Eskoriatza
Bihartik jaiak ospatuko dituzte Eskoriatzan
San Pedro eguna iragartzeko danborrak astintzeko gertu daude Eskoriatzan. Domekan, San Pedro bezperan, nagusien txanda izango da. Amuska emakumeen elkarteak antolatuta, sei batailoitan banatutako 150 pertsonak hartuko dute parte domekako danborradan, 22:30ean. Baina, jaiak egun bat lehenago hasiko dira, zapatuan.
Martitzenean, berriz, haurren txanda izango da. 180 neska-mutiko inguru aterako dira martitzen arratsaldean, 18:30ean. Danborradak jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoak izango badira ere, beste hainbat hitzordu daude eguaztena bitartean. Bihar hasiko dituzte jaiak Eskoriatzan.
Udaleko egitarauaz gain, gaztelekuak hainbat gauza prestatu ditu astelehenerako, San Pedro egunerako. 18:00etan Balance-Bike zirkuitua eta zango-luze tailerra izango dira eta jarraian, 19:30ean, Acoustic Covers Band taldearen kontzertua. Gauerako, berriz, afari gaztea eta sorpresak iragarri dituzte.
Herri bazkaria eguaztenean
Bestalde, eguaztenean, uztailaren 1ean, egingo den herri bazkarirako txartelak Inkernun eta Goxotxikin daude salgai, 12 eurotan. Menua hauxe izango da: entsalada eta oilaskoa, postrea, kafea eta pattarra. Interesatuek 943 71 46 88 telefonora dei dezakete erreserba egiteko.
Iazko Nagusien danborrada. Argazkia handitu
