Amaia Vazquez: "Gazte izateari agur esan behar diogu, baina dramatismo barik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 27a, 02:00

Publikoki gutxitan lantzen diren gaien gaineko hitzaldia eskainiko du Hernanin bizi den Amaia Vazquez (Bilbo, 1961) psikologoak hilaren 29an: Menopausia eta andropausia. Gure bizitza aukera berriez hornitzeko erronkak. Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da, 18:00etan.

Hasteko, zertaz egingo duzu berba maiatzaren 29ko hitzaldian?

Menopausiaz eta andropausiaz arituko naiz. Bigarren helduaro horretan ematen den krisia ikuspegi baikor batetik aztertuko dut. Krisia aldaketarako eta aukera berrietarako garaia dela ulertuta, aro horrekin lotuta dauden emozioak desmitifikatzen saiatuko naiz. Izan ere, sozialki emozio horiek guztiak ezkorrak dira gehienetan. Gizartean gaztetasunaren inguruan dauden balioak garrantzia handia dute eta badirudi menopausiaren eta andropausiaren aro horretan sartzen garenean zahartzaroari, gaixotasunari eta heriotzari begira jarri behar garela. 

Norendako da hitzaldia bereziki? 

Edonor dago gonbidatuta, baina batez ere 45 urtetik gorako gizon eta emakumeendako. 

Emakumearengan eragin handiagoa duela uste al duzu?

Emakumearengan ematen den balio-galera askoz handiagoa da. Historikoki edertasuna eta sexualki erakargarritasuna galtzearekin lotuta dago menopausia eta oraindik ere askok hala ulertzen dute. Hori guztia modu kritiko baten landu gura dut. Era berean, nabarmendu gura dut menopausia eta andropausia ez direla gaixotasunak, askok uste duten moduan. Beste aro bat da, besterik gabe. 

Bestalde, gizonezkoen artean ematen den krisia oso lotuta dago indar sexuala galtzearekin; gizonezkoen krisiaren ezaugarriak hortik datoz gehienetan. 

Nola gainditzen dira krisi horiek?

Gaztetasuna agurtzeko dolua egin behar dugu. Gaztea izateari agur esan behar zaio baino modu baikorrean, inongo dramatismo barik. Adin horretan, ginekologia eta psikologia aldeko adituen arabera, jakituriaren aroan sartzen gara. Autoestimuan sortzen zaigun zauria emozio baikorren bidez sendatzea lortzen badugu asko dugu eginda. Autoestimuaren gaia oso garrantzitsua da nire ustez; amatasunak, aitatasunak eta bestelako balioen garapenaren ondorioz gozamena modu biziago baten ematen da. Egia da, era berean, aldaketa ekonomikoek, sozialek eta politikoek eraginda gure gurasoak menopausia eta andropausia amona edo aitona bihurtzen zirenean bizitzen zutela. Egun lehenago harrapatzen gaitu, bete-betean ama edo aita garenean eta, aldi berean, amona edota aitona zaindu behar ditugunean. 

Bigarren nerabezaroa moduan ere ezagutzen da aro hori. Zergatik?

Hala da. Aldaketa hormonal handiak ematen dira eta horrek aldaketa fisiologikoak dakartza. Horien gainean ere egingo dut berba hitzaldian. 

Bestalde, aro horretako sexualitatea ere landuko dugu, hau da, aro horretan nola egokitu gure bizitza sexuala.

Sexuari dagokionez ez da arorik emankorrena. Ala? 

 

Garai polita izan daiteke. Nerabezaroan, gaztaroan edo lehen helduaro hartan izaten genituen joera sexualak berreskuratzeko aroa izan daiteke. Azken finean, produktibitatea ugalketarekin amaitzen da eta beraz, beste mundu bat irekitzen zaigu. Bikotean bizi direnendako erronka polita izaten da, nola berreskuratu bikote bizitza eta baita, nola kudeatu aro horretan eman daitezkeen bikoteen arteko banaketak, ematen direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak