Eneko Bidegainek 'Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian' liburua aurkeztu du

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 15a, 14:22
Urrutia, Bidegain, Zabala eta Chueca, aurkezpen ekitaldian.
Duela mende bat, Ipar Euskal Herrian ondorio "ikaragarriak" izan zituen Lehen Mundu Gerran (1914-1918), 'Eskualduna' astekariak zein eragin izan zuen ikertzea izan du helburu; hots, euskaldunek Lehen Mundu Gerran parte hartzeari begira, zein izan zen astekariaren jarrera. Mondragon Unibertsitateko irakasleak goizean aurkeztu du liburua, Euskaltzaindiaren egoitzan. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 30. zenbakia da, eta unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Milaka euskaldun joan ziren gerrara, eta 6.000 inguru hil ziren. Giza hondamendiaz gain, ondorio politikoak ere izan zituen, gerra hura izan baitzen Frantziako nazio eraikuntzaren "funtsezko fasea". Eskualduna Ipar Euskal Herriko aldizkari eta egunkarien artean zabalduena zen orduan; gerra garaian, 7.000 ale baino gehiago saltzen zituen.

Bada, Eskualduna astekariak gertakari hari buruz idatzi zituen artikulu nagusien edukien azterketa egin zuen Eneko Bidegainek 2012an aurkeztutako doktore tesian, eta tesi haren bertsio ukitua eta laburtua da liburua.

Tesiaren hipotesi nagusia izan zen astekariak, gerraren harira, parte hartu zuela Ipar Euskal Herriko gizartea "frantsesteko prozesuan". Zergatik parte hartu zuen, nola, eta zertarako planteatu zuen Bidegainek eta, astekaria ez ezik, testuinguru politiko eta diplomatikoa ere ikertu zuen.

Ikerketa lan horrek esplikatzen du Ipar Euskal Herrian, Frantziaren esku zeuden beste hainbat lekutan bezala, "aberri txikiaren eta aberri handiaren" kontzeptua errotu zutela, eta jendea "prestatu" zutela, "bai fisikoki, bai psikologikoki, noizbait Alemaniaren kontrako gerra egiteko eta irabazteko". Gerraren kontakizun laburra egin du Bidegainek eta, horrekin batera, indar berezia egin du gerra hark Euskal Herrian nolako eragina izan zuen kontatzeko, baita Euskal Herrian nola bizi izan zen azaltzeko ere.

Gizartea "frantsesteko prozesuan"

Ikerketaren ondorio nagusia da Eskualduna-k parte hartu zuela Ipar Euskal Herriko gizartearen "frantsestean". Egileak hainbat arrazoi aipatzen ditu: "Batetik, Frantziako eztabaida politikoaren baitan sortu zelako; bigarrenik, Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunik ez zelako garatu XIX. mende bukaeran, eta, alderantziz frantses nazioaren errotze politika handia bizi izan zuelako; hirugarrenik, giro horretan, gerra lehertu zenean, Frantziako eztabaida politikoak izoztu eta batasun sakratua egin zelako; eta azkenik, informazioa lortzeko mugak eta zabaltzeko askatasun murrizketak gertatu zirelako".

Eneko Bidegainen hitzetan, "Eskualduna gerlaren logikan sartu zen Frantziaren alde, gerlaren erantzukizun guztia Alemaniaren gain ezarriz eta Frantziak irabaziko zuelako segurtamena beti azpimarratuz". "Ororen gainetik, Eskualduna-k frantses jarrera abertzalea erakutsi zuen eta, haren arabera, euskaldun izatea, fededun izatea eta frantses izatea nortasun beraren ezaugarriak ziren", Bidegainek dioenez. Eta ildo horretatik, ondorioztatu du "gerlan zehar Frantziaren alde etengabe zabaldu zuen mezuarekin, Eskualduna-k Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantses sentiarazten parte hartu" zuela.

Eneko Bidegain

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Ikus-entzunezko komunikazioko graduan, eta Hezikom ikerketa taldeko kide.

Idazlea da –Anbroxio eta Mahatsaren Begia eleberriak, eta  Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia eta Gerla Handia, muga sakona saioak idatzi ditu, besteak beste–; bertsolari txapelketetako epaile lanak betetzen ditu; eta kazetari lanetan ere ibilia da.

Berarekin batera, aurkezpen ekitaldian izan dira: Andres Urrutia, euskaltzainburua; Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko errektorea; eta Josu Chueca, tesiaren zuzendaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak