Topa Egunean aurkeztuko du Jon Sarasuak azken liburua

Eneko Azkarate 2013-09-26 13:05   Kultura  Aretxabaleta  Debagoiena

Azken urteotan euskalgintzaren gainean egin dituen hausnarketak batu ditu liburu batean Jon Sarasuak eta liburu hori zapatuan aurkeztuko du Soraluzen, Topa Egunean. Hiztunpolisa, Euskaltasunaren norabideaz apunteak (Pamiela) da izenburua. Elkarrizketa egin diogu eta liburuaren gaineko zehaztasunak eman dizkigu. "Ez ditut ideiak ezkutatu nahi izan lagunen arteko bakeagatik" dio. Biharko Goiena paperekoan irakurri ahal izango da eta baita Goiena.net.en ere. Hemen, aurrerapen bat…

Aurreiritzi, egiteko modu edo ohitura batzuk zalantzan jarri nahi izan dituzu?

Beno, hori esatea handinahi samarra izango litzateke. Ez dut ezer auzitan jartzeko helburu jakin bategatik egin. Doinu nagusia eraikitzailea da, eta eraikuntza horren zuhaitzak adar pila bat ditu. Nire barne bulkada nagusia izan da disko gogorra hustea. Burua apur bat libratzeko, beste gai batzuetarako ere. Ideia hauekin okupatua izan dut disko gogorraren parte bat eta hori atera, hustu, nahi izan dut. Irten duen horretan badaude zati astintzaile batzuk, badaude zati sakonagoak, baita energiak pizteko eta biltzeko doinua duten zatiak ere... Nagusiki, norabiderako egindako marrazkiak dira.

Norbait minduta senti daiteke?

Gerta liteke. Halere, ez dira testu gordinak edo probokatzeko helburuarekin egindakoak. Era berean, ez ditut ideiak ezkutatu nahi izan lagunen arteko bakeagatik (mundu honetan ia denok baikara lagun edo ezagunak). Badauka boltajea. Eragile batzuk deseroso senti daitezke esandakoekin. Liburuak bi parte ditu: batetik, lehen bederatzi kapituluetan, zati inorganikoa deitu diodan horretan, euskaltasunaren geroa pentsatzeko oinarri batzuk jorratzen dira. Bigarren atalean, beste bederatzi kapituluetan, alde organikoan, antolatzeko edo antolakundeetarako ideiak aletzen dira: gizarte eragileak, hedabideak, kulturgintzakoak, erakundeak… organizatzeko ideiak. Zer egin? galderari begira dago gehiena.

Zer egin beharko genukeen?

Estrategia da helburu-kateak antolatzeko gaitasuna. Baina aurretik bisio edo norabide maila lantzea eskatzen du. Nora goaz? Uste dut gauza askotan etorkizun-ikuspegi mailako lausoaldi batean gaudela. Hori lausotzen denean estrategiak ahuldu egiten dira, nahiz eta plan estrategikoak egin. Gizartean alor asko, eta euskalgintza ere bai, estrategia mailako ahulaldi batean dago.

Euskaltasunaren norabideaz apunteak titulatu duzu liburua. Zergatik apunteak?

Ehunka testu zatirekin osatua da liburua, zati nahiko laburrak. Gauza asko dago liburuan, gai asko, gehiegi beharbada. Espero nuena baino gehiago. Gauzak apuntatzeko tonuan egin nahi izan dut, erraz irakurtzeko moduan. Eztabaida sortzeko helburuarekin, eta ez jakintzaren talaiatik egindako zerbait balitz moduan. Horregatik deitu diet apunteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa