Espaloiaren kudeaketa esleitzeko lehiaketarako pleguak onartu ditu Elgetako udalbatzak

Julen Iriondo 2014ko api. 16a, 14:18
Hamar urtez kafe antzokia kudeatzeaz arduratu den Goibeko euskara elkarteak zeregin horri uztea erabaki eta gero, ardura hori hartzeko interesa dutenek proposamena egin dezakete dagoeneko –50 egunekoa da epea–. Ekainean espero dute erabakita edukitzea esleipena, eta irailean hasiko lirateke maizter berriak zerbitzua ematen.

Espaloia Kafe Antzokia kultur jardueretarako gunearen, bertako ostalaritza zerbitzuaren eta Memoria Historiakoaren Euskal Interpretazio Zentroaren kudeaketarako interesa dutenek jarraitu beharreko arau, jokabide eta estiloa zehaztu ditu Elgetako udalbatzak osoko bilkuran. 50 eguneko epea dago orain proposamenak aurkezteko.

Euskal Herriko kultur eta arte produkzioa

Udaleko ordezkariek osatuko duten kontratazio mahaiak zerbitzua nori esleitu erabakitzeko kontuan hartuko dituenetako batzuk ondorengoak dira: eskainiko diren jarduera, zerbitzu eta ustiapenen programa; jardueren ugaritasuna, aniztasuna eta herritarren beharretara egokitzea; antolatuko diren jarduera eta ekitaldien kalitate, garrantzi eta erakargarritasuna; kultur gunea espazio dinamiko eta kultur-maila duinekoa izan dadila; eta euskara eta Euskal Herriko kultur eta arte produkzioa bultzatzea.

Euskara lehenetsi

Hain justu, zentzu horretan, esleipendunak euskara lehenetsi beharko du zerbitzua ematerako orduan. Adibidez, guneko idatzizko elementuak eta kultur jardueren ondorioz sortzen direnak, kartelak, sarrerak, eta abarrekoak euskaraz egon beharko dira, eta urtean gutxienez antolatu beharko dituzten hamar kultur ekintzetatik erdiak euskaraz izan beharko dira.

Asteburu eta jaiegunetan zabalik

Gunearen irekiera egutegiari eta ordutegiari buruzko irizpideak ere zehazten ditu pleguak. Gutxienez bariku, zapatu, domeka jai egun eta jai bezperetan egon beharko du irekita, eta barikuetan kenduta, beste egunetan goizeko hamarretarako zabaldu beharko da aretoa. Udalak propio eskatutako egun eta orduetan ere ireki beharko da interpretazio zentrorako bisitetarako, baita bestelako jardueretarako ere, aurkezpen edo dena delako. Eta herriko elkarte eta norbanakoek ere aukera izango dute gunea erabiltzeko, eskaera udaletxean eginda edo zuzenean esleipendunarekin adostuta.

Bestalde, kafe antzokia martxan jartzeko eta hamar urteotan Goibekok egindako inbertsioen truke, Espaloian antolatzen diren ikuskizun guztietan %20 merkeago izango dute sarrera euskara elkarteko bazkideek.

250 euroko errenta

Oxel Erostarbe alkateak nabarmendu du zerbitzuaren ardura hartzen duenak apenas egin beharko duela inbertsiorik, kultur zein ostalaritza alorreko ekipamenduak prest aurkituko baititu maizter berriak. Esleipendunak hilero 250 euroko errenta ordaindu beharko du.

Udalak espero du ekainean hartuko dela esleipenari buruzko erabakia, eta irailean hasiko dela lanean Espaloia kudeatuko duen talde berria. Kontratua izango da bi urterako, bi aldiz urtebete luzatzeko aukerarekin gehienez, Udalak hala erabakiko balu, eta maizter berriak lanean hasi bitartean egungo kudeaketarekin eta funtzionamenduarekin jarraituko du kafe antzokiak; bariku, zapatu, domeka, jai egun eta jai egun bezperetan egongo da irekita.

Informazioa: Elgetako Udaleko webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak