Marta Ferrer: "Alergien ugaltzeak garbitasunarekin zerikusi zuzena du"

Eneko Azkarate 2014ko eka. 6a, 10:00
Nafarroako Unibertsitateko Alergologia saileko zuzendaria oraingo astean Arrasaten izan da alergien gainean berbetan eta ikusmin handia sortu du haren hitzaldiak: 'Zergatik areagotu dira horrenbeste alergiak?'

Gaur egun lehen baino alergia kasu gehiago dago?
Bai, bai, bai, hori hala da. Eta, gainera, gure bizimoduarekin zerikusi zuzena duela esan genezake; izan ere, mendebaldeko herrialde garatuetan gertatzen den fenomenoa da. Zenbat eta herrialde garatu eta aurreratuagoa, orduan eta handiagoa da alergiak dituztenen kopurua. Garatu bako herrialdeetan ez da alergien gorakadarik sumatu. Hori horrela da. Zergatik den ez dakigu, baina imajina genezake bizimoduarekin, ohiturekin… zerikusi zuzena daukala.

Zertan aldatu dira gure ohiturak?
Hipotesi nagusiak garbitasunarekin dauka zerikusia. Umeek, hazi ahala, eta gaixotasunei aurre egiteko txertoak hartzen dituzten heinean, germenekin kontaktu txikiagoa daukate eta sistema immunitarioa aldatu egiten zaie; ondorioz, gorputzak hainbat substantzia ezezaguntzat hartzen ditu, berez ez direnean ezezagunak.

Ingurumenarekin edo kutsadurarekin zerikusirik ez dauka?
Egin diren ikerketen arabera, ez. Esaterako, ikerketa baten, Suediako eta Estoniako bi hiritako umeak konparatu zituzten. Estoniakoak hiri industrial edo kutsatuago batekoak ziren, Suediakoen aldean, non ingurumena asko zaintzen den. Ikerketak ondorioztatu zuen Suediako umeek alergia-gaixotasun handiagoak dituztela. Beste ikerketa bat egin zuten Alemanian, bi herrialdeen bategitearen aurretik. Ekialdeko Alemanian alergia kasu gutxiago izaten ziren, baina bategitearen ostean parekatu egin ziren alegia kasuak. Zientifikoki, arrazoi konkretua ez da egiaztatu, baina bizi ohiturekin zerikusia daukala argi dago. Hipotesiak egiaztatzen du neurri bateraino ona dela germenekin, zikinkeriarekin edo baserri-guneekin harreman zuzena edukitzea alergiak saihesteko.

Alergia mota guztiak hazi dira?
Botiken aurkako erreakzioekin lotutakoak izan ezik, gainerakoen artean, bereziki, arnasketarekin edo elikagaiekin zerikusia duten alergiak hazi dira.

Hau arazo da?
Bai. Asma edo errinitis kasuekiko prebalentzia populazioaren %15 eta %20 artean dago. Hori oso tasa handia da.

Euskal Herrian, noiz jabetzen zarete arazoaz?
Gaixotasun alergiko asko ume-sasoian agertzen dira, baina, azkenaldian, 30 edo 40 urteko geroago eta jende alergiko gehiago dago, batez ere udaberrian, normala den moduan. Arrazoiak ikertzen dihardugu eta mundu mailan epidemiologia ikerketa sakonak egiten gabiltza.

Zeintzuk dira gaur egun alergia komunenak?
Kasu gehienak polenari lotuak daude eta udaberrian izaten dira. Horretaz gain, akaroei alergia diotenak ere asko dira. Akaroek giza eskamak jaten dituzte. Etxeetan daude. Kantauri isurialdean, eguraldi heze freskoarengatik, asko ugaltzen dira.

Zein da soluzioa?
Animalia mikroskopikoak direnez, ezin dira ikusi eta soluzioa da medikuntza: botikak, baina batez ere txertoak, akaroz egindakoak, gaitzak edo alergiak saihesteko edo gutxitzeko.

Oro har, eta batez beste, populazioaren ze zatik dauka alergiaren bat hemen?
Munduko populazioa aintzat hartuta, %15 eta %20 artean. Hemen, %12-15 artean gaude.

Alergiak arazo dira da medikuntzarendako eta osasun agintariendako?
Bai, serioa da. Urgentziazko edo lehen mailako arretako medikuek diotenez, gero eta gehiago dira alergiengatiko kontsultak. Horrek gastu sanitario handia dakar eta, bestalde, pazienteen bizi kalitatean eragin zuzena dauka. Esaterako, elikagaiei alergia dioten umeek eta haien gurasoek, bereziki, biziki sufritzen dute gaitzarekin, egunerokoan buruhausteak sortzen dizkietelako, eta abar.

Alergiak osa daitezke?
Arnasketarekin zerikusia dutenak txertoekin senda daitezke. Immunoterapiaren bidez. Gaixotasuna zenbat eta lehenago antzeman, orduan eta hobeto, eta 3-5 urteren epean senda daiteke: pastillak, tantak… dira erremedioa. Bestalde, elikagaiekin lotutako alergiei aurre egiteko, desentsibilizazioa erabiltzen da. Demagun esneari alergia diola ume batek, bada, dosi txikiak emanez eta dosia apurtxoka handituz, gaindi daiteke gaixotasuna.

Graminiek eragindako alergiak zelan senda daitezke?
Sendatzeko errazenak dira eta txertoarekin senda daitezke.

Pertsonarendako ondorio larriak izan ditzakete alergiek?
Bai, jakina. Esaterako, liztor baten ziztadak erreakzio larriak izan ditzake pertsona batzuengan, bizitza konprometitzeraino.

Gizarteak, agintariek eta medikuntza autoritateek behar besteko garrantzia ematen diete?
Lehentasunezko arazo izan arren, uste dut ezetz. Heziketa kontua ere bada, gizartea ez dago arazoaz jabetuta eta guztion ardura da. Horrez gainera, alergiak dituzten umeen gurasoek eta ingurukoek laguntasuna behar dute eta eskoletan-eta arazoaz berba egin behar da, arazoaz jabetzeko eta hobeto ezagutzeko hezi egin behar da. Osasun heziketa garrantzitsua da. Bestalde, ezinbestekoa da ikerkuntzarako baliabideak bideratzea.

Ez dira sasoi onenak ikerkuntzan inbertitzeko…
Baina beharrezkoa da etorkizunean onurak ekarriko dituen sektoreetan inbertitzea.

Azkenaldian, urteroko kontua da udaberria heltzean entzutea datorrena bereziki larria izango dela alergia dutenendako. Zergatik da hori?
Udaberria zelakoa izango den jakin daiteke aurreko udazkenean egin duen euri kopurua kontuan hartuta. Azkeneko hiruzpalau urteak polen kontzentrazio txikikoak izan dira eta, ondorioz, ez dira oso gogorrak izan alergiak dituztenendako. Gertatzen da, askotan, informazio oso orokorra heltzen zaigula eta ez dela berdin Iberiar penintsulako erdi edo hegoaldean gertatzen dena eta hemen gertatzen dena, eguraldia ezberdina delako.

Hedabideetan, gizartean, oro har, geroago eta gehiago egiten da berba alergien gainean.
Bai, geroago eta gehiago dakigu honi buruz, baina onena da mediku espezialistengana jotzea arazoaren gaineko zantzurik baldin badaukagu.

Alergiei aurre egiteko, asko aurreratu da azkenaldian?
Bai diagnostikoan eta baita tratamenduan asko aurreratu da. Osagarrien gaineko diagnostikoa oso garrantzitsua da jakiteko ze osagarri konkreturi diogun alergia. Horrek ulertarazten digu polen ezberdinek ze erreakzio gurutzatu duten, esaterako.

Gaixotasuna dutenen bizimodua hobetzeko lan handia egin da; aurreratu da?
Bai, bai. Batez ere, osasun heziketa hobetu den heinean. Alergia erreakzio gogorraren aurrean zela jokatu behar dugun eta abar jakitea, esaterako, oso garrantzitsua da. Edo elikagaiak zela erabili behar ditugun jakitea ere bai.

Zu zeu prestigio handiko medikua zara alergia kontuetan. Ze proiektu zehatzetan diharduzu une honetan?
Urtikaria kronikoan sakondu eta ikertu dut eta Europan arrakastaz frogatu den antigorputz batekin dihardut. Ondo funtzionatu duenez, itxaropenerako zantzurik badago eta gaitz hau dutenendako soluzio bat izan daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak