Jesubioa
(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)
Jesubioa terminoa asmatu zuen Georges Bataille filosofoak, Jesus, je suis, sujet eta Vesubio hitzak batean sintetizatzeko. Tximino baten ipurditik ateratzen den erupzio eskatologiko gisa irudikatu zuen Jesubioa. Batailleren ideia zertan den azaltzeko goiko bideoa egin dut. Azalpen gehiago: Jesubioa.Big Bang
Big Bang bideoa egin nuen elkarlanean Izarne Cardaba margolariarekin. Izarne da protagonista eta fondo gisa haren Big Bang margoa erabili genuen. Eli Laztangurenek irudiak hartu eta editatu zituen eta Izarneren garrasi eta oihuak oinarri erabilita, soinu banda sortu zuen. Albert Hofmann LSDaren aurkitzailea hil zen 2008ko apirilean. Bideo hau izan zen gure omenaldi xumea, alua eta (h)aluzinagarria, tximino lisergikoarentzat.
Txillardegi eta ziminoa
promo-bideoa ('promo' ez 'porno')
2007ko azaroan aurkeztu zuen Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburua Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Kixmi bloga aipatzen du Zapiainek liburuan. Liburuaren promozio-bideoa egin nuen, esker-onez, baina agian Susakoek ez dute begi onez ikusi nire opari pozoitsua.
Tximino orkidea
Orchis Simia -Tximino Orkidea- landarearen loreak harrigarriak dira, tximu itxura dutelako. Hona botanikako fenomeno miresgarri honen bila ekainaren 16an egin genuen txangoaren bideo-kronika.
Bihotzmakina
2007ko otsailean egin nuen bideo hau. Bihotz sakratuaren ikonoaren eboluzioa erakutsi nahi nuen, Indiako Hanuman tximu-jainkotik Internet aroko folklorera.
Simia Dei
Diabolus est simia dei (Deabrua Jainkoaren tximinoa da) Eliza kristauaren aita Tertulianok zabalduriko ideia da, gero San Agustinek jaso zuena. Deabrua Jainkoaren imitatzailea (tximinoa) dela adierazten du. Gizakiak nahasteko mundu faltsuak sortzen ditu, errealaren antza dutenak. Ideiak liluratuta zuen Philip K. Dick zientzia-fikzio idazleak, mundu paraleloekin zein errealitate birtualekin duen lotura dela-eta.
Gure munduaren metafora egokia al da bideoa?
Tximino ero gaizto batek sorturiko unibertsoa, dena abiada, entropia*, zarata.
--------------------------------------------
*Entropia: termodinamikaren bigarren printzipioa ulertzeko kontzeptu garrantzitsua. Sistema baten barruko kaosarekin loturik dago.
Gogoratu eskolan ikasitakoa: energia ez da sortzen ez eta suntsitzen ere, soilik eraldatu egiten da. Baina eraldatzen denean beti galtzen da puska bat. Hori da entropia, eta unibertsoan desordenurako dagoen joera argitzen du.
Horrela ulertzen da, esaterako, zergatik garbitu behar den etxea behin eta berriz, zergatik orraztu behar dugun egunero (orrazten bazara, noski. Ni ez naiz orraztu lehen komunioa egin nuen egunetik. Aski da! esan nion amari). Zergatik garbitu behar ditugu hortzak egunero? Zergatik joan behar dugu lanera egunero (ez al ginen ba joan atzo?) Entropiarik gabeko munduan hori behin eginda nahikoa litzateke betirako.
Bainan ez! gero eta energia gehiago behar dugu miseria bera lortzeko. Gero eta zailago da goizean jaikitzea, frigoa gero eta hutsago dago, eta fregaderua gero eta beteagoa.
Naturaren legea da, edo, bestela, tximino gaizto eroaren sadismo petrala.








Idatzi artikulu bat