Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/01/06 08:33:08.971 GMT+1

Autobiografia bikaina

Justu Gabonetako oporrak hasi bezperan, Aitor Arregi lankideak gomendatu zidan Stefan Zweig idazlearen autobiografia: El mundo de ayer. Memorias de un europeo. Berau erosi arte ez nuen bakerik izan, aurretik beste liburu bat irakurria bainuen Zweig-ena, Emakume ezezagun baten gutuna, izugarri gustatu zitzaidana.

Plazer handia izan da liburu hau irakurtzea. 546 orrialde ditu, baina zein gustura irakurri dudan! Bere orriotan aurkitu dut gizon bat handia, pentsalari zorrotza, europazale komentzitua, demokrata sufritua eta idazle bikaina. Barneratu naiz bere garaiko Europan eta ezagutu ditut hainbat eta hainbat pertsonaia nabarmen: idazleak, musikariak, pintoreak… XX. mende hasierako Viena, lehen eta bigarren mundu gerrak, orduko mugimendu bakezaleak, Hitlerren igoera agintera, juduen jazarpena, deserria…

Hain justu, hau izan zen Stefan Zweig-en azken lanetariko bat, berau idatzi eta gutxira, artean liburua argitaratzeke zuela, bere buruaz beste egin baitzuen Brasilen, lur jota naziak gerran egiten ari ziren aurrerapenengatik.

Nork: joxe.2009/01/06 08:33:08.971 GMT+1
Etiketak: zweig autobiografia | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Liburu bikaina, bai horixe. I. Mundu Gerra aurreko eta osteko Europa nola aldatu zen jakiteko oso lagungarria, besteak beste. Zweig oso idazle ezaguna zen bere garaian, eta azkeneko hamarkada honetan hasi da, penintsulan behintzat, berreskuratzen. Euskaraz badago, aipatzen duzunaz gain, beste nobela bat itzulita: Xake nobela. Dena dela, nik beti gomendatzen dut La impaciencia del corazón (garai batean, gaztelaniazko itzulpen zaharraren arabera, La piedad peligrosa bezala ezagutzen zena), di-da batean irakurtzen den nobelatzar psikologikoa.

Nork: Iban Zaldua.2009/01/07 01:40:22.471 GMT+1

Eskerrik asko, Iban. Kontuan izango ditut liburu horiek ere, zuk gomendatutakoak.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/01/07 22:14:57.144 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa

 

Nere idazle kuttunetako bat da Zweig. Orain dela urte batzuk deskubritu nuen eta lehenengo momentutik bere idazkerak atentzioa deitu zidan. Ze erraz gerturatzen duen irakurlea pertsonaien testu ingurura, beraien dilema zein mekanismo psikologikoetara!

Goian aipatutako nobelak ederrak dira oso. Eta biografo bezala ere azpimarratu nahi nuke. Bere autobiografia apartaz gain, Fouche, Magallanes eta Maria Antonieta-ren biografiak gomendatuko nituzke. Erabateko gozamena dira, nere ustez.

Zorionez, oso idazle emankorra izan zen eta bere liburu pilo bat dauzkagu oraindik irakurtzeko.

 

 

 

Nork: Aitor Arregi.2009/01/08 09:42:28.635 GMT+1

Eskerrik asko, Aitor, hasierako eta oraingo gomendioengatik. Denok gaude ados Stefan Zweig idazle handia izan zela, eta merezi duela irakurtzea.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/01/08 11:36:34.361 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/leihoa

Aspaldiko, Joxe!
Bilaketa baten ondorioz iritsi naiz hona eta kasu egitera geratu naiz.
Nik ere lagun baten bitartez izan nuen Stefan Zweig-en autobiografiaren berri eta irakurri dudan liburu onenetako bat iruditzen zait. Geroztik, beste batzuk irakurri dizkiot eta denak gustatu zaizkit. Gomendatu dizkizuten horiez gain, aukera duzunean, irakur ezazu 'Momentos estelares de la humanidad. Catorce miniaturas históricas'. Niretzat Zweig-en esentzia guztia hor dago, hamalau kontakizun labur eta eder horietan. Liburu gutxi irakurtzen ditut bi aldiz eta hori izan da horietako bat. Oraintxe bukatu dut bigarrengoz eta, hurrengo irakurgaiaren bila ari nintzela topatu naiz zure mezuarekin. Ezin ba aldegin zuri hitz batzuk eta gomendioa utzi gabe!
Ondo-ondo bizi.

Nork: Jabier Zabaleta.2009/01/08 23:23:03.195 GMT+1

Mila esker, Jabier! Kontua da, Zweig-en autobiografia erosi nuenean erosi nuela, baita, zuk orain gomendatutakoa, "Momentos estelares de la humanidad", eta hori ere irakurtzeko asmoa dut, are eta gehiago zure gomendioa irakurrita. Ondo segi.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/01/09 09:16:11.156 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/leihoa

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak