Beteranoen oholtzan, gazteen indarra ere bai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mar. 28a, 18:06
Suediako The Baboon Show taldea 2022ko Mondra&Roll jaialdian.

Uztailaren 5ean eta 6an egingo dute hirugarren Mondra&Roll jaialdia Monterron parkean, nazioarteko eta Euskal Herriko hamalau talde gonbidatuta; horien artean, Debagoienekoak. Sare sozialetan eta Musikaze.net atarian daude sarrerak salgai.

Esperientzia "lagungarria izan da" punk, oi eta hardcore eszenako Arrasateko jaialdiko bultzatzaileendako –Mauka musikagintza, Jimmy Jazz aretoa eta HFMN Crew, Arrasateko Udalaren babesarekin– hirugarrenari forma emateko, nahiz eta "zailtasunak" izan dituzten kartela osatzeko. "Azpiegitura aldetik errazagoa egin zaigu, baina, bestetik, egia da zalantza asko sortu zaizkigula kartelarekin. Ate asko jo ditugu, eta pozik gaude alde horretatik. Iaz moduan, Monterron parkea izango da erdigunea eta Arruena parkean izango da akanpalekua", dio Jimmy Jazz aretoko Iker Arronizek.

Egubakoitzean, Sham 69

Bi egunetan banatuta, hamalau talde izango dira. "Lehenengora ekarri nahi genuen Sham 69 talde beteranoa gurean izango da; talde originaleko Jimmy Pursey, Dave Parsons eta Dave Tregunna kideak bertan izango dira, eta baita 80ko hamarkadan hasita musikagintzan jarraitzen duen Roy Ellis jamaikarra eta haren banda ere. Publiko gaztea erakartzea da dugun helburuetako bat, eta asmo horrekin osatu dugu egubakoitzeko kartela, bogan dauden euskal talde gazteak gonbidatuta".

Cock Sparrer taldea lehenengo Mondra&Roll jaialdian.

Bigarrenez jaialdian

Stiff Little Fingers, Suicidal Tendencies, Pennywise eta Toy Dolls taldeak "ukitu" dituztela gaineratu du Arronizek: "Astetik astera aldatzen joan da zerrenda. Aspalditik dugu Stiff Little Fingers ekartzeko gogoa, baina, aurrekontua eta beste eskaera batzuk tarteko, ez da posible izan, eta ezta buruan genituen beste hainbat ekartzea ere. Hala ere, bidean apustu politekin egin dugu topo; horien artean, The Baboon Show eta Cock Sparrer taldeak bigarrenez gonbidatu ditugu. Hasiera baten, ez genuen taldeak errepikatu gura, baina oso gertukoak ditugu biak ala biak eta oso maitatuak dira Euskal Herrian; hala, disko berri bana argitaratu izanak bultzatu gaitu euren atea berriz jotzera. Zapaturako apustua, bereziki, hiru talde gazte indartsu britainiarrekin borobildu dugu".

Sarrerak salgai daude

Mondra&Rollen sare sozialetan eta Musikaze.net atarian daude sarrerak salgai. "Bi egunerako bonua 72,50 euro da eta datorren astean Arrasateko Taupa tabernan ere eskuragarri izango da. Egunetako sarrerak online bakarrik eskuratu ahal dira: egubakoitzekoa 35 eurotan eta zapatukoa 45 eurotan. Ondo doa aurresalmenta; bereziki, zapatukoa".

Taularen gainean izango diren taldeak

  • Egubakoitza
    • Sham 69, Erresuma Batua.
    • Madball, Ameriketako Estatu Batuak.
    • Roy Ellis, Jamaika.
    • Brigade Loco, Euskal Herria.
    • Kaleko Urdangak, Euskal Herria.
    • Larru Beltzak, Euskal Herria.
    • Arene 6, Euskal Herria.
  • Zapatua
    • Cock Sparrer, Erresuma Batua.
    • The Baboon Show, Suedia.
    • High Vis, Erresuma Batua.
    • The Chisel, Erresuma Batua.
    • Bad Nervers, Erresuma Batua.
    • Les Testarudes, Katalunia.
    • Kontralde, Euskal Herria.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak