Diabolus est

kristotelebista

(Duela bi mezu argitaraturiko Simia Dei bideoak zer esan nahi duen esplikatzeko idatzi dut mezu luze hau. Blog hau “kriptikoa” dela esango dute gero)

Tertullian

“Deabrua Jainkoaren tximinoa da”. San Agustinek baino lehen Tertulianok (irudiko morroia, ustez) idatzi zuen esaldi hori. Deabrua imitatzailea dela esan nahi zuen. Jainkoaren kreazioaren bertsio faltsuak eraiki eta eraiki dabilela etengabe, gizakiak engainatzeko. Tertulianok ez zuen mundu paraleloen ideia hori asmatu, dena den. Ziurrenera, gizateria bezain zaharra da, eta bizi-bizi heldu da gaurdaino, errealitate birtualen aroraino, alegia.

Gogoratzen Platonen kobazuloaren historia hura? Markos Zapiainek ekarri du gogora duela gutxi bere blogean. Errealitatetzat ditugunak ideal batzuen itzalak baino ez direla esan nahi izan zuen Platonek kobazuloaren adibidearekin.

Platon ere ez zen, ziurrenera, oso originala izan. Ezaguna da Grezia zaharrak Indiarekin antzinatik izan zuen harremana. Hinduismoak “maya” esaten dio ikusten ditugun formak errealitatetzat hartzearen engainuari.

Platonek gogor jo zuen artisten aurka. Tximino-artistek natura imitatu eta gezurrezko munduak eraikitzen dituztela argudiatuta. Horregatik, bere errepublika idealetik erbesteratuko lituzkeela esan zuen. Mendebaldeko tradizioaren lehen ikonoklasta dokumentatua izan zen, nik dakidanez.

Kristauak irudien aurka

Kristautasuna ere ikonoklasta amorratua jaio zen, Platoni jarraiki. Elizaren aitak deiturikoek (aitak, ez gurasoak) panfleto bortitzak idatzi zituzten paganoen “idoloen” aurka; besteak beste, Julio Firmico Maternok, Tertulianok eta San Agustinek. Kristautasuna Erromako Inperioko erlijio nagusia bilakatu zenean, paganoen irudi sakratuen aurkako kanpaina suntsitzailea abiatu zuten, Karlheinz Deschner historialariak erakusten duen bezala.

Tertuliano haratago joan zen. Antzerkia, zirkoa, estadioa eta “espektakulu” guztiak debekatu zizkien kristauei. Argudiatu zuenez, ikuskizunen bidez, deabruak “gezurti bilakatu nahi du Jesukristo”, eta, horregatik, Jainkoak “edozein antza egitea debekatzen du, batez ere, gizakiaren antza, gizakia Jainkoaren irudia delako” (De spectaculis).

Beraz, Islamaren jarrera bera zuen jatorriko Kristautasunak, irudiei dagokionez. Noiz aldatu zen hori?

Niceako Kontzilioak justifikatu zuen irudien erabilera.Izan ere, irudiek propagandarako eta gizakien kontrolerako duten indarra erabiltzea ezinbestekoa zuen Elizak. “Objektu sakratua sakratuaren itxura baino ez da, horretan ezkutatzen du irudiak azken honen botere misteriotsua. Objektu erlijiosoa artearen edo irudimenaren aitzakia da gizakiak menpean nahi bezala menperatzeko”, idatzi zuen Ludwig Feuerbach filosofoak, Eliza Kristauaren politika aldaketa hura azaltzeko (Kristautasunaren Funtsa, 1841).

Handik aurrera, artistak saldoka erreklutatu zituen Erromak. “Jainkoaren tximino” esaldia, gaitzespena adieraztetik, artista trebeak goraipatzeko esamolde izatera pasa zen Ernazimenduan.

Protestante ikonoklastak

Erreforma protestanteak beste olde ikonoklasta ekarri zuen.Protestanteek katolikoei “idolatria” egotzi eta irudiak debekatu zituzten euren elizetan, eta hainbat kasutan, Eliza Katolikoetako irudiak suntsitu zituzten. Istilu ikonoklasta larriak gertatu ziren, esaterako,Flandesko Anberes hirian 1566. urtean. Garai horretako eztabaidak islatu zituen Frans Francken Anberesko margolariak, Koadro Galeria lan honetan. Van Eyck margolariak Albergati kardinalari eginiko erretratua jarri zuen hor, Amazoniako kaputxino tximino baten aldamenean. Sagarra du eskuan tximinoak, gizakiaren erorketaren sinbolo ezaguna.

francken

Martin Lutero tximino bat bizkarrean jarrita irudikatzen zuten katolikoek garai horretan (ez dut horren irudirik aurkitu hona ekartzeko). Tximino-deabrua, berriz, erlijio “faltsuak” asmatzen, benetako erlijioaren “parodiak” sortzen. De Lancrek ere jainkoaren tximinoaren ideia bera erabili zuen euskal sorginen akelarreetan “mezaren parodia” egiten zela salatzeko.

Katoliko eta protestanteen arteko borrokan irudiak irabazi zuen, ordea. “Gure garaiak nahiago du irudia, irudikatu nahi den gauza baino, errepresentazioa errealitatea baino, itxura funtsa baino […] soilik ilusioa da sakratua, egia profanoa da”. Hala esan zuen Feuerbachek lehen aipaturiko liburuaren bigarren edizioaren aurre-hitzan.

Situazionistak eta post-situazionistak

048debord

Feuerbachen esaldi horrekin abiatu zuen Guy Debord situazionistak Espektakuluaren Gizartea liburua (1967). Masa hedabideek mediatizaturiko gizartearen disekzio ikaragarria egin zuen Debordek.

Haren arabera, espektakuluaren gizartean, gizakiek ezin dute dagoeneko harreman zuzenik izan elkarrekin, ez bada hedabideek eraikitako mundu faltsuaren bitartez (espektakuluaren bidez). Are gehiago, gizabanakoak ere bere buruarekin eta munduarekin duen harremana ere, irudiek mediatizaturik dago. “Espektakuluaren gizartean, erreala faltsuaren une bat da”, idatzi zuen. Irudiarekiko menpekotasuna hausteko sobietak osatu eta harreman zuzenetan oinarrituriko gizartea osatzea proposatu zuen.

Hurrengo urtean 1968ko maiatzeko matxinada gertatu zen Parisen. Porrota izan zen Debordentzat, espektakuluaren gizartearen alternatiba eraikitzeko saioak huts egin zuelako.

Espektakulua izan zen garaile, eta, geroztik, jaun eta jabe da.

march_baudrillard

Jean Baudrillard filosofoa (irudian, bere simulakroekin) Deborden situazionisten inguruan ibii zen 1968. urtera aldera. Debordek “espektakulua” deiturikoa “simulakro” deitu zuen Baudrillardek, eta simulakroaren gizartean bizirik irauteko bidea eta adibidea eman zituen: distantzia ironikoa. Baudrillardek ez zuen, ordurako, hautsi nahi espektakuluaren gizartearekin, besteak beste ezin zaiolako aurre egin zirrikitu guztiak hartu dituen etsai bati. Horren ordez, “espektakuluaz gozatzea” erabaki zuen. Hori bai, ironiaren bidez, distantzia higienikoa gorde zezakeela uste zuen.

Jarrera hau da egun moda modakoa. Jarrera honen leloa honakoa da: “Badakit gezurra dela, badakit alienantea dela, baina barre egingo dut horren kontura, ironia delako ni eta horren artean jartzen dudan kondoia”.

Hipererrealitatean bizi gara. Kreazioaren imitazioa leku guztietara zabaldu da, eta ez dago non babestu, distantzia ironikoa hartzeko.

Philip K. Dick eta androidearen amnesia

philip_k_dick_android

Deabrua jainkoaren tximinoa dela dioen ideia da Philip K. Dick  idazlearen literaturaren oinarria (Goian, berriki eginiko haren androidea. Horren burua lapurtu dute dagoeneko).Txikitako oroitzapenak inplante artifizialak direla deskubritzen dute haren pertsonaiek. Are larriago, robotak direla aurkitzen dute egun batean jaikitzean. Mundu faltsua urratu eta egia ikusten hasten deneko uneak dira haren historien klimaxak.

Ez dago espektakuluari aurre egiterik. Ezin da gezurraren oihala urratu gauden lekutik. Egun, dagoeneko, ezinezkoa zaigu bereiztea zer den espektakulua eta zer egia. Zalantzan dugu ere benetako mundua badenik ere. Laster batean, Second Life delakoa, errealitatea baino errealagoa izango da. Atzo irakurri nuen kalkulu baten arabera, Second Life munduko abatar batek 1.752 kiloWatt/ordu argindar kontsumitzen ditu urtean, batezbesteko benetako brasildar baten pare (1.884 KWh).

Mundu paraleloetako batean batean bizi gara? Tximino gaizto eta zoro batek sorturiko zurrunbilo bortitzean?

Koan

Azken galdera hori koan bat bezalakoa da. Txinako maisu budistek ikasleak iratzartzeko erabiltzen zituzten koanak, eta mendebaldeko kulturako topikoa bilakatu dira dagoeneko. Erantzunik ez duen galdera absurdoa da koana: Esku bakarrarekin egiten den txaloak nolako soinua du?, esaterako.

Erantzuna aurkitzeko, logika, pentsakera arrazionala eta aurrejuzku guztiak gainditu behar dituzte ikasleek, kategoria ororen haratago dagoen errealitatea hautemateko.

Fisika zientzia ere egoera beretsuan dago: Schrödingerren katua kutxa barruan dago pozoi bonba batekin; bizirik dago ala hilda?

Pertsona bakoitzak du bere koana, edo bat baino gehiago, eta bizia osoa horri erantzuteko. Hau da nik bidean aurkitu dudanetako bat: Zer da Kixmi?

Erantzuna aurkitu gabe hilez gero, berriz hasierako laukitxora!

Oso gaizki nabil orain arte.

Diabolus est simia dei, idatzi zuen Tertulianok. Ideia horren biktima izan zen hura ere. Izan ere, bizitza erdia besteen herexiak salatzen eman ondoren, bizitzaren azken urteetan montanisten sekta heretikoan ibili zen. Tximino deabruak eraikitako tranpetako batean erori zen, antza. Horregatik ez dago San Tertulianorik Eliza Katolikoaren santutegian, Wikipediak dixit.

3 erantzun “Diabolus est” bidalketan

  1. Oparitxo bat egingo dizut. Ni arkiterkura ikaslea naiz (ea behingoz ikasle soila izateari uzten diodan) eta situazionismoa ikaragarri interesatzen zait.

    link hontan gauza nahiko aurkituko dituzu, besteak beste aipatzen duzun “espektakuluaren gizartea”. Gomendagarria da “deriba teoria”, ezagutuko duzu agian.

    Agur bat!

    aitorr

  2. Eskerrik asko.

    Hasieratik esan dut blog hau “deriba” baten bitakora dela.

    Urbanismoa interesatzen bazaizu normala da situazionismoa interesatzea.

    Segi ongi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude