Epeleko zabortegia ixtea erabaki du Debagoieneko Mankomunitateak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mar. 27a, 09:10
Epeleko zabortegia.

Mankomunitateak zigilatze-lanak martxan jarri eta Eusko Jaurlaritzak 2021ean emandako bi milioi euroko dirulaguntza itzuliko du. Jaurlaritzak dio erabakiak ez duela Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planean eragin nabarmenik izango.

Debagoieneko Mankomunitateko Juntak aintzat hartu du Ingurumen Batzordeak Epele ixteko egindako proposamena, eta hilaren 21ean egindako batzordean zabortegia berriz ez zabaltzeko erabakia hartu du.

2022an jarri zen mahai gainean Epele berriz ere zabaltzeko aukera, eta orduko agintariek irekiera noizko aurreikusten zuten ere esan zuten. Orduan abiatu zen irekiera gauzatzeko prozedura administratiboa eta hainbat azterketa egitea aurreikusi zen. Hain justu, urtebete lehenago, Jaurlaritzak 2 milioi euroko dirulaguntza onartu zuen Arrasateko zabortegia egokitzeko eta berriz zabaltzeko.

Txosten geoteknikoak oinarri

Mankomunitateak egin ditu aipaturiko azterketak. Bi azterketa geotekniko aurkeztu ditu eta diote Epelek ez dituela hondakin gehiago jasotzeko baldintzak betetzen. "Azpiko materialen karakterizazioak erakutsi du instalazioak ez dituela Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritako gutxieneko segurtasun faktore geoteknikoak betetzen. Zabortegia berriro irekitzeko saiakera egingo balitz, mugimendu geotekniko esanguratsuak egonez gero, soluziobide konplexuak eta garestiak izango lirateke. Bestetik, zabortegia martxan jarri zenetik –1993– araubideak asko gogortu dira eta zabortegia eraiki zenean ez zen hondakinak jasotzeko zeldaren azpi aldea hainbat geruza sintetikorekin inpermeabilizatu beharrik izan", azaldu dute Mankomunitatetik. Lur azpiko urak drainatzeko sistemaren efizientzia gradualki murriztuz doala, lur azpiko galeriaren egoera kaxkarra dela, eta zelda zaharraren azpiko inpermeabilizaziorik eza ere deskribatzen dute dokumentuek.

Jaurlaritzaren balorazioa

Erabakiak ondorioak izango ditu Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planean; izan ere, aurreikusita zegoen Epelek 450.000 tona hondakin jasoko zituela 2030era arte. Tona horiek gainerako hondakin azpiegituretan egokitu beharko direla diote Gobernutik, baina ez dute uste itxierak eragingo duenik gainerako zabortegiek hartu beharreko erabakietan. Gaineratu dute azken hiru urteotan sortu den hondakin kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela.

Debagoieneko EAJ, kritiko

EAJren ustez, berandu dator erabakia. "2022rako hartu beharreko erabakia 2024an hartu da. EH Bilduk sakoneko erabakiak hartzeko gaitasunik eza erakutsi du", esan du Ander Garayk, Debagoieneko EAJren izenean. Segurtasun irizpideen xehetasunak eta posible izan daitezkeen konponketen inguruko azalpenak ezagutu nahi dituzte jeltzaleek. Argibideak eskatu dizkiete Mankomunitateko arduradunei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak