Epaia aztertuko du Oñatiko Udalak, "erabakia hartzeko"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 9a, 13:26

Oñatiko udaletxea.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Oñatiko Udaleko langile baten kaleratzea "desegokia" izan dela, eta zigortu egin du Udala: 30.000 euroko konpentsazioa ematea edo langile moduan hartzea berriz.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Oñatiko Udaleko langile baten kaleratzea "desegokia" izan dela, eta zigortu egin du Udala: 30.000 euroko konpentsazioa ematea edo langile moduan hartzea berriz. Udala epaia aztertzen ari da, "erabakia hartzeko".

Ebazpenak duela urtebeteko gertaeraren harira izandako auzia jaso du. Kiroldegiko lanpostu bat urtebeterako betetzea proposatu zitzaion Udalaren lan-poltsan zegoen hautagai bati, eta orduan zuen lanpostu finkoa utzi zuen hark eskaintza hori hartzeko. Martxoaren 27an kontratua sinatu, baina kontratazioan akats bat izan zela adierazi zioten, ahoz, eta apirilaren 30a azken laneguna izango zuela, sententziak dioenez.

Oñatiko Udalak dio bere jarduketa guztiak legezkotasun-printzipioan oinarrituz egin behar dituela eta horrela egin zuela kalte-ordaina ordaintzeko ere; 493,49 euro. Kalte-galerengatiko kalte-ordain gisa diru kopuru gehigarri bat jasotzeko eskubidea zuela defendatzen zuen demandatzaileak. Udalak ez zuen bigarren eskaera hori onartu, "indarrean zegoen (eta dagoen) ordenamendu juridikoak pretentsio hori babesten duen araurik ez zuela ulertuta, Estatuko Justizia Auzitegietako Lan Arloko Sala gehienek defendatu izan duten bezala" . Zentzu horretan, "2024ko apirilaren 23ko 1040/2024 epaiak berak jasotzen duen bezala, Estatuko Justizia Epaitegietako Lan Arloko Sala gehienak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Lan Arloko Sala barne, aukera horren aurka agertu izan dira".

Egubakoitzean

Pase den egubakoitzean egin zen publiko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena. Horren arabera, kaleratutako langileak Eibarko epaitegira jo zuen. Harek Oñatiko Udalaren kontrako sententzia eman zuen eta berretsi egin du hori EAEkoak. Besteak beste, Europako Gutun Sozialean oinarrituta, urtebetez lanean jardunda jasoko lukeen soldataren araberako kalte-ordaina berretsi du Auzitegi Gorenak. Horren inguruan, Udalari "deigarria" egin zaio "Salaren irizpide aldaketa egitate horretan oinarriturikoa izatea. Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen (GEEH) txosten baten edukian oinarritu da erabaki judiziala, baina, epaiak ondo baieztatzen duen bezala, txosten hori ez da oraindik argitaratu. Egitate hau juridikoki deigarria da, funtsean, Salak, funtsezko eztabaida juridikoa, hitzez hitz ezagutzen ez duen dokumentu baten edukian oinarrituta ebazten duelako, txosten horren edukia aurreko beste txostenen antzekoa izango denaren ustean, baina hori gertatuko denaren erabateko ziurtasunik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak