"Euskaraz bizi nahi duzun horri"

Erabiltzailearen aurpegia Itxaro Artola 2012-12-07 01:00

Egunotan bete dira 29 urte Arrasate Euskaldun Dezagun-AED elkartea sortu zela.

Euskararen erabileran urrats handiak eman ditugula ezin da ukatu, baina bide luzea geratzen zaigu elkartearen bultzatzaileek jarritako helburua betetzeko. Zapatuan ere Donostiako kaleak bete genituen Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Oraindik aldarrikatzen ibili beharra ere, bada marka! Horixe da, ordea, gure egunerokoaren gordina. 

Horren lekuko, Nekane San Miguel eta Jose Mari Velez de Mendizabal gure herrikideek duela egun gutxi, tokiko hedabideen bitartez lehenak eta bere blogean bigarrenak, euskaraz bizitzeko ahaleginean  jasan behar izan dituzten esperientzia latzen inguruan kontatutakoak. Bistan da. Bitoriano Gandiagak utzi zuen idatzia 1970 inguruan eta lehengo lepotik burua jarraitzen dugu: 

"Hemen / euskaraz ez dakienak / berak jakingo du / zergatik ez dakien. / Baina hemen / euskaraz ez dakienak / ez digu uzten / euskaraz egiten. / Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen / ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten".

Ez, ez digute uzten euskaraz egiten. Gure herrian, gure auzoan, gure atarian, gure lantokian, gure koadrilan galarazi egiten digute euskaraz bizitzea. Ez digulako euskaraz egiten uzten ikasi nahi izan ez duen auzokoak ere. Ez digutelako uzten ezta euskarari bizkarra eman dioten lankide, senide, adiskide euskaldunek ere.

Honenbestez, ezin gara manifestazio, aldarrikapen eta borondate hutsezko adierazpenetan geratu. Aurre egin behar diegu euskarari eta euskaldunoi eraso egiten diguten jarrera eta portaera guztiei. Goiko erakundeetatik datozenei bezain zorrotz inguru hurbiletik datozkigunei. 

Euskalgintzako erakundeoi dagokigu bide horretan akuilu lana egitea. Euskaldunon hiztun komunitatea bildu, elikatu eta aktibatzea. Baina euskaldun bakoitzarengan dago nagusiki euskaraz bizi ahal izateko giltza zein ardura. Lehen hitza beti euskaraz eginez, euskaldunon artean arlo guztietan erabiliz, euskaltasunarekin koherentzian jokatuz, euskarazko hedabideak eta kultura kontsumituz, euskaraz ez dakienaren eta belaunaldi berrien aurrean eredua emanez, bere ingurune naturalean eraginez… Bat bazatoz bidearen erdia egina daukagu.

--------------------

Itxaro Artola

(AEDko Ekintza taldearen izenean)

Arrasate

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa