Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/26 15:31:17.707 GMT+1

Tximino burugabea



Tximino bat bizirik lurperatuta, sakrifizio errituala egiten du gizaki talde batek orgia sadiko batean, basoaren erdian. Georges Bataille filosofoaren kontakizuna da Giboiaren Sakrifizioa. Baina, badira arrazoiak pentsatzeko fikzioa errealitate bihurtu zuela Bataillek 1936 urtearen inguruan. Antza denez, gizaki bat sakrifikatzeko zorian egon zen pentsalaria.


Giboiaren Sakrifizioa


Uste al duzu Bataillek Giboiaren Sakrifizioa testuan kontatzen duena benetan gertatu zela? galdetu diot Michel Onfray filosofo frantziarrari. C'est assez probable, erantzun dit. Markos Zapiainek esan didanez, Onfrayk joan zen neguan kontatu zien bere ikasleei Bataillek eta bere taldeak biktima bat aurkitu zutela, bere burua sakrifikatzeko gertu zegoen emakume idazle bat. Baso batean hiltzea erabaki zuten, baina azkenik ez zutela egin; eta emakume idazlearen ordez, tximino bat sakrifikatu omen zutela.

Bataille erotuta zegoen, ala deabrua tentatzen ari zen?, galdetzen dio bere buruari Michel Surya idazleak, Batailleren biografian. Batailleren Acéphale aldizkaria eta elkarte sekretua ezagutu behar dira epaitzeko.

Sakratuaren bila


1936ko apirilaren 29a. Idealismoaren aurkako bere gerran beste urrats bat eman zuen Bataillek. La conjuration sacreé testua amaitu zuen, Acéphale aldizkari berriaren lehen testu handia. Nietzsche faxisten eskuetatik erreskatatzea du helburu. Utopistek engainatzen gaituzte, ez dago gizakiak aldatzerik, ez komunismoaren bidez, ezta surrealismoaren bidez ere. Munduak ez du konponbiderik eta aitzakiarik gabe baietz esan behar diogu, Nietzscheren zentzuan, baita alderdirik ilunenetan ere; batez ere alderik ilunenetan.

  • Bada garaia zibilizatuen eta haien argiaren mundua abandonatzeko. Beranduegi da arrazoidun eta ilustratuak garen plantak egiteko –horrek gatza eta piperrik gabeko bizitza dakarrelako. Sekretuan ala ez, bestelakoak bihurtu behar gara, edo izateari utzi.

Hona Bataillek dioena (norbaitek gaur idatziko balu, "postmodernoa" dela esango genuke). Munduaren eta gizakiaren alde ilunenak, lohienak, esploratu nahi ditu Bataillek, trasgresioaren bidez. Bururik gabeko munstro gisa irudikatzen du gizakia.
  • Naizenaren harago, barregura sortzen didan izaki bat topatzen dut, xalotasunez eta krimenez eginikoa delako: burdinazko arma bat du bere ezkerreko eskuan eta bihotz sakratuaren itxurako su-garrak eskuinean. Erupzio berean biltzen ditu jaiotza eta heriotza. Ez da gizona. Ezta jainko bat ere. Ez da ni, baina ni baino gehiago da: haren sabela dedalo bat da eta han galdu da bera ere. Eta han galtzen naiz ni, nire burua bera bihurtuta aurkitzeko, hau da, munstro.
Acéphale 2

Batailleren azefaloak kaskezur bat dauka sexu organuen lekuan. Erotismoa eta heriotzaren arteko lotura zen filosofoaren obsesioetako bat. Nola ez ohartu bihotz sakratuaz. Lehen ere gai kuttunenetako bat da Kixmi blogean (ikusi Pornografia Sakratua eta baita hau ere).

Acéphale aldizkarian parte izan ziren Pierre Klossowski, Roger Callois, Jules Monnerot eta Jean Wahl, besteak beste. André Masson margolariak marraztu zuen bururik gabeko munstroa. Eta haiekin batera, emakume bakarra, antza: Colette Peignot idazle eta pertsonaia interesgarria (eta ustezko biktima boluntarioa).

Elkarte sekretua, elkarte sakratua


Suryak ongi nabarmentzen du: Acéphale aldizkaria osorik ezagutzen dugu, baina Acéphale elkartearen inguruko sekretua ez dugu, antza, inoiz urratuko. Izan ere, elkarte sekretua zen eta oso ondo gorde zuten sekretua Bataillek eta lagunak. Elkartearen errituen inguruan dakigun apurra, Bataillek berak Jacques Lacan eta beste adiskidei kontaturikoa da.

Badakigu, esaterako, kideek uko egin behar ziotela bostekoa emateari antisemitei. Esanguratsua da hori, garaiko Frantzian eskuina osoa juduen aurkakoa zelako eta ezker gehiena ere, gorrotoaren militantea ez bazen ere.

acéphale3

Bigarren erritu ezaguna: Louis XVI. Frantziakoa erregearen gillotinatzea ospatzen zuten Parisen, urtarrilaren 21etan. Izan ere, Alemanian eta Italian estatuburu faxista jainko gisa gurtzen zuten bitartean, ordurako burubakarreko gizarterik ez zela posible adierazi nahi zuten azefaloaren bidez.

  • Buruaren printzipioa mundua batasunera murriztea da, mundua Jainkora murriztea. [...] Burua, agintari konzienteak edo Jainkoak, bere burua helburutzat hartzen duen morroia da eta, ondorioz, ezin biziago gorroto behar da.
Naziek teosofiaren gainean eraikitako neopaganismo idealistaren aurrean, Dioniso jainkoa eta "formagabekoa, deabrutiarra, sexuala, extasigarria, khthonikoa, Amaren gurtza" kontrajartzen ditu Bataillek, eta nabarmendu egiten du faxismoak zeinen biziki gorroto dituen lurrazpiko jainkoekin zerikusirik duen oro.

Faxismoak heriotza ukatzen du; zentzu bat ematen diolako (aberriarengatik, buruzagiarengatik, idealarengatik hiltzea). Bataillek, ordea, heriotza bere zentzugabetasunean onartu nahi du, giza-komunitate bat sortu nahi du, erlijio bat, zentzurik gabeko sakrifizio baten gainean.

  • Buruzagia hiltzea betebehar tragikoa da. Giza aferen itxura aldatuko duen egia hasten da hemen: elkarbizitzari balio obsesiboa ematen dion osagai emozionala heriotza da.
Bataille ezker-eskuko bidea-ren jarraitzaile gisa ikus daiteke, azken finean. Indiako Tantra tradizio esoterikotik dator kontzeptua: iluminazioa lortzea alkoholarekin mozkortuz, sexuaren bidez eta sakrifizioaren eskutik, horra ezker-eskuko bidea. Hori zen Aleister Crowley "satanista" ingelesak garai beretsuan jarraituriko bidea, Helena Blavatsky teosofo protonaziak bidea inmoraltzat gaitzesten zuen bitartean.
 acéphale3

Biktima badugu, borrerorik ez


Roger Calloisek baino ez zuen apur bat argitu sakrifizio egitasmoarekin gertatutakoa: Biktima boluntario bat topatu zuten. Bataillek borrero izateko eskatu zion Calloiseri berari, baina honek ezetz esan omen zion.

Iradoki dute Colette Peignot zela boluntarioa. Suryak dio ezerk ez duela justifikatzen hori esatea eta Bataillek gehiegi maite zuela bere maîtress-a horrela hiltzeko. Nire ustez, ordea, litekeena da Peignot izatea biktima. Hasteko, potlatch sakrifizio zeremoniaren logikaren barruan sartzen da gehien maite dena sakrifikatzea (horrek ematen dio balioa sakrifizioari, hain zuzen ere). Horrez gain, Peignot hilzorian zen ordurako, (1938ko azaroan hil zuen tuberkulosiak) eta ez nintzateke harrituko nahi izan balu, ohean hil beharrean, sakratutasun ateoaren tenplua bihurturiko basoan amaitzea.

IMG_4905 copy
Colette Peignot, Saint-Nom-la-Bretêcheko basoan.


Beraz, zer egin zuten azefalistek Paristik gertuko Saint-Nom-la-Bretêche herriko baso hartan? Kixmino bat hil zuten, pertsona baten ordez, Bataillek hamar bat urte lehenago irudikatu bezala?


Saint-Nom-la-Bretêcheko basoa.

Hogei urte geroago, erlijio ateo bat sortzeko egitasmoa "akats ikaragarria" izan zela esan zuen Bataillek. Bazuen, nire ustez, damua agertzeko aski arrazoi. Izan ere, Bataille zen taldearen burua eta askoz koherenteago izango zen bera izan balitz sakrifizioaren biktima. Agian, jentilen buruak Kixmiren kondairan bezala esan beharko zien bere kideei: "bota nazazue amildegi horretatik behera".

N'est-ce pas, Colette?


Nork: elilaztan.2008/10/26 15:31:17.707 GMT+1
Etiketak: bataille kixmi peignot | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/02 06:05:43.243 GMT+2

Jesubioa


(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)
Jesubioa terminoa asmatu zuen Georges Bataille filosofoak, Jesus, je suis, sujet eta Vesubio hitzak batean sintetizatzeko. Tximino baten ipurditik ateratzen den erupzio eskatologiko gisa irudikatu zuen Jesubioa. Batailleren ideia zertan den azaltzeko goiko bideoa egin dizuet, sarrera gisa.

"Guztiz begibistakoa da Jésuve izenean Jesus aipatzen duela Bataillek, ez dago beste froga bilatu beharrik"
. Hala idatzi dit Camille Dumoulié irakasleak. Literatura konparatua irakasten du Dumouliék Paris X-Nanterre unibertsitatean eta, horrez gain, Littérature et Idée ikerketa zentroa zuzentzen du.

Batez ere, Nietzscheren ideiek Antonin Artaud idazlearengan izaniko eragina aztertu du Dumouliék bere lanetan eta Bataillek horiei segida eman ziela dio. Dumouliéren Sur quelques sujets dionysiaques, d’Archiloque à Artaud lana irakurri dut eta, berehala idatzi diot irakasleari, Kixmi blogean interesatzen zaizkidan gaietan sakontzeko.


Georges Bataille
Lehen ere idatzi dut Batailleren inguruan. Gogoratu Bataille estasian sartzen zela zoologikoan tximinoen ipurdiak ikusten zituenean. Gogoratu istorio sadomaso-mistiko bat idatzi zuela tximino baten sakrifizioaren inguruan (azpiko gailuan sakatu eta entzun dezakezu).



Tximino hori Jesu kristorekin lotzea baino ez zitzaidan falta. Hor daukat, azkenean, Jesubioa.

Eguzki uzkia


"Batailleren lan osoan islatzen da horrore dionisiakoaren sakontze alai hau. Baina bi gaiek bereziki ongi ilustratzen dute: Eguzki uzkia (l'anus solaire) eta Begi pineala (L'oeil pineal)", dio Dumouliék. "Eguzkiarekin bat egiteko desio obszenoak begi pineala sortarazten du gizakien kaskezurrean eta desio honi erantzuten dio izarraren izaera fekalak. Ikuspegi kosmologiko, bolkaniko eta fekal honen bihotzean jartzen du Bataillek berak Jesubioa deiturikoa. Termino hau "Sujet" eta "Vésuve" hitzen kontrakzioa da eta gizakiaren indar-muina adierazten du, hau da, energia bolkanikoa, anala eta fekala".

Hizkuntza gutxitan adierazten da Eguzkia eta ipurtzuloaren arteko analogia hori euskaraz bezain ongi.


Eguzki uzkia, Coil musika taldearen arabera, 1984ko Scatology diskotik

Nietzschek bi kontzeptu asmatu zituen Tragediaren jaiotza lanean: apolineoa eta dionisiakoa. Apolineoa da forma, subjektua, gizbanakoa, ni-a, pertsona. Dionisiakoa, berriz, aurreko guztien sorburua da, existentziaren magma, "bataren abismoa", jaio aurretik genuen aurpegia. Bien arteko jokoak eratzen du unibertsoaren tragedia.

Sumendiaren irudia ona da ideia ilustratzeko. Lurraren barruan magma dago, harri urtu formagabea. Sumenditik gora egiten duenean, berriz, gogortu eta forma hartzen du, apolineoa bihurtzen da. Horrela guk ere, subjektu forma hartzen dugu, umetokiaren magmatik ateratzen garenean jaiotzaren erupzioan.



Enpedokles filosofoaren istorioan drama honen ilustrazio egokia ikusi zuen Nietzschek. Kosmosaren sorrera azaltzeko lau elementuen teoria sortu zuen greziarrak: lurra, airea, sua eta ura. Elementuok elkartzeko bi indar proposatu zituen: amodioa eta gorrotoa edo gatazka. Greziako filosofian separazioa sartzeko bekatua egin zuen, nolabait esateko, Enpedoklesek eta larrutik ordaindu zuen. Kondairaren arabera, izurria zabaldu zen haren hirian, Agrigenton. Hiria salbatzeko, bere burua sakrifikatu zuen Enpedoklesek, Etna sumendiaren kraterrera botata.

Sakrifizio erlijiosoaren logika dago hor. Naturatik (Jainkotik) aldentzearen bekatua, separazioaren bekatua, sakrifizioaren bidez garbitzen da. Hori da Jesu kristoren heriotzaren atzean dagoen logika.

"Hitz batean, Enpedoklesen heriotzak ordain-akerraren ezaugarri guztiak ditu", dio Dumouliék. "Errealitatean, Enpedokles hil egin zuten denen artean, horda primitiboan aita hiltzen zuten bezala, Freuden arabera, edo ordain-akerra, René Girarden aburuz. Beraz, subjektuaren ustezko eroaldia taldeak subjektuaren gainean proiektaturiko zoroaldia litzateke, hau doble sakratu eta munstroa bihurtuta. Asko dira, historian, lilura horretan erori diren subjektuak".

Enpedoklesen istorioa eta euskal Jentilen akaberaren mitoa ere elementu berdinak dituzte. Hodei bat datorkiela ikusten dute jentilek (izurria, Hartsuagaren aburuz) eta leinuaren aita sakrifikatzen dute: "Kixmi etorri da, gure aroa amaitu da, bota nazazue amildegi horretatik".

Ordain-tximinoa


Kixmi bat daukagu Bataillek bere irudimenean sakrifikatzen duen tximinoan? "Jesus sakrifikaturiko Jainko bat denez, bistan da lotura egin dezakegula", idatzi dit Dumouliék.

Tximino-Jesusen uzkia sumendi gisa, kaka dariola heriotzaren azken ikarekin...

Zentzurik al du irudi sintesi bitxi horrek?

"Jesubioa, Nietzscheren Dioniso bezala, antikristo alai eta umoretsu mota bat da", dio irakasleak. Haren arabera, kristautasunak eskaintzen duen sakrifizioaren ereduari jarritako "erresistentzia indar barrezalea da". Izan ere, nola ekidin dezake Enpedokles moderno batek bere burua hiltzea edo gizartearen ordain-akerra bihurtzea?

Nietzschek hasitako eta Bataillek zein Artaudek jarraituriko bide umoretsua jarraituta, hain zuzen ere. "Salbazioaz edo sakrifizioaren problematikaz harago, abjekzio alaiaren bidea da, subjektuaren oinarri umoretsua, hau da, fekala, sakontzen duena".

Batailleren arabera, tximinoan ipurditik ateratzen dena, gizakian ahotik bideratzen da. Kaka erupzio horren giza baliokidea barrea da.

"Nietzscherentzat munduak ez du helbururik, eta, orduan, zer aukera daukagu? Mundua den horretaz barre egitea", esan zuen Bataillek.

Barre hori ez da edonolako barrea, ordea. Nietzschek "Zaratustraren barrea" deitu zion horri. Kafkak tximinoen algaraz idatzi zuen, "eraikinik zutik uzten ez duen barrea".

Barrearen azken aukeretaraino heltzea da, Batailleren arabera, tragikoki barre egitea: "gurutze baten aurrean barre egingo genukeen bezala"

Nork: elilaztan.2008/10/02 06:05:43.243 GMT+2
Etiketak: bataille bihotz-sakratua kixmi jesukristo goatse hanuman jesu janson kristo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/01 11:59:03.752 GMT+2

Grafixmi mixteriotsua

txmino somera

Tximino baten burua irudikatzen duen graffitia ikusi nuen igandean Bilboko Zazpikaleetan. Norbaitek al daki irudi horren atzetik egon daitekeen istorioa edo nor den egilea?

tximino somera 2

Nork: elilaztan.2008/10/01 11:59:03.752 GMT+2
Etiketak: kixmi artea jesukristo kristo jesu | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/06/20 07:22:12.296 GMT+2

Um was geht es...

Alemaniako gaztetxo hipergaitu talde batek (hipergaitua = talentu apartekoa, 'superdotatua') Kixmi blogaren aurkezpen mezua alemanera itzuli du. Bigarren aldiz, irakurle batek bere hizkuntzara itzuli dit testu hori. Dagoeneko, ingelesez, brasileiroz eta alemanez daukat jarrita, eskuineko zutabean, Google turisten kontsolamendurako.

Bihotzmakina bideoaren harira heldu dira gazte alemaniarrak Kixmi blogera. Ez zuten asko ulertuko; baina, zorionez, aurkezpen mezu bat ingelesez idatzita dut, Austriako Monochrom taldeak eskatuta.

Hipergaituek gauza bitxia egin dute: ez dute soilik testua itzuli eta irudiak jarri, Kixmi blogaren HTML guztia erabili dute. Ondorioz, Kixmi blogaren klon bat sortu dute hemendik kanpo, orri bakarrekoa. Norbaitek al daki horri nola esaten zaion geek hizkeran? (Bloga klonatzea, agian?)

Klonak klon, Danke Schön!

Eskerrik asko Gottlob Preiswert eta besteei itzulpena egiteagatik.


Nork: elilaztan.2008/06/20 07:22:12.296 GMT+2
Etiketak: hanuman kixmi jesukristo kristo superman | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/18 15:30:15.820 GMT+2

Kixmino lisergikoa


Picture 6

Big Bang bideo psikodelikoa aurkeztu nuen aurreko mezuan eta LSDa aipatu nuen. Izan ere, haluzinogenoek giza eboluzioan izan duten eginkizuna gai interesgarria iruditzen zait, zientziak orain arte ikertu gabekoa. Eraberean, haluzinogenoek jatorriko kristautasunean izaniko eraginaren inguruko hausnarketak
tabu izaten jarraitzen du, baina gutxiago.

  • Giza eboluzioaren inguruan pentsatzea, giza kontzientziaren inguruan pentsatzea da.

Honela dio Terence McKenna pop-filosofoak (1946-2000) Jainkoen bazka liburuan. Giza kontzientzia nola sortu zen hausnartzeko helburua jartzen dio bere buruari liburu horretan eta tximino kolokatuaren teoria (stoned ape theory) botatzera ausartzen da. Eragin handia izan du, bai zientzia fikzio literaturan, zein mugimendu neotxamanikoetan edo rave musikan.

Burmuinaren, edo, hobeto esanda, Neokortexaren eboluzio ikusgarriak harritzen du McKenna: Homo habilis-arekin burmuinaren handitze bapateko eta misteriotsua hasi zen... Lehenengo hominidoen burmuinek 530 gramo baldin bazuten milioi urteko tartean (huskeria, eboluziotaz ari garelarik) 1.100 gramotara heldu zen Homo erectus-aren garuna. Hiru milioi urteren buruan burmuinaren tamaina hirukoiztu egin zen. Garapen ikusgarria, alajaina; burmuinaren big-bang-a!

Picture 1

Hazkuntza honen emaitzarik bereziena lengoaia izan zen, McKennaren arabera, eta honekin batera kontzientzia. Orain artekoa, zientziaren ortodoxiaren barruan sartzen da. Aurrerakoa ez. Zerk eragin zuen bada burmuinaren eboluzio izugarria Terence McKennaren aburuz? Ezetz asmatu!

  • ...Hona nere teoria: Hainbat landareren alkaloideek, bereziki eragin haluzinagarria duten psilozibinak, harmalinak eta DMTak, giza kontzientziaren sortzea eragin zuten...Hominidoen dietan txertaturik zeuden hainbat gai psikoaktiboek zuzenean eragin zuten burmuinaren informazioa prozesatzeko ahalmenaren antolaketa azkarra.


Psilozibina hainbat perretxikotan agertzen zaigu, baita euskal Herrian aski arruntak diren sorgin zorrotzetan (psilocybe semilanceata, gazteleraz: mongis) Eboluziorako egiten duen mesedeak honakoak lirateke McKennaren aburuz:
  1. Ikusmena zorrozten du psilozibina dosi txikiak. Beraz, jana biltzeko eta ehizarako trebeago bihurtzen zaitu.

  2. Dosia pixka bat handituz gero afrodisiako lana egiten du. Beraz, ugalketa bultzatzen du.

  3. Dosi handitan estasi txamanikoa eragiten du eta honek norberekoikeriaren mugak hausten ditu, taldearteko loturak sendotuz eta sexu harremanak taldeka egitera bultzatuz. Beraz, komunitate zentzua bizkortzen du, ugalketa, berriro ere, bultzatzen du eta nahasketa genetikoa laguntzen du.

Guzti honek lengoaiaren sortzea eta garatzea eragin zuen. Gizakien arteko harremanak estutzerakoan komunikazio beharrak handitu ziren. Hiztegia aberastu zen eta honek oroimena indartu. Gizakiek taldeak eta leinuak osatu zituzten, kulturak sortu ziren...

Ebak Adani paradisuan eskainitakoa ez zen, nonbait, sagarra. Afrikako iparraldeko landaredian oparoak ziren alkaloide aluzinagarriek hominidoen neokortexaren leherketa eragin zuten, McKennak arrazoia balu.
 
Picture 2

Zoritxarrez, intuizio polita mozorro sasi-zientifikoarekin itsusitzen du McKennak bere lanean. Dena den psikonauta konbentzituentzat eta nerabe kuriosoentzat utziko dut teoriaren inguruko eztabaida, baina ez Kixmi blogean aurretik jorraturiko beste istorio batekin lotu gabe.

Kontuz gazteok! haluzinogenoek psikosiak eragin ditzakete, bereziki eskizofrenia; hona gai kimikoon etsaien ohiko argudioa. Halakorik oraindik frogatu ez bada ere, aluzinagarrien defendatzaileek ere onartzen dute gaiok psikosien katalizatzaile lana egin dezaketela, hau da, ezkutuan dagoen eskizofrenia atera dezaketela, dagoeneko horretarako joera dutenengan. Eskizofrenia eta haluzinagarriak lotuta badaude, ba al dago lengoaia eta eskizofrenia lotzerik?

Tximino eskizofrenikoa mezuan eman nuen Tim Crow genetistaren ikerketen berri. Lengoaia eta eskizofrenia, biak eraldaketa genetiko beratik datozkio gizakiari, haren arabera. Eraldaketa hori hominidoetan nola gertatu zen ikertzen ari da Crow, gaitza sendatzeko eta, bide batez, lengoiaren jatorria azaltzeko. Dena kolpe batez, ez da asmo makala.

Perretxiko eta onddo haluzinagarriak dira eraldaketa genetikoaren gakoa hor?

Picture 5

Tximinoa gurutzean

Aurreistoriako oihanetatik, duela bi mila urteko Jordaniara. Ezaguna denez, Itsaso Hilaren inguruko kobazulo batean Nazareteko Jesusen garaiko hainbat idazki aurkitu zituzten hango artzai batzuk: Itsaso Hilaren Roiloak deiturikoak.

Idazki luzeok aztertzeko zientzilari talde bat antolatu zen. Zientzilari/hizkuntzalari haietako bat John Allegro zen (1923-1988). Ia bi hamarkada idazkiak aztertzen eman ondoren, 1968an hain zuzen, The end of the road izeneko liburuan, bere lanaren ondorioak aurkeztu zituen: Kristautasuna fede zaharrago baten (esenioen fedearen) imitazio engainagarria besterik ez da.

Baina benetako marka bi urte geroago egingo zuen, The sacred mushroom and the cross liburuarekin. Hartan zioenez, roiloek argi erakusten dute jatorrizko kristautasuna perretxiko haluzinagarrien inguruan antolatutako erlijio orjiastikoa zela. Halako kultuen ezaugarri tipikoak agertzeaz gain, hainbat xehetasun bitxi ematen dizkigu Allegrok: ostiari Jainkoaren gorputza esaten diote kristauek, Mexikoko indijenek perretxiko sakratuei Teonanacatl, jainkoen haragia, esaten dieten bezala. Jesu kristo perretxiko haluzinagarri bat zela esan zuen Allegrok.

Are gehiago, gurutzearen jatorrizko sinboloa ez zen gaur egungo + , baizik eta Τ( tau ) hizki grekoa, eta bistakoa da azken honek perretxikoa irudikatzen duela, Allegroren aburuz. Bibliako paradisuko zientziaren zuhaitza perretxiko bat zela, alegia. Esenioek Asiako estepetako txamanismotik jasotako ideia, antza.

Jakina, kristorenak eta bi leporatu zioten Allegrori. Liburua suizidio akademikoa izan zen, baina pop kulturaren panteoian leku bat eman zion ikertzaileari.

Eta halere, Allegro ez zen lehena izan gurutzea Tau hizkiarekin lotzen.
  • Gurutzeak oso zaharrak dira eta Egiptotik datoz, antza. Tau zeinu sakratuari, gurutze formako gurtutako zutabeari, Thot esaten zioten egiptoarrek.
Hala idatzi zuen Jacques-Antoine Dulaurek 1805. urtean argitaraturiko Des divinités génératrices, ou du culte du phallus chez les anciens et les modernes liburuan. Hor dago Egiptoko Thot jainko-tximino haren aipamena, gurutzearen sorburu gisa.

Polemika nahietatik urrun eginiko azken liburu honek, pop kulturarekin zerikusirik ez duenak, mezu honetan jorraturiko ideia guztiak sintetizatzen laguntzen du: txamanen kuleto faltsua perretxiko haluzinagarriak, logos-a (eta eromena) eman zizkion tximinoari, eta kristautasunak istorio biologiko hau jaso du Thoten gurutzean kodetuta. Kode horrek gako bat du: Kixmi.

Baina hau ere, pop-filosofia da, haluzinagarrien eraginpekoa.

 Picture 4

Nork: elilaztan.2008/05/18 15:30:15.820 GMT+2
Etiketak: lsd jesukristo kixmi artea bideoak jesu kristo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/11 08:01:46.079 GMT+2

Big Bang



Big Bang bideoa egin dut elkarlanean Izarne Cardaba margolariarekin. Izarne da protagonista eta fondo gisa haren Big Bang margoa erabili dugu. Eli Laztangurenek irudiak hartu eta editatu egin ditu eta Izarneren garrasi eta oihuak oinarri erabilita, soinu banda sortu du. Albert Hofmann LSDaren aurkitzailea hil zen joan zen astean. Bideo hau da gure omenaldi xumea, alua eta (h)aluzinagarria, tximino lisergikoarentzat.
(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)

Nork: elilaztan.2008/05/11 08:01:46.079 GMT+2
Etiketak: jesukristo kixmi artea bideoak jesu kristo | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2008/04/22 10:10:02.450 GMT+2

Giboiaren sakrifizioa



Georges Bataille pentsalariak Dossier de l'oeil Pineal (Begi pinealaren txostena) testu bilduma harrigarria eta sailkaezina idatzi zuen 1927. eta 1930. urteen artean. Horren lehen partean agertzen da Giboiaren sakrifizioa testua.  Tximino baten inguruko erritual sadikoa deskribatzen du.


Testua (azkarregi) itzuli eta audio lantxo hau egin dut zuen gozamenerako. (Gezian klikatu abiatzeko).



Edo beste gailu honetan:

powered by ODEO

Bestela, hemen duzue irakurtzeko.

Giboiaren sakrifizioa

Oilarren kantu jasanezinaren esan nahia eguzkiarekin dago lotuta, gizakia harro eta garaile sentitzen delako zeruaren erdian ikusten dituenean bere kakak. Era berean, gauean, maitasun izugarria, bortitza, neska gazte baten espasmoa bezalakoa, abandonatu egiten da, unibertso erraldoi batean amiltzen da, izarrak txizatu izana barnean sentituta.

Sabela naturarekin lotzen duen itun samur hau berritzeko,  oihan ustel batek bere komun zulo ilunak eskaintzen ditu. Eguzkiaren argia desegiten da adarrik altuenetan. Emakume ingeles ilehori batek bere gorputz miresgarria ematen die hainbat gizonezko biluziren lizunkeriari eta irudimenari, eta estasian murgiltzen da, ustel usain bitxi batez.

Haren ezpain hezeak musutan irekitzen dira, padura goxo bat bezala, zaratarik egin gabe isuriko litzatekeen erreka bat bezala, eta plazerez itotako begiak ahoa bezain galdurik ditu. Besarkatzen eta ukitzen duten giza-piztien gainetik altxatzen du buru zoragarria, bortizki itsututa, eta haren begi handiak irekitzen dira, eromenez beteriko eszenaren aurrean.

Landareria oparoaren erdian, berriki eginiko lubaki borobil batetik gertu, giboi eme handi batek borroka egiten du, hiru gizonen eskuetatik askatzeko. Soka luzeekin lotzen dute. Aurpegi lerdoa du, are doilorragoa, eta haren izu-garrasi harrigarriei erantzun egiten diote tximinoen oihuek, adar altuetatik. Hegaztiak bezala lotu bezain laster, hau da, hankak gorputzaren kontra estututa, hiru gizonek jaitsi egiten dute eta buruz behera lotzen diote lubakiaren erdian lurrean sartuta dagoen hesola bati. Horrela, lurra jaten du garrasi izugarri bakoitzarekin, eta kontrara, ipurdiko koskor handiak, arrosa kolore bizikoa, zerura begiratzen du lore batek bezala. Soilik atal hori ateratzen da lubakiaren mailatik. Ipurdi horren lizunkeriak txunditu egiten du.

Prestakizunak amaituta, han diren gizonezko eta emakume guztiak lubakiaren inguruan jartzen dira: une horretan denak daude biluzik, denak plazerraren goseak eroturik, arnasestuka eta paroxismoaren atarian...

Ingelesa izan ezik, denak pala batez daude armaturik: lubakia betetzeko lurra banatuta dago euren inguruan. Giboi doilorrak, jarrera doilorrean, garrasi izugarriak botatzen jarraitzen du. Ingelesak keinu bat egiten duenean, denak hasten dira lurra palakadez botatzen lubakira eta, berehala, zapaltzen dute azkar eta zorabioa eragiten duen grinez. Horrela, di-da batean, bizirik lurperatzen dute pizti higuingarria.  

Isiltasuna nagusitzen da: begirada guztiak harrituta elkartzen dira lurretik ateratzen den eguzki uzki zikinean, odol kolore ederrekoan. Heriotzaren espasmoek astintzen dute era barregarrian. Orduan ingelesak ipurdi ederreko bere gorputz luzanga biluzia zabaltzen du, beteriko lubakiaren gainean: kaskezur faltsu burusoil horren haragi likitsua kakaz zikindurik dago, izar itxurako erdiko lorean. Are izugarriagoa ematen du hatz zuri ederrez ukituta. Inguruan, garrasia itotzen dute denek, izerdia lehortzen dute, ezpainak hozkatzen dituzte. Lerde arina erortzen da nahastuegi daudenen ahoetatik: asfixiak eta heriotzak gogortuta, haragi gorriko puspiloa gar nabar kirastuez betetzen da.

......................................

Jesubio nazkagarriaren gainean jarri du ingelesak musurik sutsuenak, gozoenak, ume okada txiki hori gertatu denean. Musuen soinu bitxia haragian zabaltzen zen, heste soinu okaztagarriren kirrikan. Egoera harrigarriak orgasmoak eragin zituen ikusle gaixoen artean; eztarri guztiak hasperen lakarretan itota zeuden, ezinezko oihuetan, eta begi guztiak zorabioaren malko distiratsuekin zeuden heze.................................
............................................

Eguzkiak botaka egiten zuen garrasi barregarriez beteriko ahoen gainetik, zeru zentzugabe baten hutsunean, mozkor gaixo batek bezala... Eta, era horretan, su eta espantu izugarriak ituna sinatzen zuen. Ezteiak ospatzen zituen, kiratsa duen zuloaren eta eguzkiaren arteko kopulazio txikia.

Nork: elilaztan.2008/04/22 10:10:02.450 GMT+2
Etiketak: bataille jesu jesukristo kixmi sakrifizioa kristo | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 10:27:37.053 GMT+2

Tximuak abiada bizian

Tximinoak motor txikiak gidatzen, abiada bizian, Thailandiako kaleetan.

Nork: elilaztan.2008/04/04 10:27:37.053 GMT+2
Etiketak: tximino kixmi thailandia motorra | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/03/28 19:06:51.260 GMT+1

Hirugarren urterako gida

Orchis simia 7.jpg_2006510234513_Orchis simia 7

Ba al dago aukerarik ulertzeko unibertso bat non loreek tximino itxura duten eta filosofoak tximuen ipurdiekin patologikoki liluraturik geratzen diren? Ziurrenik ez. Badago, edonola ere, unibertso horren mapa bat egiterik, bi baldintzekin: bidaiatu ahala marraztu behar da mapa, eta leku bat utzi bezain pronto, mapatik ezabatu behar da. Hona aurten Kixmi mapa honetan marraztu eta ezabatu ditudan puntuak:
  1. Tximinoen ipurdiekin maitemindu zen filosofoaren kasua kontatu nuen. Georges Bataille.


  2. Michel Foucaultek zioenez, gizakia behin-behineko ideia da. Genetika ikerketa batek arrazoia eman dio, antza, eta nik kontatu egin nuen.
    foucault

  3. Gutun bat idatzi nion Lars von Trier zinema zuzendariari, bere hurrengo filman tximino bat sar dezala eskatzeko.
    Lars_von_Trier_188570c

  4. Tximino orkidea landare harrigarria da, haren loreek tximino itxura dutelako. Lorea aurkitzeko txangoa egin genuen. Bideo bat sortu nuen, kronika gisa.
    Tximino orkidea thumbnail

  5. XV. mendeko grabatu bat aurkitu nuen. Tximino bat agertzen du, ipurdia zabaltzen eta uzkia agerian uzten. Goatse irudiaren aitzindaria dela esan daiteke eta bihotz sakratuaren irudiaren parodia, Batailleren zentzuan.
    engraving

  6. Tximino disekatuen erotismoaz mintzatu nintzen, Chris Marker zinemagilearen Sans Soleil filmaren harira.
    marker

  7. Egiptoko Thot jainko-tximinoa zeinuen sortzailea da eta, Hermes Trismegistos gisa, gizakiei alkimia ekarri zien mugalaria. Thot Simiotika zientzia imaginarioaren patroi izendatu nuen.
    thot_baboon

  8. Mila gau eta bat gehiago klasiko arabiarrean, printzesa baten eta babuino baten arteko harreman zoofilikoa kontatzen duen ipuin bat badago. Erregearen alaba eta tximinoa ipuina itzuli nuen eta podcast baten bidez kontatu nuen.
    babuino

  9. Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburua aurkeztu zuen. Ekitaldian egon nintzen eta Zapiain elkarrizketatu nuen. Bideo.
    txillardegi thumbnail

  10. Tximino gurutziltzatuz eta beste hainbat irudi xelebrez beteriko bideo-klip batetaz aritu nintzen. Nine Inch Nails-en Closer to God.
    closer ona

  11. Youri Volokhine egiptologoak esan zidanez, ez dago arrazoirik Thot-Hermes Trismegistosekiko gurtza Jesu kristorekin lotzeko.
    VOLOKHINE

  12. Meza ematen duen tximino baten inguruko nobela laburra argitaratu zuen Tommaso Landolfi idazle italiarrak 1946. urtean: Bi neskazahar. Podcastean kontatu nuen pasarterik kixmigarriena.
    foto_1114262870117

  13. Zimino izenpean argitaratu dudan lehenengo diskoa aurkeztu nuen, bai eta doan jaisteko moduan jarri.
    zimino

  14. Gizakia tximinoen erresuman topiko literarioaren jatorriaz eta garapenaz mintzatu nintzen, Txillardegiren Orangutanen Uhartea ipuinaren originaltasuna ebazteko.
    dore2

  15. Alejandro Jodorowsky zinemagileak Jesukristo, tximinoa eta alkimia nahastu zituen Mendi Sakratua filman. Oso kixmigarria, alajaina.
    mendia3

  16. Robert Fludd Pizkundeko alkimistaren pentsamoldean tximinoa da zentroa, gizakiaren teknika eta arte ororen ikur gisa. Naturaren tximinoa.
    fludd-tximino
Hemen dituzue lehen urterako gida eta bigarren urterakoa.

Nork: elilaztan.2008/03/28 19:06:51.260 GMT+1
Etiketak: kixmi jesukristo kristo jesu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/20 07:31:54.569 GMT+1

Altximia


Fludd1

Zerikusirik al dute tximinoek alkimiarekin? Galdera hori egin nuen aurreneko mezuan, Jodorowskyren Mendi Sakratua filman agertzen den tximua gogoan. Robert Fludd pizkundeko alkimista aipatu nuen, adibide gisa, tximinoa eta alkimia sorreratik lotuta daudela baieztatzeko. Are gehiago, tximinoa dago zientzia guztien atzean.

Alkimia naturae simia zen Robert Fluddentzat, hau da, naturaren tximinoa edo imitatzailea. Fludd XVI eta XVII mendeen artean bizi izan zen eta sendagile, astrologo eta mistikoa zen, pizkundeko alkimisten adibidea. Alkimia ezagupen sistema osoa zen eta kimikaz gain, metalgintza, medikuntza, filosofia, semiotika, mistizismoa eta beste hainbat praktika biltzen zituen. Mesopotamian eta Egipton praktikatu zuten, baita antzinako Txinan ere (Taoistek hilezkortasuna lortu nahi zuten horren bidez). Europan modan jarri zen berriz, Pizkundean.

Jainkoaren Tximua / Naturaren Tximua


Pizkundeko pentsamolde aldaketa nabari da Jainkoaren tximino esamoldearen garapenean. Platonek artistak gaitzetsi zituen, gizakiak formekin engainatzen eta idealetik urruntzen dituztela argudiatuta. Eliza kristauaren sortzaileek haren ideia hartu zuten eta "egiazko" elizaren ondoan "gezurrezko simulakroak" asmatzen zituzten herexeak gaitzesteko erabiltzen zuten esamoldea, giza-harrokeriaren salaketa gisa. Jainkoaren tximino kategorian sartzen ziren artistak ere, batez ere, margolariak eta eskultoreak. Musikariak onargarriagoa ziren, berriz, musika abstraktuagoa delako. Erdi Aroan, Jainkoaren tximino esamoldea erabiltzen zen deabruaren sinonimo gisa.


Robert Fludd (1574-1637)

Pizkundean, ordea, aldatzen hasi zen ikusmoldea. Arteak eta zientziak deabruaren atzaparretatik askatu ziren eta bekatu zein harrokeria izateari uzti zioten. H. W. Janson artearen historialariaren arabera, Boccacciok sortu zuen ars simia naturae -artea naturaren tximino- kontzeptua, zentzu positiboan, ez artea(k) gaitzesteko, baizik eta goratzeko. Genealogia Deorum Gentilium liburuan Boccaciok iradokitzen duenez, natura imitatzen duenean, artista idealera hurbiltzen saiatzen ari da, kristauak, imitazionearen bidez, "Jesu kristoren tximinoak" izaten saiatzen diren bezala.

Hor ulertu behar dugu Fludd alkimistaren tximinoa. Alkimian eta okultismoan inon baino hobeto islatzen da ars simia naturae ideia. Utriusque Cosmi Historia lan entziklopedikoaren lehen bi liburukiak soilik argitaratu zituen Fluddek, horietako lehena 1617. urtean. Dena den, liburu horretan egitasmo osoaren planoa eman zuen alkimistak irudi honen bitartez:

Fludd-ezhandia

Integrae Naturae speculum Artisque imago
(Natura osoaren ispilua eta artearen irudia) grabatuan (Jansonen ustez, Matthaeus Merianek egina), Gizakiaren, Naturaren eta Zeruaren alorrak irudikatu zituen Fluddek, zirkuluen bidez. Lurraren gainean, tximino batek esfera bat neurtzen du konpas baten bidez. Kate batez dago lotuta, eta katearen beste aldean emakume bat dago, biluzik. Emakumea ere kateaturik dago, hodei batetik ateratzen den esku bati lotuta. Hodeian Yaveh dago idatzita.

Jansonen arabera, hodeia Jainkoa da, emakumea Natura eta tximinoa "artea", hau da, gizakien ezagutza mota oro. Zirkulurik barnekoena alkimia da: Ars naturam corrigens in regno minerali (Arteak natura zuzentzen du mineralen alorrean) leloa du idatzita. Hurrengoa nekazaritza da (Arteak naturari laguntzen dio landareen alorrean) eta, hirugarrena, abeltzantza.

Gizakiaren eginkizuna natura "zuzentzea" da. Ideia erabat modernoa da hori. Egun ere, sekulako indarra du (ingeniaritza genetikoa, horretan argiena).

fludd-tximino

Ars simia naturae ideiak azaltzen al du erabat Fludden tximinoa?

Bada gehiago hor, nire ustez. Jansonek berak ohartarazten du: tximinoa kateaturik duen emakumea marrazteko orduan, Isis jainkosa hartu zuten eredu, hau da, Ilargi Jainkosa Nagusia, emetasunaren sinboloa (adi aluaren gainean duen ilargiari). Gizontasuna tximinoa da, beraz, eta katetik lotuta du jainkosak.

Egiptoko eragina ote dagoen hor galdetzen dio Jansonek bere buruari. Cynocephaloak -babuinoak- Egipton ilargiaren gurtzarekin zuen lotura aipatzen du. Egiptoko artelanetan eta Pizkundean haien ereduari jarraiki eginiko piezetan, askotan agertzen da babuinoa, otoitz egiten bezala eta, askotan, itifaliko (zakila tente duela). Fludden tximinoa ere tradizio horren bidez ulertu behar izatea litekeena dela dio historialariak.

babuino
Babuino itifalikoa, 1470. urteko Florentziako grabatu batetik

Harrigarria iruditzen zait Janson haratago ez joatea norabide horretan. Izan ere, tradizioaren arabera,Thot Egiptoko jainkoak sortu zuen alkimia (idazkera eta beste arterekin batera) eta, Thot, babuino itxurarekin irudikatzen zuten askotan. Hermes Trismegistos bihurtu zuten gero eta haren liburuek -Hermetica- eragin handia izan zuten Erdi Aroko eta Pizkundeko alkimian.

Fludden tximinoa gizaki modernoa da, beraz. Deabru harrosko izatetik, artista izatera pasatakoa, jainkoaren tximino izatetik, naturaren tximinoa izatera. Gure mantal zuriko zientzialaria ere tximu hura da. Mundua neurtzen, kalkulatzen, disekzionatzen, jarraitzen du; urtegiak eraikitzen, mendiak zulatzen eta berdintzen, "natura zuzentzeko".

Nork: elilaztan.2008/03/20 07:31:54.569 GMT+1
Etiketak: alkimia robert_fludd kixmi | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak