"Be optimist', baikorra izan"

Atmosfera sozialean arnasten den airea erabat kutsatuta dago.

Mundua gidatzeko aukera dutenek bidaltzen dizkiguten mezuak kontraesankorrak dira. Noski, horrek urduritasuna eta antsietatea sorrarazten dio munduko biztanleriaren zati handi bati eta hortik irteteko edozein aukera blokeatzen ari da.

Pentsa, nor garen eta ze gaitasun ditugun ere zalantzan jartzen dugu. Bada, mezu eta zalantza horien aurrean, nork bere buruan sinestea bakarrik geratzen zaigu, eta etorkizuna izango dela guk geuk nahi duguna izatea. Guztiok bide horretan: geldiezinak, ezta?

Ze erraza den hori esatea! Lasai baino lasaiago geratu naiz. Hala ere, onartu beharra daukat, batzuetan, huts egin eta, zuen moduan, emozioen errusiar mendi batera igotzen naizela. Urrutira joan barik, irail hasieran, harri eta zur eginda utzi ninduten FMIko presidente Christine Lagarderen berbek: beste atzeraldi ekonomiko bat egongo zela iragarri zuen.

Exekutibo frantsesak sortu zuen urduritasuna, zorionez, historiara pasa zen irailaren 14an. 2011ko Ekintzaileen Foroan izan nintzen, eta han, jendearen gogo biziak harrapatuta eta baikortasunaren eta zoriontasunaren guru Emilio Durori entzun ostean, piztu egin nintzen. Zera esan zuen katalan arduratsu eta esplosiboak: enpresen arazo nagusia ilusio falta dela. Baikorra denak %65eko etekin handiagoa ateratzen diola lanari. Bai niri eta baita BECen batu ziren ehunka lagunei ere adrenalina eta autoestimu igoera itzela eragin zigun.

Baina... irailaren 27a iritsi zen, eta, BECen bertan, Industriaren Gailurraren barruan, zalantza sentsazioak bueltatu ziren. 800 enpresa baino gehiago, baina jarduna, jarduna, jaun-andreok...

Hori bai, berriro ere goian nago. Duela egun batzuk, made in Euskadi den auto elektrikoa ikusteko eta probatzeko pribilegioa izan nuen: Hiriko.

Laburbilduz, guk geuk ditugun aukeretan sinesten dudala berriro ere; bitartean, errusiar mendi honetatik jaisteko eta be optimist horri heltzeko formularen bila segitzen dut. Zaindu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak