Ikerlanek Laboral Kutxa eskertu du orain dela 50 urte emandako bultzadagatik

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 25a, 16:24

Omenaldi ekitaldian izan diren hainbat ordezkari. (Argazkia Ikerlan)

50 urteko ibilbidea egin du Ikerlanek, teknologia-transferentzian liderra den zentroak, eta sorreran Laboral Kutxak eskaini zion babesa eskertu gura izan dio aitortza ekitaldi txiki bat eginda. Arrasateko egoitza nagusiaren fatxadan plaka bat jarri dute, gaur, apirilak 25, emandako laguntza gogorarazteko.

Plaka horretan Jose Mari Ormaetxearen esaldi bat idatzi dute, garai hartako Laboral Kutxako zuzendari eta zentro teknologikoaren bultzatzaile nagusietako bat: Utopia plan bat da, proiektu bat, agian irreala baina ez ezinezkoa. Denborak eta irmotasunak erakutsi digute utopia errealitate bihurtzen dela.

Omenaldi ekitaldian parte hartu dute Laboral Kutxako presidenteak eta zuzendariak, Adolfo Plazak eta Xabier Egibarrek; Ikerlaneko lehenengo lehendakari Javier Retegik; Garai hartan Laboral Kutxako Enpresen Dibisioko kide zen eta Ikerlaneko eraikinaren eraikuntzaren arduraduna izan zen J. M. Muruamendiarazek; Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak; eta egungo Ikerlaneko presidente Jose Miguel Lazkanotegik.

Etxeberria zuzendari nagusiak zera adierazi du: "Gaur zentro teknologiko hau osatzen dugunon konpromisoa da daukagun onena ematea, duela 50 urteko utopia hori errealitate bizi eta indartsu gisa mantentzeko. Pertsona eta erakunde horien bultzadari eta konfiantzari erantzutea, harro sentiaraztea. Euskaraz esan ohi dugunez, izan zirelako gara".

Gaineratu dute inguruko enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko teknologia garatzea zela sorrerako helburua eta horri eutsi egin diotela. Gaur egun 420 lagunek osatutako taldea du eta egoitzak ditu Arrasaten, Donostian eta Bilbon.

Ekitaldi gehiago

Omenaldi hori Ikerlanen 50. urteurrenaren baitako ekitaldien artean dagoela adierazi dute; horien artean beste hainbat daude hitzaldiak, jardunaldi irekiak eta ekitaldi instituzionalak esaterako, baita maiatzaren 25ean Arrasaten egingo den herri festa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak