Ointxe! haserre dago federazioak Lauko finalera begira jarri dituen ordutegiekin eta kantxarekin

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 9a, 09:03

MUko neskak aurten, Navarro Villoslada taldearen kontrako partiduan.

Mondragon Unibertsitateko neskek fase "historikoa" jokatu behar dute oraingo asteburuan Easoren kantxan –Donostian–. Baina Ointxe! klubak ohar bidez jakinarazi du haserre daudela federazioak jarritako ordutegiekin, eta kantxa bera ere desegokia dela uste dute. "Lauko Finala baldintza hauetan ospatzeak kalte larria egiten dio emakumezkoen saskibaloiari", adierazi dute. San Ignacio eta Loiola Indautxu ere protestara batu dira.

Mondragon Unibertsitatea, San Ignacio, Loiola Indautxu eta Easo sailkatu dira Euskadiko lehenengo mailako igoera fasera, eta berez, asteburuan jokatu behar dute Lauko final hori. Baina, lau talde horietako hiru haserre daude ordutegiekin, eta ez daude gustura fasea jokatuko den kantxaren aukeraketarekin ere. Eta, hori jakainarazteko gutun bateratua bidali dute federaziora. Zera adierazi diote federazioari:

Hiru klubek federaziora bidalitako gutuna

"Kezkaz eta etsipenez jakinarazten dizuegu hautatutako instalazioetan Emakumezkoen Lauko finala ospatzeari buruz. Argi dago aukeratutako kantxak ez dituela betetzen gutxieneko segurtasun eta edukiera baldintzak horrelako ekitaldi baterako. Kezkagarria da jakitea denboraldi honetan bertan lesioak izan direla kantxa horretan, eta horrek nahikoa arrazoi izan beharko luke kirol ekitaldi honetarako egoitza gisa duen egokitasuna berraztertzeko. Jokalarien segurtasunak lehentasuna izan beharko luke, eta argi dago instalazio horiek ez dutela ingurune segurua bermatzen. Gainera, biziki kezkatzen gaitu partidetarako ezarritako ordutegien koherentzia faltak. Iruñetik edo Arrasatetik datorren talde batentzat 2. finalerdia 20:00etan eta finala 11:30ean programatzea inkoherentea izateaz gain, arduragabea ere bada, kirol errendimendu egokirako eta nekeak eragindako lesioak saihesteko beharrezkoa den gutxieneko atsedena bermatzeari dagokionez. Maila honetako Lauko Finala baldintza hauetan ospatzeak kalte larria egiten dio emakumezkoen saskibaloiari eta kalte handia egiten die Gipuzkoako IDK eta Easo klub antolatzaileen irudiari eta lehen aipatutako baldintzak onartzen dituzten federazioei. Biziki eskatzen dugu berehalako neurriak har ditzatela kezka horiei heltzeko eta parte-hartzaile guztientzako ingurune segurua eta bidezkoa bermatzeko. Funtsezkoa da parte hartzen duten talde guztientzat joko eta atseden baldintza egokiak kontuan hartzea".

Lauko finaleko ordutegiak

Esan moduan, oraingo asteburuan dira Lauko finala jokatzekoak, ordutegi hauekin:

Zapatua

  • 17:30  Ibaeta Basket - Universidad Deusto Loiola Indutxu
  • 20:00  Mondragon Unibertsitatea - San Ignacio Premo

Domeka

  • 11:30  Finala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak