Elgetan ekainaren 22an egingo dute hondakinen gaineko kontsulta, Udalak antolatuta

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mar. 26a, 13:45
Udalbatzak aho batez onartu zuen atzo herritarrei ondorengo galdera egitea: "Udaletxean adostu den hondakinen bilketa sistemarekin ados zaude?".

Kostata baina adostasun berri batera iritsi dira, bigarrenez, Elgetako udalbatza osatzen duten hiru talde politikoak. Hondakinak batzeko sistema bat adostu dute, eta herritarren iritzia eskatuko dute.

Kontsulta San Juan bezpera aurreko egunean egingo dute, ekainaren 22an. Aurreko aste osoan ere botoa emateko aukera egongo da. Elgetako erroldan dauden 18 urtetik gorako guztiek izango dute botoa emateko aukera.

Udaletxeko talde guztiek hartu dute emaitza errespetatzeko konpromisoa, herritarren herenak, gutxienez, parte hartzen badu.

Erabakia aho batez

Oxel Erostarbe alkateak esan zuen "sekulako ahalegina" egin dutela talde guztiek adostasun honetara iristeko. Esker hitzak luzatu zituen, eta "herritarrek eskertuko dute", esan zuen.

EH-Bilduko Janire Lazkanok aitortu zuen bigarren adostasun hau zailagoa izan dela. Esan zuen taldearendako atez ateko sistema dela eraginkorrena, baina elgetarrei ahalik eta alternatiba egokiena aurkezteko lan egitea izan dela euren autoa. "Lortu duguna ez da lan makala. Azkenean, bakoitzaren idealetatik askotan ez baina momentu batzuetan urrun geratu gara, baina proposamen txukuna lortu dugula uste dugu. Sistemaren eraginkortasuna frogatzeko epeak jartzeak, herri kontsultaren emaitzak kontuan hartzeko gutxieneko parte-hartzea ezartzea... erakusten dute helburuetara heltzeko konpromisoa hartzen duela Udalak. Orain herritarrekin batzarrak egitea tokatzen da. Gaur ez da ezer amaitzen, alderantziz, gaur da guztiaren hasiera", esan zuen.

EAJko ordezkari Patxi Basauri ere gustura agertu da erabakiarekin. "Hasieratik babestu dugu ekimena. Orain herritarrei eskatzen diegu kontsulta horretan parte hartzeko hau guztia aurrera atera dadin".

Ezarpena eta jarraipena

Kontsultaren emaitzek horrela adieraziz gero, hondakin bilketa sistema berria martxan litzake gehienez bi hilabete jota. Eta jarraipena egingo diote. Helburua da bilketa selektiboa %70-80ra heltzea eta jarraipena egingo da. Bederatzi hilabetera helburuen betetze mailaren balorazio orokorra egingo da.

Udalak hazienda batzordean egingo du aurrerantzean gai honen inguruko jarraipena, eta orduz aldatuko dute herritarren parte hartzea errazteko. Gainera, bilketa sistemaren inguruko azalpenak emateko bilera egingo dituzte herritarrekin atarika antolatuta. Lehenengo bilera datorren astean bertan hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak