Mon Dieu Julien...

Pelayo Alvarez txirrindularia gaurko etapako helmugan. Irudia: Giro d'Italia

Pelayo Alvarez espainiarrak irabazi du sterrato-ko etapa, iraganean tamainako etapak hanka batekin irabazten zituen Alaphilippe aise menderatuz

Esaera zaharren hiztegiari erreparatzen jarraituz, gaurkoan 'harrapar y pasar, Ormaiztegiko zakurrarena' erabil genezake. Pelayo Alvarez etapa garaileak Julien Alaphilippe klasiko zalea menderatu du Rapolino Termeko bukaera bihurrian. Frantziarrari faborito izaera oparitu, esprintari ekin ziezaion utzi, eta 100 metrora aise gainditu du Dartañan mosketaria. Aspaldian balaztarik gabeko maldan beherea luzean murgilduta, Alaphillippe-ek Giroan izan dezakeen aukera onenetakoa galdu du azken urteetako txakalaldia atzean uzti, eta kontratua bukatzen duen urtean talde handian arreta erakartzeko berriro.

Kale egin du esprintean Soudal taldekoak, beste guztia ondo egin ondoren. Baina iraganeko Alaphilippe joan zen, behinola, eta momentuz ez da bueltatu. Oraino egon ez dena, ez maila honetan behintzat, Pelayo Sanchez. Movistar taldeko asturiarra bikain aritu da, eta konfiantzaz lepo, oso garaipen garrantzitsua eman dio bere taldeari. Betirako argazki ederra lortu du helmugan gainera: besoak garaile, eta bere atzean azken urteetako txirrindulari onenetakoa, Alaphilippe.

Etapa benetan eroa izan da, erritmo itoan osatutakoa. Helmugara 45 kilometro orduko batez besteko abiadurarekin iritsi dira, eta lehen 70 kilometroetan su handia egon da tropelean. Ihesaldia egin da ondoren, ondo kostata, eta azkenerako Pelayo Sanchez, Julien Alaphilippe eta Luke Plapp geratu dira buruan. Hiru minutuko errenta ere lortu dute, baina tropelak harrapatu ditu ia-ia helmugan, sterrato zatietan sartzeko berez sortu den abiadura handitzearekin. Bide batez, esan, lurbideetan bikaina izan dela INEOS taldeak erakutsi duen sendotasuna.

Bihar 40,6 kilometroko erlojupekoa korrituko da, Foligno eta Perugia artean. Erabat laua da lehen 34 kilometroetan, baina azken seiak goranzko joera dute. 1.300 metro %11,8ko maldarekin, aurrena, eta azken hirurak %3,2 maldarekin. Geraint Thomas eta Tadej Pogacarren arteko dema espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak