Leintz Gatzaga
Arlabango plana lantzen dabil Udala
Urtebete da Arlaban gaineko plana egin zuela aurreko agintaldiko udalbatzak, Toledo aditu taldearen laguntzarekin hain zuzen. Orduan onartu barik utzi zuten –hauteskundeak tarteko–, baina ekainean kargua hartu zuen Udal taldea lanean ibili da azken hilabeteotan.
Eginda zegoen plana aztertu dute lehenengo, baita egin zizkioten alegazioak ere, eta aldaketa batzuk proposatu dituzte. Oraintsu elkartu dira Toledo taldearekin aldaketon berri eman eta lanari ekiteko berriro. Hala ere, planak aurrera egin aurretik beste kontu batzuk lotu behar dituztela Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin esan digu Eusebio Villar alkateak, Gaztainuzketan –Arlabanen dauden mendi etxeak– daukaten ur arazoa esaterako. Udal ordezkariak ekainean joango dira Turismo saileko arduradunei planaren aldaketen berri ematera, eta dituzten kezkak ere jakinaraziko dizkiete.
Gainera, Villar alkateak esan du Arlaban gaineko plana onartu aurretik herritarrei aurkeztuko dietela jakinaren gainean egon daitezen guztiak.