Korrikaldiak, musika eta afaria, lekukoari begira

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 21a, 19:16
Ludotekako umeak Korrikarako pankarta prestatzen.

Umeen Korrika Txikiak emango dio hasiera egubakoitzari, eta arratsaldean Loramendi Korrika egingo dute, elkartearen 30. urteurrena gogoan; gauean, ostera, ia 350 lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan afaldu eta kantuan egiteko.

Bihar, martxoak 23, goizaldean iritsiko da 23. Korrikaren lekukoa Aretxabaletara, Eskoriatzatik bueltan. Ordura arteko itxaronaldia girotzeko egun betea antolatu du herriko Korrika batzordeak, eta aretxabaletarrak horietan parte hartzera gonbidatu ditu.

Korrikaldiak

Korrika Txikiarekin ekingo diete eguneko ekitaldiei. 10:30ean abiatuko da, Pausoka haur eskolaren aurrealdetik, azken urteetan legez, eta parte hartuko dute bertako umeek, Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunekoek eta Kurtzebarri Eskolako Haur Hezkuntzakoek. Handik Herriko Plazaraino joango dira, eta bukaeran mezua irakurriko dute.

Ez da izango eguneko korrikaldi bakarra. Izan ere, arratsaldean, 17:00etan, Loramendi Korrika egingo dute, elkartearen 30. urteurrena gogoan. Udaletxe zaharretik abiatuko dira eta proiektuetako kideek –ludoteka, hizkuntza errefortzuak, Auzoko, Loratu, Barriketan, zuzendaritza, bazkideak eta bertso eskola– eroango dute lekukoa eskuz esku; udaletxe zaharrean bukatuko dute ibilbidea; han, Lekaixokako kideek gertatutako bertsoak abestuko dituzte.

Musika eta afaria

Arratsaldeko ekitaldiek ez dute etenik izango. Aretxarte merkatarien elkarteari esker, neska-mutikoek eskulanak egiteko aukera izango dute 18:00etatik 20:00etara bitartean Durana kalean –euria eginez gero, plazan–; txapak eta ponpoiak egingo dituzte eta makillaje saioa ere izango dela iragarri dute. Bien bitartean, gaztelekuko kideek herria apainduko dute.

Ondoren, 19:00 bueltan, musikari egingo diote lekua Mitarte kalean. Josuk eta Okinak –Oihu taldeko kideak– emanaldia egingo dute, baita Zirrara taldeak ere, eta, bukatzeko, Eider Sanchez Xander bakarlariaren hyperpop doinuen txanda izango da.

23. Korrikari itxaroteko kantu afaria antolatu dute. 300 bat lagunek eman dute izena, eta euririk ez bada, behintzat, plazan elkartuko dira haiek; bestela, Iturrigorri pilotalekuan. Norberak eroandako jatekoarekin tripa bete, eta Aretxabaletako Upeide taldeak girotuko du mahaiaren bueltako egonaldia. Ostean, Korrik(h)arroa egingo dute.

Lekuko eramaileak

23. Korrika 03:14 inguruan sartuko da Aretxabaletan; Araba ibilbidetik, hain zuzen ere. Bi kilometro egingo ditu herrian eta hamazazpi elkartek hartuko dute lekukoa; hona hemen horiek errenkadan: Mondragon Assembly, Aretxabaletako Lanbide Eskola, Copreci, UDA, Mugimendu Feminista, Pausoka haur eskola, Arizmendi Ikastola, Loramendi elkartea, elkarte gastronomikoak, Kurtzebarri eskola, Kurtzebarri BHI, Udala, Gazte Mugimendua, Kuartela, Aretxarte, Arteman eta Huhezi. Antolatzaileek eskatu dute segurtasuneko peto horia janzteko lekukoa hartuko den puntuetara joan-etorria egiteko, eta lekuan zain egoteko, baita linternak erabiltzeko eta beharrezko neurriak hartzeko ere.

Lekukoak Arrasateko bidea hartuko du gero, 03:27 bueltan, baina aretxabaletarrek, indarrak berreskuratzeko, txokolate beroa izango dute: gaztetxoek Gaztelekuan, eta gainerako herritarrek, Muru Alde elkartearen aurrealdean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak