Leintz Gatzaga
Albisteak
Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa
Amazulo elkarteko fisioterapeutekin elkarlanean zoru pelbikoa indartzeko saioak antolatu ditu Gizarte Zerbitzuak. Data ez dute zehaztu baina apiril inguruan izango da. Izenemate epea zabalik dago martxoaren 30a arte eta interesatuek udaletxera deitu behar dute izena eta telefonoa emateko.
Larreen arduraduna etorriko da basoen gainean jarduteko
Gatzagan izango da laster Aldundiko larreen gaineko arduraduna. Basoen garbiketaren gainean jardungo du abeltzainen elkarteko kideekin eta Udal ordezkariekin.
Dorletako Ama taldeak aurkeztu ditu denboraldian arituko diren txirrindulariak
Guztira 32 gazte arituko dira Dorletako Aman; Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Aramaiokoak. Zapatuan Gatzagan aurkeztu zituzten errepideko txirrindularitzan arituko diren infantil, kadete eta jubenil kategoriatako taldeak; mendi bizikletan arituko direnak eta ziklo krosean arituko dena.
Elikaduraren gaineko ikastaroa Sorginak emakume elkarteak antolatuta
Sorginak emakume elkarteak gertu dauka Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitaraua. Elikaduraren gaineko ikastaroa izango dute martxoaren 5ean, egubakoitza, Garro jauregian (18:30) eta urtero egiten duten bazkaria zapatuan, Gure Ametsan. Izenemate epea zabalik dago domekara arte.
Herria mugitu egiten den aztertzen hasi da Aldundia
Gatzagako lurrak mugitu egiten diren edo ez jakiteko laginak hartzen hasi da Aldundiko Errepide Saila. Bost edo sei lagin hartuko dituzte herrian lau hilabetean behin eta ondoren jasotakoa aztertu egingo dute. Emaitzak eskuartean izateko gutxienez bi urte pasatu beharko direla uste dute Udaleko ordezkariek.
Txarriboda egingo dute Soranen martxoko bi aste bukaeratan
Txotx egin zuten joan zen astean Soran Etxean eta orain IV. Gastronomia Jardunaldietan hartuko du parte. Hori, baina, oporretatik bueltan izango da, domekan itxi egingo dutelako martxoaren 10a arte.
Inauterietako afarirako izena emateko azken eguna
Soran Etxea hotelean antolatu du aurten Kultura Sailak Inauteri-zapatuko afaria. Izen-emate epea gaur bukatuko da.
Semaforoak jarri dituzte herriko bi sarreretan, hilabeterako
Semaforoak daude Gatzagatik pasatzen den errepide nagusian joan zen astetik. Foru Aldundiko Errepide Saileko kideek jarri dituzte herriko bi sarreretan eta hilabete egongo direla iragarri dute "proba egiteko".
Sagardotegiko menua eskainiko dute Soranen
Oraindik ez du bete urte eta erdi Soran Etxea hotelak baina ekitaldi asko antolatu dituzte tarte horretan. Datorren aste bukaeran beste ekimen bat jarriko dute abian: sagardotegiko menua kupel eta guzti. Eguenean ekarriko dute kupela eta jangelan jarri; hala, afaltzen daudenek gura dutenean hartu ahal izango dute bertatik. Eta eguen guztietan ekarriko dute kupel berria, aste bukaeran sagardo freskoa izateko.
Zuzendaritza berrituta, hasi da Gurel aurtengo aisialdia antolatzen
Gatzagako gurasoen elkarteak, Gurelek, berritasunekin hasi du urtea; izan ere, joan den astelehenean egin zuen zuzendaritza berritzeko batzarra, eta urterako asmoak definitzen hasi ziren.
