30 urteko ibilbideari begiratu, aurrera indartsu jarraitzeko

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 1a, 08:05

Loramendi elkarteak erakusketa zabalduko du maiatzaren 2an udaletxe zaharreko atarian; argazkien bidez, egindakoaren eta izandakoaren berri emango du.

Arrasateko AEDk goldatutako lurrean Beinke elkartearen hazia erein eta Loramendi ikastolaren ongarria botata ernaldu zen Joakin Arana Loramendi elkartea, 1993ko abenduan, Bedoñan jaiotako poetaren izena hartuta. Ordutik, lore eta fruitu asko eman ditu elkarteak, eta, 30 urte geroago, egindako ibilbidearen berri eman gura diete herritarrei. Horretarako, erakusketa zabalduko dute datorren astean. Udaletxe zaharreko atarian jasoko dituzte, besteak beste, ibilbide horren lekuko izan diren dokumentuak, argazkiak eta idatziak; eta elkarteak argitaratutako liburuak ere eskuragai izango dira. Bulegoak duen ordutegia izango du erakusketak ere: goizez, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldez, astelehen eta eguenetan 15:30etik 19:30era eta martitzen eta eguaztenetan 14:00etatik 16:00etara.

Beinke eta Loramendi ikastola

Euskararen egoerarekin kezkatuta 1983an sortu zuten AED elkartea Euskal Herriko hainbatentzat izan zen erreferentzia; aretxabaletar batzuek ere bat egin zuten ekimenarekin. Han egiten zebiltzan lana eredu hartuta, lau urte geroago, 1987 inguruan, Beinke kultur elkartea eratu zuten Aretxabaletan. Jasone Gorroñok, talde haren sustatzaileetako batek, ondo gogoan du: "Asanblada batzuk egin ziren eta jende mordoa elkartu ginen. Han erabaki genuen elkarte bat sortzea euskararen alde lan egiteko, baita zein izen jarri, zuzendaritza batzordea zeintzuek osatu eta zein azpitaldeak sortu ere".

Giro hartan, 1968an sortutako Loramendi ikastolak sare publikoan sartzeko erabakia hartu zuen; 1993ko maiatzean izan zen hori, eta abenduan batzar nagusia egin zuten, ikastolaren ondasunekin zer egin zehazteko. Honela jaso zuen Aretxagazeta herri aldizkariak bilera hark emandakoa: "Alde batetik, Loramendi Ikastolaren bazkideak daude, euskararen aldeko lan handia egindakoak; eta, bestetik, herrian beste kolektibo bat dago euskararen alde diharduena: Beinke. Horrela sortu zen elkarte biak bat egitearen ideia. Elkarte bietan aztertu zen proiektua eta oso ondo iruditu zitzaien ideia berria. Horrela, euskararen alde lanean ibilitako bi belaunaldik bat egingo lukete".

Hala, 1993ko abenduaren 10ean sortu zen Joakin Arana Loramendi kultur elkartea. Bi taldeen bat egitea eta elkarte berri horren sorrera Beinke-Loramendi dantzarekin irudikatu zuten urtebete geroago, 1994ko San Migel jaietan. Musika Jose Ramon Vitoria musikari arrasatearrak konposatu zuen eta dantza Aretxabaletako dantza taldeak prestatu. Kantuaren letraren egileak, ostera, Jon eta Aitor Sarasua eta Jon Iñaki Izarzelaia bertsolariak izan ziren. Estreinaldiak jende asko batu zuen; besteak beste, dantzariak, Aretxabaleta abesbatza, txistulariak eta beste zenbait musikari; eta gaur egun ere plaza lepo betetzen da hori dantzatzeko. Ondoren, Loramendi elkartearen lokala inauguratu zuten, Pagaldaixenean, Durana eta Mitarte kaleen artean.

Berbari hitzarmena

Loramendik abian jarritako ekimenak asko dira, eta guztiek izan dute helburu euskara sustatzea aretxabaletarren artean. Elkarte barruan azpitaldeak sortu zituzten funtzionamendu egokirako: Kultura, Tril emakume taldea, Haurren taldea eta Sentsibilizazio taldea. 1995eko martxoan, hain zuzen ere, azken azpitalde horrek, Udalarekin elkarlanean, Berbari hitzarmena sinatu zuen herriko 25 elkarterekin. Kirol, kultur zein gizarte esparruetan zihardutenen konpromisoa jaso zuten euskararen erabilera areagotzeko barne funtzionamenduan zein kanpora begira antolatutako ekintzetan, eta Udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek –EAJ, EA, HB, PSE-EE– ere oniritzia eman zioten. 1997an, Berbari hitzarmenaren bigarren fasea etorri zen, eta merkatariekin ekin zioten lanketari; itzulpengintza, material sorkuntza eta aholkularitza eskainita euskaraz funtzionatzea izan zen helburua.

Tril taldeak, berriz, hitzaldi eta lan-saio asko antolatu zituen eta sanmigeletako taloen ardura hartu zuen.

Haurren taldeak, ostera, 1994ko abenduan ludoteka jarri zuen abian, aisialdian ere euskaraz jarduteko umeek. Hiru hilabeterako proba egitea erabaki zuten eta Otalora kalean zabaldu zuten, Jasone Garziaetxabe hezitzailearen aginduetara.

Ume eta gaztetxoei begira, Beinkek 1988an sortu zuen literatura lehiaketari Loramendik jarraipena eman zion, eta aurten, 28.ez egingo dute.

Hainbat liburu

Hasiera hartan dena zegoen martxan jartzeko, eta ideiak bor-bor; hala, hainbat liburu iritsi ziren. 1995eko irailean, Joakin Arana Loramendi poetaren olerkien bilduma berrargitaratu zuten; izan ere, horren oinarria izan zen Aita Yurre fraide kaputxinoak hainbat aldizkaritan, bereziki, Zeruko argia-n, argitaratuta zeuden Loramendi-ren lanak bilduta 1960an kaleratutako liburua. Hala, Olerkiak izeneko poema bilduma berria osatu zuten, idazlearen bizitzako pasarteak jasota.

Urte hartan bertan, Aretxabaletako idazkera liburutxoa ere argitaratu zuten. Jon Sarasuak, Ane Loidik eta Jon Antxiak osatu zuten eta Aretxabaletako euskara erabilita idazteko irizpideak jaso zituzten han, besteak beste.

Ez dira izan liburu bakarrak. Geroago sortu zen Toponimia taldeak hainbat ibilaldi historiko antolatu zituen Aretxabaleta inguruetako parajeak eta toponimia ezagutzera emateko, eta ibilbide haiek guztiak liburuan jaso zituzten 2022an: Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio. Julen Abasolok eta Gorka Madinabeitiak egindako lan mardula izan zen.

Tokiko komunikabideak

Tokiko prentsa ere hasi zen sortzen 80ko hamarkada bukaeran, eta Arrasate Press izan zen aitzindaria. Aretxagazeta herri aldizkariak 1989an ekin zion ibilbideari, Andarto kolektiboa izeneko taldetxo baten eskutik. Hiru hilabetean behin argitaratzen zen formatu handiko aldizkari hark 1991ko otsailean esan zuen agur, eta, urtebete geroago, Aretxagazeta kultur elkartea sortu eta izen bera zuen hamabostekaria argitaratzeari ekin zioten. 1997an, herriko telebista sortzeko proiektua mahai gaineratu zuen Loramendik, "Aretxabaletan egina eta bertako gaiak landuko zituena" helburu, eta Aretxagazetak bat egin zuen ekimenarekin. Hala, erabaki zuten bi elkarteek bat egitea eta Aretxabaletako Komunikabideak-Loramendi elkartea eratzea. 2000. urtean, ostera, bailarako euskara elkarte guztien ekimenari esker, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea sortu zen, eskualde osorako astekari bat eta telebista bat izateko asmoarekin. Hala iritsi ziren Goienkaria –gaur egun GOIENA aldizkaria–, urte hartako abenduaren 1ean, eta Goiena telebista.

Ondo errotutako zerbitzuak

Elkarte barruan sortutako talde haiek moldatzen joan dira urteekin; hala, kultura, aisia eta euskara arloetan kokatu dituzte proiektuak azken urteotan, eta horien baitan ondo errotutako zerbitzuak daude. Umeen aisiari begirakoak dira ludoteka eta Loratu; azken hori, bereziki udalekuei bideratuta. Euskararen erabilera eta hurbiltzea helburu dutenen artean nabarmentzekoak dira bi: herrira iritsi berri diren umeendako hizkuntza errefortzu eskolak, batetik, eta aniztasunaren bueltakoak, bestetik: Barriketan eta Auzoko taldeak. Eta jarduera orokorren barruan, Toponimia eta Kultura taldeak daude.

2023ko ekainean berritu zuten Loramendiko zuzendaritza batzordeak, Lierni Zangitu presidentea buru dela, atzera begiratu gura du, aurrera egiteko indarrak eskuratzeko. "Abenduan lan saio bat egin genuen, norabidea argitze aldera, eta erronken artean zehaztu genituen euskararen erabilera sustatzen jarraitzea, elkartea herrira zabaltzea eta herritarrengana gerturatzea eta oraingo zerbitzuei osasuntsu eustea".

Zein oroitzapen duzu?

Jon Ander Loidi –dinamizatzaile ohia (1994-1998)–

"Pagaldaixenien hasi ginen, eta gero, udaletxe zaharrera aldatu. Talde mordotxoa zegoen eta lan asko egin zen: Loramendi-ren poesia liburua argitaratu, ludoteka zabaldu, merkatariekin hitzarmena… Herri ekimenak ezinbestekoak dira euskarak espazioak irabazten eta mantentzen jarrai dezan".

Leire Okarantza –dinamizatzaile ohia (1999-2001)–

"Bereziki, pertsona askoren mugimendu-gunea zela dut gogoan, eta merkatariekin lan asko egin genuela. Herri mugimenduaren eragile nagusienetako bat izan da eta euskararen komunitatea osatzen dugunok indartu egin gaitu. Aurrera begira ere ezinbesteko elkartea da".

Iker Urkia –presidente ohia (2004-2014)

"Loramendi modernoagoa irudikatu nahi izan genuen logoa aldatuta eta Itxi atia zabalik eta Bueltan dator leloekin. Auzoko proiektuari hasiera eman genion eta toponimiako liburuxkak argitaratu genituen. Oraindik ere lanean jarraitu behar da, arreta kendu gabe".

Bedoñako poeta gaztea

Joakin Arana Ezpeleta Loramendi Bedoñako – Aretxabaletako auzoa orduan– Mendibitzu baserrian jaio zen, 1907ko urtarrilaren 27an; zortzi anaia-arrebaren artean hirugarrena izan zen. 1920an Altsasuko kaputxino fraideengana joan zen Filosofia ikasketak egitera, eta gaztelaniaz ezer ez jakitetik euskara ia galtzeraino pasatu zen, baina hori akuilu izan zen ama hizkuntzari heltzeko berriro. 1925eko abuztuan fraide kaputxino izendatu zuten Zangozan. Haren lanik aipagarrienak, 60 inguru, Lizarran zegoela idatzi zituen; 1930eko udazkenean argitaratu zituen, hain zuzen ere, Zeruko argia-n. Hainbat sari jaso zituen; 1932an Hernaniko Olerti Egunean lehen saria, esaterako.1933ko martxoaren 23an hil zen, peritonitisak jota, Donostian, abade izateko 23 egunen faltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak