Gure Esku Dago

Bidea hartu dute milaka lagunek eskutik oratuta, aldarri eginez

Erredakzioa 2014ko eka. 9a, 08:44
Eskurik esku, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen jendetsua gauzatu zen Euskal Herrian atzokoan, Gure Esku Dagok antolatuta. "Egun historikoa" izan zen askoren esanetan. Milaka lagun kateatuta, mezu argiarekin: "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da".
ARGAZKI GALERIAK
ArrasateBergaraOñatiOñatiAretxabaleta, Eskoriatza, GatzagaAntzuola, ElgetaAramaio

Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroko bidean, estu batu zituzten euren eskuak debagoiendarrek 7,5 kilometrotan (hasiera batean bost izan behar ziren). Kanpanzarren hasi eta Deskargarainoko ibilbidean izan ziren, Arrasate eta Bergaratik pasata (Aramaioarrak izan ezik, Irurtzunen egon ziren hauek). Debagoiendarrez gain, tartean ziren baita Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritakoak ere: Portugaletekoak, Erandiokoak, Sestaokoak edo Santurtzikoak. Ordu erdi iraun zuen kateak (12:00etatik 12:30era) eta argi geratu zen euren eskaera: "Gure esku dago".

08:30, eguna hasten

Goizean goiz hasi zen eguna eta goiztiar ibili zen jendea. Aramaioarrei Irurtzunen egokitu zitzaien kilometroa. Bide luzea zuten eta 08:30ean elkartu ziren kiroldegian bertara abiatzeko,  09:00etan ekin zioten bideari. Guztira lau autobus irten ziren.
Oñatitik ere goizeko bederatzietan hasi ziren autobusak joan-etorrian. Oñatitik Elorregira, eta handik Musakolako bidea oinez egin zuten txantxikuarrek bidegorritik. Oñatitik bertatik oinez edo bizikletan joan zenik ere izan zen.


Goiz ibili ziren baita Leintz Gatzagakoak, Eskoriatzakoak eta Aretxabaletakoak ere. 08:30ean irten zen lehen autobusa Eskoriatzatik, esaterako. Hauek Arrasateko Muxibarko biribilguneraino joan ziren autobusez, eta ondoren, oinez Kanpanzargo mendatera. Bat baino gehiago zen izerdi patsetan aldapa gora, egiten zuen beroarekin. Herri horietako beste batzuk, ordea, zuzenean autobusez joan ziren Sara jatetxe pareraino. Bizikletan ere hainbat animatu ziren.
Antzuolan 08:30ean hasi ziren hamarretakoa banatzeko postua prestatzen San Blas ermita ondoan. Indarrak hartzeko txorizoa banatu zuten. Antzuolar asko oinez joan ziren euren tokiraino. Eurekin batera baita Iparraldeko Aiherra herritik etorritako hainbat lagun ere (bi herriak anaituta daude). "Aukera aprobetxatu dugu, eta aldi berean, antzuolarrei bisita egin diegu" zioten Aiherrakoek.
Elgetarrak antzuolarrekin batera egon ziren Deskargan. Bi autobusetan eta autoz joan ziren bertara 10:00etarako, 120 lagun inguru denera.


Bergaran 09:30ean jarri zuten euren kilometrora abiatzeko ordua, Bideberrin eta plazan. Kalejiran egin zuten ibilbidea bidegorritik. Tartean, Udal Bandak ere jo zuen, Ibargaraitik San Antoniora bitartean.
Arrasatearrak Ferixalekuan, Muxibarren eta Kondekuan elkartu ziren. Antolatzaileen aginduen zain izan ziren, euren tokietara abiatzeko. Ordua iristean, banan-banan hasi ziren irteten Ferixalekutik. Euren metroa erakutsi eta trukean, zapia eta egunerako espresuki eginiko egunkaria jasotzen zuten.


10:30, itxaronaldia, jai giroan

Jai giroan eginiko aldarrikapena izan zen atzokoa. Eguerdiko hamabiak iritsi arteko itxaronaldian, ugari izan ziren animazioak han eta hemen. Besteak beste, Arrasateko kilometroan Txorbela otxotea kantuan, dultzaineroak eta trikitilariak; Musakolan, oñatiarrak izan ziren tokian, trikitxaranga; San Prudentzion txistulariak; Antzuolan, Aiherrako musikariak... "Oraindik 30 minutu falta dira, baina dagoeneko bagabiltza motorrak berotzen", zioen Kanpazarren zegoen lagun batek. Familia asko zeuden mendatean dantzan eta jolasean, baita manta gainean autoez jolasten zebilen ume talde bat ere.
Bergararren kilometroan bi gune jarri zituzten. Ola parean familien gunea erraldoi eta buruhandiekin; baita trikitilariekin ere. Gatz biltegian, berriz, DJa izan zen musika jartzen. Gaupasero dezente batu ziren bertan, izan ere, Bergaran Pentekoste jaiak ospatzen dabiltza. Bixamonarekin edo gabe, ezin kale egin. "Gaurkoan ezin hutsik egin" zioten hainbatek. Bestalde, Peio Garitano ere ibili zen bergararrak animatzen hauek izan ziren kilometroan.


Irurtzunen, aramaioarrak zeuden tokian, ere ez zen festa girorik falta izan. Karraka, txistuak, alboka, adarra, trikitiak... eraman zituzten aramaioarrek.
11:00, lekuetan kokatzen
Giza katearen hasiera ordua gerturatzen zioan heinean, ilara osatzen joan ziren herritarrak. Bata besteari eskutik heldu eta tokiak jartzen. Eta hutsuneak zeuden tokian betetzen, kateari alde batera edo bestera tiratuz.
San Prudentzion, baina, lasaiago ibili ziren. 11:15ean autobus mordoa heltzen zebilen oraindik, eta jendea hamaiketakoa egiten zebilen, patxadaz, elkartetik ermitara arteko tartean.


12:00, katea

Eta azkenean iritsi zen unea, orain dela urtebete iragarritako giza kateak forma hartu zuen, Durangotik Iruñarako 123 kilometroak betez. Orduantxe azaleratu ziren emozioak: hainbat lagun hunkituta eta beste batzuk hilabeteetako lanaren fruitua ikusiaz gustura. "Ileak tente izan ditut", "gauza berdina aldarrikatzeko horrenbeste jende batuta ikustea ikaragarria izan da", "hunkituta", "ikaragarria"... 30 minutuz egon zen Jende zoriontsua eskutik oratuta eta oihuak ere entzun ziren, gehien errepikatu zena: "Gure esku dago". Kantuan ere aritu ziren hainbat. Durangotik Iruñeara eskuz eskuz pasa zuten aldarrikapena, 30 minutuz. Etxafuegoekin batera, apurtu zen kate luzea. Festak, baina, Bergaran jarraitu zuen. Izan ere, Euskal Herrian bost  gune ezarri ziren ospakizunak egiteko, horietako bat Bergara. Bertan egin ziren arratsaldean zehar, besteak beste: ekitaldi nagusia, umeendako jolasak eta kontzertuak.
Giza katea, baina, hasiera besterik ez dela izan zioten asko eta askok: "Hau abiapuntua izan da", "bidea luzea da", "lan handia dugu egiteko", "herria mugitu behar da"...
Askok eskertu nahi izan zuten antolatzaileek guztia ongi irteteko egindako esfortzua, eta egunean bertan eginiko lana ere goraipatu nahi izan zuten. "Bikain" antolatuta egon zela zioten. Hein batean, emaitza ikusi besterik ez zegoen. Milaka debagoiendar eskutik helduta, esperotakoak baino askoz gehiago. Euskal Herri mailan ere, 50.000 pertsona batuko zirela aurreikusten zen, eta azkenean, 150.000 lagun izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak