Iñaki Errazkin: "Epeleko konpost-planta urte amaierarako gertu egongo da"

Eneko Azkarate 2014ko urt. 10a, 09:00
Iñaki Errazkin, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
Hiri hondakinengatik dago hedabideetan sarri Gipuzkoako Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, beste ardura batzuk ere badituen arren. Eta hiri hondakinen gainean jardun dugu harekin, Aldundiak dituen asmoak errepasatuz.

Juan Karlos Alduntzin zure aurretik Ingurumen diputatua zenari zentsura mozioa jarri ostean sartu zinen kargu horretan. Agintaldia lasaiagoa izaten ari da zuretako?
Urte eta erdi inguru egin dut karguan eta esango nuke bai Alduntzinen eta baita neure agintaldiak nahiko antzekoak izaten ari direla. Ika-mika giroan murgildu gara biok. Batez ere, errauste plantarekin zer gertatuko zen ikuskizun zegoenean. Nahas-mahas egoera bat sortu da, baina errauste plantaren inguruan behin betiko erabakia hartu ostean, uste dugu giroa lasaitzen joango dela eta eztabaida beste parametro batzuetan emango dela aurrerantzean, teknikoagoa, akaso, eta eztabaida politikoa bigarren maila baten geratuko dela.

Erraustegia Zubietan ez egiteko erabakia behin betikoa da?
Kontratua geratu da bertan behera, baina, egia da, errauste plantaren aukerak zabalik jarraitzen duela, batez ere hainbat alderdi politikok hori defenditzen dutelako. Halere, etorkizuneko perspektiba batetik begiratuta eta hiri hondakinen gainean egiten dugun apustua kontuan hartuta, Gipuzkoan errauste planta bat eraikitzeak ez dauka bideragarritasunik, gure ustez. Balorizazio energetikoa egiteko aukerarik ez delako geratzen, geroago eta hiri hondakin gutxiago sortzen delako eta gehiago birziklatzen delako. Hortaz, erraustegiaren aukerak gero eta zentzu gutxiago izango du etorkizunean Gipuzkoan. Batez ere betetzen baditugu Europatik datozen zuzenketak edo legeak markatzen dizkigun behar eta helburuak.

Hortik ondorioztatu dezakegu Gipuzkoan errauste plantarik ez dela eraikiko inoiz?
Behin betiko ezer ez da, baina oraindik lan asko daukagu hiri hondakinen gainean politika egoki bat egiteko. Horretan asmatzen badugu ez da erraustegi beharrik izango; aldiz, birziklatze politikan aurrera egiten ez badugu, aukerak eta eztabaidak hor egongo dira. Hiri hondakinak birziklatzeko, berrerabiltzeko eta horiei etekina ateratzeko aukera aprobetxatzen badugu, bide onetik joango gara. Hori lortzen ez badugu, hika-mikak eta eztabaida politikoak jarraituko du.

Gipuzkoan, gaur egun, zenbat birziklatzen dugu?
Oraindik ez daukagu 2013ko datuak, baina 2012koak kontuan hartuta %34ko tasa daukagu lurraldean. Jakina, eskualde batzuetan gehiago birziklatzen da beste batzuetan baino. Sasietako mankomunitatean, esaterako, %50ean daude eta, beste muturrean, gutxien birziklatzen dutenen artean, Txingudi eta Debabarrena. Espero digu %35-40 tarte horretan kokatzea 2013ko birziklatze maila. Pausuak ematen ari gara, baina oraindik inportanteenak emateko daude. 2016ra begira, %60ko birziklapen tasara ailegatzea nahiko genuke. Horretarako, hortzak estutu beharko ditugu, baina lor daiteke, batez ere organikoa batzeko urratsak ematen bagoaz. Horixe izango da erronka nagusia; izan ere, etxeetan sortzen dugun hondakinaren erdia baino gehiago materia organikoa da.

"Zaborren kudeaketaz adostasunak lortzea izango da nire erronka" zenion kargua hartu berritan, 2012ko abuztuan, Berria-n. Erronka hori lortzea posible ikusten duzu?
Zaila da, jakitun naiz, gaia parametro politikoetan neurtzen delako eta lehia politiko eta elektoralean sartu delako. Batzar Nagusietan eta herrietan nabari da hori. Baina, bestalde, adostasunak ere lortu dira Arrasaten edo Azpeitian esaterako. Uste dut adostasunera lortzeko aukerak badaudela. Nire ahalegin guztiak bideratuko dira helburuetan ados gauden tokietan adostasunak lortzera. Gai honetan %80an ados gaude eta borondatea baldin badago, eta gure aldetik badago, lor daitezke adostasunak. Zaila da, baina beharrak ere badauzkagu. Ez dezagun ahaztu gai hau urte askotarako dela, hortaz, pazientziaz hartu behar da.

Arrasaten akordioa lortu dute hiri hondakinen gainean; Bergaran, ez…
Lehia politikoek, askotan, estaldu egiten dituzte benetako eztabaidak. Malgutasunez jokatzea eskatzen du egoerak. Gai teknikoetan eta helburuetan indarrak jartzen baditugu lor daitezke adostasunak. Bestalde, azpimarratu nahi dut, Debagoienean bertan, Oñatin eta Antzuolan, esaterako, hartutako erabakien ondorioz, %80tik gora birziklatzen dutela.

Zubietan aurreikusita zegoen errauste planta ez eraikitzearren 8 milioi eurotik gora ordaindu behar izan diozue enpresa eraikitzaileei. Dirua alperrik botatzea leporatu dizuete oposizioko alderdiek.
Guk ez dugu horrela ikusten. Errauste plantaren proiektuak 400 milioi euroko kostua zuen. Eta, guk, gaur egun planteatzen ari garenak kostu horren erdia dauka. Hiri hondakinei, beste azpiegitura batzuen eta berrerabilpenaren bidez, probetxu eta etekin ekonomikoa atera nahi diegu. Hortaz, 8 milioi edo 200 milioi ordaintzea bada aukera, argi dago, egin dugun hautua egokia izan da. Ez dezagun ahaztu azpiegitura handi hori ordaintzea herritarrei dagokiela eta haien tasetan jasoko litzatekeela.

Enpresei ordaindu zaien kalte ordain horien ondorioak igarriko ditugu herritarrok tasetan?
Ez. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan gaia eztabaidatu dute eta 2014ko zaborren tasa ez da igoko. Aldiz, jarraituko bagenu errauste plantaren azpiegiturarekin, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa behartuta legoke 2014ko tasa %50 igotzera eta horrek eragin zuzena izango luke herritarrengan.

Zer proposatzen duzue errauste plantaren ordez?
Sei konpost-planta, biometanizaziorako bat eta trataera mekaniko-biologikoko hiru proposatzen ziren eta Batzar Nagusietan onartuta daude eta ideia horrekin jarraitzen dugu. Indar legal guztia eta alderdien babesa dauka horrek.

Egingo dira azpiegitura horiek?
Gipuzkoan sortzen ditugun hiri hondakinen %80 tratatzeko, irteera emateko, aprobetxatzeko, aukera ematen digute azpiegitura lan horiek. Aipatzen dira materia organikoa tratatu eta berrerabili ahal izateko konposta plantak, plastikoa eta beira tratatzekoak eta geratzen zaigun zatikiarendako, errefusarendako, beste aukera bat proposatzen dugu: tratamendu mekanikoa ematea, lehenbizi, zatiki horri. Gero, beste tratamendu biologiko bat, materia egonkortzeko eta bolumena gutxitzeko. Eta, hori eman ostean, errefusa zatiki hori erdira murriztu eta, behin egonkortuta, azken zatiki hori une honetan balorizatzeko aukerarik ez dagoenez, fardoetan batu eta degradatuta dauden tokietan, gordetegietan, sartzea proposatzen dugu, egunen batean, berreskuratzeko aukerarekin.

Errefusaren azken zatikia gordetzeko biltegia non kokatuko den erabakita daukazue?
Oraindik ez. Datozen hilabeteotan egingo dugu lanketa hori mankomunitateekin batera. Gure lehentasuna, ordea, gordetegi horien aurretik tratamendurako plantak eraikitzea da. Itxierako emaitza izango litzateke gordetegi horien kokapena zehaztea.

Zabortegi bereziak izango lirateke?
Ez, zatiki hori gordetzeko planteatzen ditugun gordetegiek ez daukate zerikusirik gaur egungo zabortegiekin. Gainera, etorkizunean, arriskurik gabe, inori kalterik egin gabe, balorizatzeko aukera emango ligukete gordetegi horiek. Materiala atera eta berriro ere probetxua ateratzeko. Hori izango litzateke, nolabait, zirkuitua ixteko modua. Hainbat tokitan egiten dabiltza eta ekonomia eta ingurumenaren aldetik irteera egokia izango litzateke.

Azpiegitura horiek denak errauste plantaren inbertsioaren erdiarekin?
Bai, bai, hala da. Gainera, aurreko azpiegiturek baino 120 lanpostu gehiago sortzeko aukera eskaintzen digute, bilketan sor daitezkeen lanpostuez harago. Azpiegitura gehiago sortzeko aukera eskaintzen digu eta lanpostuena balioan jartzeko modukoa da, bereziki, krisi egoera honetan.

Sei konpost-planta aipatzen ditu planak.
Hori izango litzateke azken eszenatoki egokiena. Pausoz pauso joan beharko ginateke. Oraingoz, planteatzen dugu Bergaran, Epelen, eraikitzen ari diren konpost-planta. Bestetik, Lapatxekoa, Azpeitian, gaur egun martxan dagoena. Eta, beste bat, Zubietan, errauste planta eraiki behar zen lursail horietan kokatuko litzatekeena. Horretaz gain, Sasietan, Goierrirako, beste bat egitea planteatzen da. Horrekin nahikoa izango genuke datozen urteotan materia organikoa tratatzeko. Aurrerago, eskualde guztietan beharko genituzke bana.

Eta beste hondakinendako?
Plastikoa eta beira tratatzeko plantak gaur egun baditugu eta nahikoa lirateke. Horiez gain, errefusaren tratamendu mekaniko eta biologikorako beste planta bat Zubietan bertan eraikiko litzateke. Hauek denak Batzar Nagusiek onartutako aurreko plangintzan ere agertzen ziren eta, hortaz, uste dugu, adostasunez eraikitzen joateko aukerak baditugula. Gutxinaka, birziklapenean aurrera egin ahala, azpiegiturak osatzen joango ginateke.

Ze epez ari gara?
Adostasunean eta elkarlanean egiteko aukera badugu, azkarrago egingo ditugu.

Batzar Nagusietan lortu behar da adostasuna?
Batzar Nagusietan, mankomunitateetan eta hondakinen partzuergoan. Erakunde ezberdinetan alderdi ezberdinak daude eta denon arteko adostasunarekin azkarrago garatuko da plana. Aldundiaren aldetik alderdi politiko, eragile eta gobernu ezberdinen arteko elkarlana bultzatzen ahaleginduko gara. Aipatu ditudan azpiegitura batzuk agintaldi honetan amaitzeko aukera izango da.

Diputazioari dagokio azpiegitura hauek eraikitzea?
Ez. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren eskumena da eta bertan gaude ordezkatuta mankomunitateak eta Diputazioa. Batik bat, mankomunitateen ardura da tratamendurako azpiegitura hauek egitea. Aldundiaren lana da erraztaile eta laguntzaile lanak egitea eta guri tokatzen zaigu Batzar Nagusietako alderdiekin eta mankomunitateekin zubi lanak egitea.

Epeleko planta ze egoeratan dago, noizko egongo da?
Aurtengo urte amaiera bukaeran bukatzea espero dugu. Une honetan lurrak-eta egokitu dira, planta eraikitzen hasteko. Bertan tratatuko dugu materia organikoa eta konposta egiteko tratatuko dugu. Konpost hori saldu egingo da ongarri moduan. Arazo dena soluzio edo etekin bihurtuko dugu bertan. Urtean 10.000 tona tratatzeko aukera izango luke. Hori eginda, une honetan Gipuzkoan jasotzen dugun materia organiko guztia tratatzeko aukera izango genuke Lapatxen eta Epelen. Horrek ez du esan nahi etorkizunean urratsak eman ahala eta materia organiko bereizi gehiago jaso ahala, beste plantarik beharko ez dugunik eta horretarako proposatzen dira Zubietakoa eta Sasietakoa.

Ze inbertsio egin beharko da Epelen?
Guztira, 7 milioi euro inguru.

Gainerako azpiegituretarako Diputazioak gorde du dirudik aurtengo aurrekontuan?
Diputazioak zati baten laguntzen du azpiegiturak eraikitzerakoan eta hala jasota daukagu.

Aurtengo abenduaren 31rako gaur egungo zabortegiak itxita egongo dira?
Planteatzen dugun plana zenbaterainoko adostasunez eta azkartasunez garatzen den, horren arabera doa zabortegiak ixtea. Gaur egun ditugun zabortegiak itxiko dira epe horretan besteak egiten badira aurretik. Batek bestea ekartzen du. Zabortegi horiek aspaldian beharko lukete itxita. Lehen data 2009an jarrita zen. Tratamendurako azpiegiturak eraikitzen ditugun heinean itxiko dira zaharrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak