondakin bat lehiaketako saritu guztiak Gipuzkoako ikastetxeak direlako: "Argi dago kontzientziazioa zabaltzen ari dela Gipuzkoan; gero eta garbiago dugu ezin dugula xahutu eta baliabideak aprobetxatu behar ditugula, baita jana bera ere. Ikastetxeetan ere lan polita egiten ari dira hondakinen alorrean, sentsibilizazioa eta jardunbide egokiak ikasleen artean zabaltzen. Joera horren erakusle dira sariak".

Iraolak sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du, batez ere, ikasleen kasuan, haiek osatuko dute-eta etorkizuneko jendartea: "Ikasleek ohitura egokiak ikasi eta praktikara eramaten badituzte, aurrerapauso handia emango dugu geroari begira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak