Sare sozialetan egurra jaso du Jon Sarasuak.

Donostian emandako hitzaldi baten harira izan da. Pentsamendu bakarreko mundua pobrea iruditzen zaiola esateagatik. Edo hori ulertu diot nik, behintzat. Ultraeskuindar, misogino eta antzerakoak irakurri ditut sareetan. Tamalez, ez nau harritu horrelakoak irakurtzeak.

Politika arloan konfrontazioa elikatzen den mundu baten bizi gara. Nirekin ez bazaude, nire kontra zaude. Etsaia beharrezkoa da norberarena defendatzeko, eta etsairik ez badago, diskurtso propioaren falta agerian gelditzen da. Orokorrean, norberaren iritzia ematea ez da erraza; ñabardura txikiena ere ez da onartzen gai ezberdinen inguruan nagusi diren posizionamenduetan.

Askotan, gure iritzia ingurunearen edo kontestuaren araberakoa da: pribatuagoetan bat ematen dugu eta, akaso, publikoagoetan kontu gehiagorekin ibiltzen gara. Gure herrian ez da sekula erraza izan norberaren iritzia ematea; garesti ordaindu izan da hainbat eta hainbat kasutan. Gaur egun askoz hobeto gaude, baina, hala ere, beste arrazoi batzuk medio, zailtasunak hor jarraitzen du.

Isilik egotea pentsatzen duzuna esatea baino egokiagoa dela askotan entzun izan dugu gurean. Iritzia ematea bizitza konplikatzeko bide motzena dela barneratu dugu urte askotan, eta horri buelta ematea ez da erraza.

Beharbada, guztiz oker nabil esaten ari naizen guztian eta errealitatea jendearen gehiengoak berdintsu pentsatzen dugula da. Eszenatoki are okerragoa iruditzen zait hala bada. Ez dut nik hegemonia bilatzen duen gizarte baten parte izan nahi. Ikuspuntu ezberdinek ematen duten aberasgarritasuna nahi dut, zalantza nahi dut.

Desberdintasunetik egingo dugu mundu hobe bat, desberdintasuna errespetatzetik egingo dugu herri hobe bat. Ez dezagun desberdina demonizatu eta ez dezagun homogeneizazioa jomuga izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak