Eneko Atxa: "Sukaldaritza izateko era bat da, konpartitzeko aitzakia"

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 25a, 08:12
Eneko Atxa.
Beste hainbat errekonozimenduren artean Larrabetzun duen Azurmendi jatetxearentzat hiru Michelin izar lortu dituen sukaldari zornotzarrak bigarren jatetxea ireki du Thailandian.

1. 15 urterekin hasi zinen Leioan sukaldaritza ikasten. Hori da hori gauzak argi izatea!

Edo bat ere argi ez izatea! Probatzeko joan eta zortea izan nuen. Lapiko artekoak dastatzea beti gustatu zaidanez, egiten jakitea gustuko nuen probatu nahi nuen.

 

2. Bigarren jatetxea Thailandian ireki duzu. Urrutiago ezin?

Posible da urrutiago ere... Proiektu erakargarria zen. Han ere ezkaratza, jakiak asko maite dituzte; horien inguruan bizi den kultura bat da eta horixe izan zen hara joateko arrazoi garrantzitsu bat.

 

3. Lortu dituzun hiru izarren artean, zeinek ilusio gehien?

Bakoitzak bere momentuan sekulako ilusioa egin zigun. Baina ametsik handiena hirugarrena lortzea da, azkenengo urratsa; hiru izarretako jende oso gutxi dago eta guri ere suertatu zitzaigun. 

 

4. 36 urterekin lortu duzun guztia lortuta, 50 dituzunerako geratuko zaizu erronkarik?

Egunero dauzkagu erronka ezberdinak; egunero politagoak, eta batzuetan gaitzagoak ere bai. Horrek ez nau larritzen, badakit beharrak bakarrik ez, bizitzak ere erronka ugari ematen dituela.

 

5. Zein da asmatu duzun azken platera?

Txipiroiekin egindako baten jardun dugu: bere saldarekin egina, tipula xigortua du, lurruna... Baina inoiz ez gabiltza bakarrean lanean. 

 

6. Eta plater bat asmatzeko, zein da abiapuntua?

Gauden sasoia, ea euskal despentsan  zer dugun. Gero, produktuari buruzko informazioa, dauden teknikak eta aurkezpenerako ideiak ere ikusi behar dira. Dena talde txikitan landuta, platerak irteten dira. 

 

7. Beti dago berritzerik?

Bai; edozein diziplinatan bezala, hau ez da bukatzen. Oso gustura ibiltzen naiz horretan; niretzako lanak duen gauza politenetarikoa da: gauza berriak sortu eta bezeroaren erantzuna ikustea.

 

8. Telebista ikusi besterik ez dago sukaldaritza modan dagoela jakiteko. Zer iruditzen zaizu?

Zirkurik sortzen ez bada, ondo dago: gure lana jendeari gerturatzeko eta gure kulturaren barne dagoen sukaldaritza erakusteko modua da. Baina arriskutsua ere bihurtu daiteke eta prudentziaz begiratzen diet saio horiei.

 

9. Dena den, supermerkatuetako apaletan gero eta gehiago dira aurrez prestatutako janak.

Horrelako jaki bikainak daude, baina sukaldaritza ez da jakiak transformatzea bakarrik: egoteko era bat da, izatekoa, konpartitzeko aitzaki handi bat; baita plazeraren bila dabilen diziplina ere. 

 

10. "Euskal Herrian beste inon baino hobeto jaten da". Ados?

Mito bat da; hemen bikain jan  arren, bidaiatzean konturatzen zara toki askotan oso ondo jaten dela. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Erantzukizun handiegia izango litzateke, baina sendaezinak diren gaitzak sendatzeko erabiliko nuke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak