Debagoiena

Eneko Azkarate 2008/03/10 01:30

Hauteskundeak 08: Arrasateko atentatuak eragina izan du ibarrean eta Hego Euskal Herrian

Dokumentu Akzioak

Sozialistak izan dira irabazle nagusiak Debagoienean ere, Hego Euskal Herrian eta Espainian bezala. Gehien igo dutenak izan dira eta hiru herritan nagusitu dira: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan; horrek eman dio garaipena ibarrean. Abstentzioak ere gora egin du. Hautetsi Independentistek aktibatu dute abstentzioaren zati bat: ia 20 puntu gora egin du. Jeltzaleek behera egin dute. Arrasateko atentatuak eta bipolarizazioak kalte egin die.

Egun lasaia izan da domekakoa. Arazo txiki batzuk izan ezik (Antzuolan, esaterako, Hau ez da demokrazia izeneko pankarta bat kendu zien ertzainek herritar batzuei). Normaltasuna egubakoitzean hautsi zen, ETAk Isaias Carrasco mondragoetarra, PSE-EEko zinegotzi ohia, hil zuenean. Egun bitan Arrasate hedabide guztiek berbagai izan dute. Baina domekako eguna ustekabekorik barik joan zen, oro har. Paskinak agertu ziren boikoterako deia eginez lurrean eta hainbat hauteskunde kolegiotan. 

Nabarmentzekoak:

  • Sozialisten gorakada eta garaipena ibarrean; abstentzioaren gorakada, Hautetsi Independentisten deiari erantzunez; eta EAJren beherakada, herri guztietan izan ez bada ere. Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan sozialistak nagusitu dira; Bergaran, Oñatin, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan EAJ nagusitu da. Orain dela lau urte jeltzaleak nagusitu ziren ibarreko herri guztietan.
  • Abstentzioa %50 baino handiagoa izan da 3 herritan. 22 puntu igo da abstentzioa Debagoienean orain dela lau urteko hauteskundeekiko. Hortaz, aktiboa izan da oraingoan abstentzioa.

Nabarmentzekoa, era berean, Sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Hego Euskal Herrian nagusitu egin direla. Nafarroan UPNk irabazi du, baina beste hiru herrialdeetan PSE-EE izan da garaile.

Azpimarratzekoa, azkenik, datozen lau urteotan senatari debagoiendar bat izango dugula Madrilen: Lorea Leanizbarrutia aretxabaletarra (EAJ). Leanizbarrutia 1956ko urriaren 4an jaio zen. Ezkonduta dago eta bi semeren ama da. Egun Donostian bizi da. Zuzenbidean lizentziaduna, eta Irakaskuntzan diplomaduna. Euskara irakaslea. Oñatiko Txantxiku ikastolako irakasle bezala hasi zuen (1975-1982). Gipuzkoako Foru Aldundian Euskararen Normalkuntzako Zuzendari Nagusia izan zen.

Mila esker Goiena!

inaki — 2008/03/10 13:26
Modu ironikoa indarrean:

Mezu honen bitartez nire eskerrik beroenak eman gura dizkiot Goienari hauteskundeei emandako jarraipenagatik. Halaber, benetan eskertzen dut atzo Goitb-n Deba Goieneko herriz herriko datuak eman izana.

Mikel Lete (EAJ)

usoa — 2008/03/10 13:47
Garbi ikusten da Bergaran lehen indarra izan garela eta baita Arrasateko atentatuak baldintzatu dituela emaitzak. Estatu mailako bipolarizazio kanpainak izan du eragina argi eta garbi.

Paco Garcia PSE (PSOE)

usoa — 2008/03/10 13:47
Lehenengo indar politikoa izan gara. Demokraziak irabazi du gaur, abstentzioa eskatu dutenen gainetik. Garai berri bat irekiko da Arrasaten: askatasuna, demokrazia eta zuzenbide estatuarena.

Agurne Barruso (Hautetsi independentistak)

usoa — 2008/03/10 13:47
Oso balorazio ona egiten dugu, abstentzioaren alde 200.000 lagunetik gorak egin dute eta. Kriminalizazioa eta errepresioa jasan arren, hor dago independentziaren hautua.

Pello Urizar (EA)

usoa — 2008/03/10 13:47
Orokorrean emaitza txarrak izan dira abertzaleontzat. PSOEri gora egiten lagundu dio ETAk. Ikusi besterik ez dago Arrasateko emaitzak. Ezker abertzaleak ere badu erantzukizuna.

Oxel Erostarbe (Aralar)

usoa — 2008/03/10 13:48
Gure apustua Euskal Herriari Bai zen, EAJk, EAk eta EBk atzera bota zutena. Erabakitzeko eskubidearen alde gauden alderdiok badugu zer hausnartu. Orain dela lau urteko emaitzei eutsi diegu.

Itziar Lamarain (PP)

usoa — 2008/03/10 13:48
PPk Arrasaten puntu bat galdu izana, azken egunotako gertaeren ondorioa izan daiteke. Bestalde, PNV-EAJk behera egin du nabarmen; argi dago, Euskadi nazionalista izateari uzten ari dela.

Karmelo Perez (EB)

usoa — 2008/03/10 13:48
PSOE eta PPren arteko lehiak kalte egin digu argi eta garbi. Ezker botoak PSOEren alde egin du Arrasateko atentatuaren ostean, eta gaitzerdi. Aralarren emaitza onak ere nabarmenduko nituzke.

Erantzuna gehitu

Formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
Idatzi zure benetako eposta. Erantzuna argitaratu aurretik epostara bidaliko dizugun mezuan agertzen den helbidera sartu beharko zara zure erantzuna konfirmatzeko.
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)

LAGUNTZAILEAK:

Eusko Jaurlaritzaren logoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoa Eroski Fundazioaren logoa


Estatistikak