Azkaiter Peloxen lan berriarekin hegan

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 27a, 13:31
Azkaiter Pelox taldea osatzen duten sei musikariak. (Unai Azkarate)

'Batera hegan' izeneko lan berria argitaratu du Bergarako Azkaiter Pelox taldeak. Arrano tabernan dago diskoa salgai, eta maiatzaren 1etik aurrera plataforma digital guztietan egongo da eskuragarri. Aurkezpen kontzertuak ere iragarri dituzte.

Batera hegan izena daraman diskoa argitaratu du Bergarako Azkaiter Pelox taldeak. Diskoa eskuragarri dago jada Bergarako Arrano Tabernan, baina plataforma digitaletan eskuratu nahi duenak maiatzaren 1era arte itxaron beharko du.

Sei musikarik osatzen dute taldea: Shane Curley (gitarra akustikoa eta ahotsa), Aitzol Mujika (baxu elektrikoa eta soinu teknikaria), Bittor Giral (saxofoia eta txirula) John Prieto (biolina eta ahotsa), Aitor Aranburu (bateria eta perkusioa) eta Unai Azkarate (gitarra eta ahotsa). Hala ere, diskorako beste hiru musikariren laguntza ere izan dute; Gaizka Azkarate harmonika-jolea, Inazio Narbaiza zeharkako txirula-jolea eta Tristan Ibañez gitarra-jolea.

2022 eta 2023 artean grabatu zuten diskoa Azkaiter Peloxeko taldekideek; Bergarako Labegaraietan dagoen Auryn estudioan grabatu dute lana. "Logistikoki sekulako erraztasuna eman digu" adierazi zuten taldekideek. Unai Azkaratek esan duenez, denbora igaro da grabatu zutenetik argitaratu duten arte. Hainbat faktorek eragin dute hori, baina aipagarriena da diskoaren ekoizpenean murgilduta zeuden bitartean zuzenekoak eskaintzen jarraitu zutela, taldeek orokorrean ez dute-eta hori egiten.

Harremanak hizpide

Harremanen inguruko letrak nabarmentzen dira diskoan. "Batera hegan izenak esaten duen moduan, elkartzearen aldeko eta batasunaren aldeko apustua da. Harremanei buruzko letrak daude. Ez dakit lehen aldia den, baina denborak eta esperientziak harremanak gozatzeko gogoa ematen digu", dio Unai Azkaratek. Zortzi kantuk osatzen dute diskoa. Jatorrizko kantuak, bertsioak eta bestelako omenaldiak uztarturik agertzen dira bertan; betiere, euren estilo propioarekin.

Aurkezpen bira

Disko berria aurkezteko, hainbat kontzertu iragarri dituzte. Apirilaren 20an izango da estreinakoa, Pello Garitanoren omenezko Gorlako igoeran. Hortik aurrera, maiatzaren 10ean Torrekuako jaietan, ekainaren 8an Arrasaten eta uztailaren 26an Boluko jaietan egingo dituzte kontzertuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak