Hondakinen bilketa mistoari buruzko bilera bertan behera geratu zen

Imanol Gallego 2013ko abe. 11a, 13:36
Hilabete pasa da Udalak Eskoriatzako iparraldean sistema mistoa ezarri zuenetik, eta atzo, hondakin bilketaren datuak emateaz gain, proposamen eta hobekuntzak jasotzeko bilera deitu zuen. Herritar talde batek ordea bilera egitea oztopatu ostean, batzarra bertan behera geratu zen.

Eskoriatzako hondakinen bilketa sistema mistoaren proba pilotuak hilabete bete du eta aurreko astean  hondakinen mahaiko kideak, herritar nahiz merkatari batzuen parte hartzearekin lehen balorazio bat egin zuten. Atzo aldiz, lehen bilera horretako emaitzak jakitera emateko, eta lan ildo berriak zehazteko herritarrekin bilera deitu zuten.

Udalak aurkeztutako datuen arabera azaroan 4700 kilo organiko jaso dira, 1260 kilo paper, 880 kilo ontzi arin eta 600 kilo errefus. Gauzak honela, fardelak aparte, %91,94­a era selektibo batean jaso zuten.

Jasotakoaren kalitateari dagokionez, lehen astetan organikoan inpropio asko jaso zen eta biltzaileek lan handia egin behar izan zuten. Bilketa hobetzeko asmoarekin herritarrei argibide eskutitz bat bidali zitzaien, edukiontzira bota behar denaren inguruko informazioarekin, horrekin batera, edukiontzietan ere kartelak jarri ziren. Guztiz honen ostean, organikoaren kalitatea asko hobetu zen. Udalak, prentsa ohar bidez zehaztu duen moduan, "kalitatea ez bada hobetzen, sistema ez da balioztatuko eta indibidualizatuago batera joko da 2014ko martxoa".

Bilera bertan behera

Datuak aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bilerak baina ez zuen aurrera egin. Herritar talde batek zintzilikarioen inguruan poltsak utzi eta gero, zalaparta eta oihu artean Ibarraundi museora sartu ziren. Bertan, aurrez jasotako kuboak bueltatu eta aurkezpena gelditzea lortu zuten. Herritar batzuk, aulkitik jaiki eta hizlariak eteteaz gain, hauen datuak zalantzan jarri zituzten. Oihu artean bosgarren edukiontziaren alde egin zuten eta sistema mistoa "inposatu izana" egotzi zieten udal ordezkariei. Aurkezpeneko hainbat daturi kontra egiteko, eurak ateratako hainbat argazki ere eroan zituzten.  

Igor Ezpeleta zinegotziak eta Beñat Herce alkateak bilerarekin jarraitzea ezinezkoa zela ikusi eta gero, bilera informatiboa bertan behera lagatzea erabaki zuten. Hala ere, informazio guztia herritarrei idatziz helaraziko zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak