Debagoienak %27,2 hondakin gutxiago bidali du zabortegira urteko lehen lauhilekoan, Aldundiaren arabera

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 22a, 14:47
Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Gipuzkoak %11 murriztu ditu zabortegira bidalitako hondakinak, aurtengo lehen lau hilabeteetan, eta Debagoiena dago "hobekuntzarik handiena" izandako mankomunitateen artean. Datu horiekin, Zubietako erraustegi proiektuari nork heldu nahi dion galdetu du Iñaki Errazkinek, Ingurumen diputatuak.

"Aurtengo lehen lau hilabeteetako datuak agerian uzten ari dira birziklapenaren aldeko Gipuzkoaren apustuak oso emaitza onak dakartzala", Errazkin diputatuaren hitzetan. Emandako datuen arabera, aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, Gipuzkoak %11 gutxiago bidali du zabortegietara, 2013ko epe berarekin alderatuta. Hobekuntza "nabarmena" da, bere esanetan: "2013ko lehen lauhilekoan 64.761 tona bidali ziren zabortegietara eta 2014an, 57.556. Jaitsiera, beraz, %11,13 da".

Kaleratutako datuen arabera, gainera, mankomunitateka, Sasietak, Debagoienak eta Tolosaldeak izan dute hobekuntzarik handiena:

Mankomunitatea               2013      2014       Aldea

Sasieta                                4.819    3.123   -% 35,2
Debagoiena                        5.158    3.754   -% 27,2
Tolosaldea                           5.596    4.238   -% 24,3
Urola Erdia                          2.757    2.466   -% 10,5
Debabarrena                       6.555    5.860   -% 10,6
San Marko                          27.792  26.354  -% 5,2
Txingudi                             8.234    7.910   -% 3,9
Urola Kosta                         3.850     3.851   % 0,03

Datu horietan oinarrituta, aurreikuspena da aurten zabortegietara 170.000 tona bidaltzea; "duela zazpi urte baino %38,5 gutxiago".

"Organikoaren igoera ikusgarria"

Horri gehitu dio gaika bildutako organikoaren igoera "ikusgarria" dela, aurtengo lehen lauhilekoan "bikoiztu" egin delako bilketa, iazko epe berarekin alderatuta: "Aurten, urtarriletik apirilera bitartean, 7.058 tona materia organiko bildu dira gaika Gipuzkoan eta iazko epe berean, 3.541 tona. Hau da, lurraldeak bikoiztu egin du kopurua".

"Norabide egokian"

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek esan duenez, "oso datu onak" dira eta norabide "egokian" goazela erakusten dute: "Gero eta gehiago birziklatzen dugu eta gero eta hondakin gutxiago bidaltzen dugu zabortegietara. Datuek garbi diote Gipuzkoan gauzak ondo egiten ari garela eta gerturatzen ari garela 2016rako ezarritako helburuetara”.

Bere esanetan, 2014ko lehen lau hilabeteetako datuek agerian uzten dute Zubietako erraustegia erabat "gaindimentsionatuta" zegoela: "260.000 tonarako erraustegia zen, eta aurtengo aurreikuspena zabortegietara 170.000 tona bidaltzea da. Hau da: 90.000 tona hondakin ekarri beharko genituzke kanpotik, edo bestela, tarifa izugarri garestitu". Horri gehitu dio, 2016rako aurreikuspenak betez gero, "gaindimentsionamendua %86koa" litzatekeela: "Aurreikuspenak beteko bagenitu -eta bide horretan goaz-, gaika bildu gabeko 132.000 tona hondakin izango genituzke. Hori guztia Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantara eraman behar genuke: zati bat birziklatzeko edo konpostatzeko berreskuratuko genuke, beste bat ura litzateke eta tratamenduak lurrun bihurtuko luke, eta benetako errefusa gainerakoa litzateke: 40.000 tona inguru. Zertarako beharko genuke, beraz, Zubietako errauskailua, 260.000 tonarako diseinatua? Behar baino %86 handiagoa litzateke; erabat defizitarioa".

Errazkinek gogorarazi du, baita ere, Foru Aldundiak baduela plangintza bat, gaur egungo hiru zabortegiak ixtea ahalbidetuko duena, eta bide horretan ere urratsak ematen ari direla.

Bukatzeko, herritarrak zoriondu ditu, eurak direlako "aldaketa honen protagonista nagusiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak