Jakiundek beste bost 'jakintsu' izendatu ditu gaur Bergaran

Eneko Azkarate 2014ko api. 11a, 14:47
Jakiundeko urteko lehen batzarreko irudia, gaur, Bergarako Olaso Dorrearen kanpoaldean.
Bergarako Olaso Dorrean kokatzen den Jakiundeko egoitza iraunkorrean egin da gaur Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren urteko lehen batzarra. Ekitaldi honetan bost kide berri izendatu dituzte: Maria Teresa del Valle (Antropologia), Concepcion de la Rua (Biologia), Maria Teresa Telleria (Botanika), Itziar Laka eta Ibon Sarasola (Linguistika).

Dagokion hautaketa eta bozka prozesuaren ondoren, akademi-kide bezala aukeratuak izan dira bostak. Dagoeneko, 63 "jakitun" dira Akademia osatzen dutenak eta, horrela, lehen urte hauetan diziplina anitzetako pertsonalitateen eransketa eta egonkortze prozesuari amaiera eman zaio, Jakiundetik adierazi dutenez.

Bost 'jakintsu' berriak, ezkerretik hasita: De la Rua, Telleria, Del Valle, Sarasola eta Laka.

Akademia, 2007ean sortu zenetik, besteak beste, Maraa Bayo, Inma Shara, Luis De Pablo musikagintzan; Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, literaturagintzan; Montxo Armendariz eta Javier Agirresarobe zinemagintzan; Rafael Moneo arkitektagintzan…. izan dira Jakiunderen inguruan bildu diren izen esanguratsu batzuk.

Akademiako presidenteak Jesus Maria Ugaldek "jakitun" ugari eta akademiako ekintza esparruan jarduera duten Unibertsitateetako errektoreak bildu dituen urteko lehen batzarra zuzendu du.

Hasiera ekitaldiaren ostean, Juan Jose Zarranz, 1984. urtean espainiar estatuko lehen neurologia katedraduna bilakatu zen EHUko Neurologia katedradunak Artean islatutako ametsen desoreka batzuk hitzaldia eskaini du.

Batzarrak, azken aktaren irakurketarekin eta onarpenarekin aurrera jo du eta, ondoren, Akademiako kide berrien proposamen eta hautaketa egin dute.

Jesus Maria Ugalde presidenteak hitza hartu eta, akademikoekin batera, Akademiaren etorkizuneko proiektuak zehazteari ekin dio. Akademiak euskal gizartean eragina duten gaur eguneko arazoei aurre egiteko eta erantzuteko ardura du eta, ildo horretan, hausnarketak planteatzen ditu.  

Eratu eta abian jarri zenetik sei urte eta erdiko ibilbidea burutu eta gero, Jakiundek erakunde gisa sendotzea lortu du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren errekonozimendua ez ezik, Euskal Autonomi Erkidegoko hiru foru-aldundiena ere jaso du.

Maila goreneko erakunde aholkulari gisa sortu zen, gizartearentzat erreferentziako foroa izateko helburuarekin. Gizarterako eredugarria, anitza eta baliagarria bihurtzeko asmoarekin, konplexua den testuinguru honetan Jakiundek bere ekintza eta aholkuekin egokiak diren bideak aurkitzeko xedea du.

Akademiko berriak

Honako bost hayek dira gaur izendatu dituzten jakitun berriak:

Maria Teresa del Valle (Donostia, 1937)

EHUko Giza Antropologiako Katedraduna. Mikronesiako gizarte insulareetan antropologo gisa burutu zituen tokiko ikerketen ondoren eta Hawaiiko Unibertsitateko East-West Centeren izan zuen kultura-anitzeko esperientziaren ostean, EHUko lehen Giza Antropologiako Katedraduna bilakatu zen, antropologia feministan espezializatuz. Nazioarteko aldizkarietan artikulu ugari argitaratu ditu eta 12 doktoretza tesi ere zuzendu ditu. Eusko Ikaskuntzako hautatutako Presidenteordea izan da. 2010ean Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuen.

Concepcion de la Rua (Bilbo, 1957)

EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoko eta Abere-Fisiologiako Departamentuko Antropologia Fisikoko Katedraduna da. Eusko Iker Ikerkuntza Saria da. Antropologia Biologikoko alorreko berrikuntzarako ekarpenak egin ditu, ikuspegi molekularra giza bilakaeraren ikerketan barneratuz. Aintzin DNAko bere ikerkuntza lerroa nazioarteko proiekzioa eskuratu duen erreferentea bilakatu da. Egun cromañon eta neandertal bezalako giza espezie zaharreko genomaren sekuentziazio masiboko proiektua garatzen ari da. Bere taldea ikerkuntzako abangoardian kokatzen da.

Maria Teresa Telleria (Durango, 1950)

Madrilgo Jardín Botanico Errealeko, CSIC-eko ikerkuntzako irakaslea  (erakunde honen zuzendaria ere izandakoa). Bere  ibilbide osoa biodibertsitatearen analisiaren alorrean garatu izan du. Bere ikerkuntzek biologia ebolutiboan, ekologian, biogeografian eta kontserbazioaren biologian zuzeneko inplikazioak izan ditzakete. Europako, Afrikako eta Latinoamerikako 15 herri baino gehiagoko espedizio zientifikoetan parte hartu du, zientifikoki aztertu gabeko lekuetan prospezioak eginez. Esperientzia eta errekonozimendu handia du kudeaketa, azterketa, aholkularitza eta errepresentazio lanetan.

Itziar Laka (Ondarroa, 1962)

EHU-n Euskal Filologia ikasi zuen eta AEBetan Massachusettsko Institute of Technologyn  (MIT) bere doktore-tesia egin zuen, N. Chomsky eta K. Haleren begiradapean. Bostongo MITen eta University of Rochester-n irakaslea ere izan da. Euskadin Hizkuntzalaritza Orokorreko irakasle bezala aritu da Euskal Filologia Katedra bat lortuz. Europar unibertsitateetan ikastaroak eskaini ditu. Liburuak idatzi eta lehen mailako aldizkarietan artikuluak iragarri ditu. Euskal hizkuntzaren zabalkundean dihardu eta nazioarteko ikerkuntza-proiektuak zuzentzen ditu. Gaur egun hizkuntza desberdineko ikasketa prozesua ikertzen du, hizkuntzak giza buruan nola irudikatzen eta prozesatzen diren ikertuz.

Ibon Sarasola (Donostia, 1946)

EHUn Euskal Filologia-katedraduna da, Ingeniari Industriala (Bilboko ETSII-an) eta Filosofian eta Letretan (Bartzelonako Unibertsitatean) Doktorea. Euskal historian eta literaturan aditu handienetakoa eta euskal lexikografiako autoritate nagusietako bat ere. 80. hamarkadan Koldo Mitxelenarekin lan egiten hasi zen alor honetan eta Mitxelenak Euskarazko Hiztegi Orokorra zuzen zezala proposatu zion. Euskaltzaindiko akademikoa da. 2012an, Eusko Jaurlaritzak bere lana aitortuz Euskadi Ikerkuntzako Saria eman zion. Eleberria eta poesia, ere idatzi ditu.

'Krisiak 2014' eta 'Jakin Mina' programak

Batzarrean Jakin-Mina eta Krisiak 2014 dibulgazio edo zabalkunde egitasmoei buruzko informazioa eskaini da. Datozen hilabeteetan zehar Jakin-Mina programak aurrera jarraituko du. DBHko 4. mailako gazteei zuzendutako egitaraua da. Helburua akademikoki motibatuta dauden gazteak intelektualki eta pertsonalki ere gararatzea da, hitzaldiez eta erakusbidez osatutako diziplina anitzeko programa baten bidez. Programa hori lehen mailako adituek eman dute eta arrakasta nabaria jaso du. Erkidegoko eta Nafarroako 230 ikasle inguruk parte hartu dute Donostia, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean burutu diren hitzaldietan.
 
Bestalde, urte honetarako berrikuntza gisa, Krisiak 2014 egitasmoa sustatu da. Jakiundek egitasmo honen bitartez krisiak giza sormenerako, berrikuntzarako eta gizarte aldaketarako egoerak eragiteko aukera edo berma ahalbideratzen duen faktore baliagarriak izan daitezkeela aditzera eman nahi du.

Euskal gizartearen zerbitzura izanik, Jakiundek krisiaren inguruko bere ezagutzak, hausnarketak eta orientabideak eskaini nahi ditu. Hauek guztiak diziplina anitzetatik aurreikusiak.

Elay lantegian

Joan zen apirilaren 3an, Higss Bosoiaren aurkikuntzaren inguruko jardunaldia egitasmo honetan kokatzen den lehen ekimena burutu zen. Horretarako Higgs bosoiaren aurkikuntza ahalbideratu zuten esperimentuetan lan egin duen euskal ikerlari batek eta CERN-eko hadroien talkagailu handiaren osagai bat ekoiztu zuten langileek, Elay Taldeko ekoizpen lantegian bertan ezohiko topaketa bat mantendu zuten.

Jardunaldia Pedro Miguel Etxenikeren hitzaldi publikoarekin borobildu zen. 2014. urtean zehar 3 jardunaldi berri aurreikusten dira: Giza animaliaren jatorria Atapuerca Fundazioarekin eta Ontologiako Nazioarteko XI. Kongresuarekin bat (urria hasieran), Krisia eta Industria: etorkizuna eratzeko iraganeko lezioak Bilboko Udalaren eta Orkestraren laguntzarekin bat (urrian) eta Zaharkitze osasungarria urte amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak