Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1

Monologoak: ‘Bodologuak’

BodologuakEspaloian


Bariku iluntze hotza. Jende bat etxean geratu izana erraz ulertzekoa. Hala ere, lagun dezente Elgetako Kafe Antzokian. Elgetarrak eta gazteak asko, gehienak. Bergaratik, Antzuolatik, Arrasatetik... eta aipatuak izan ziren eibartarrak ere bai :-) Aurrean, kartel ezaguna osatzen duten hiru lagun: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Ederra hirukotea!

Ez naiz bereziki monologo zalea. Izango da telebistako Club de la Comediarekin ez dudalako gozatzen, ez ditudalako ikusten esaten dituztenak, ez dudalako umore gertukotzat... ez dakit zein den arrazoia zehatz, baina, esaterako, nahiago dut talde eskas baten musika entzun ontzat jotako monologari horiek ikusi baino.

Ezberdina izan da hirukote honekin. Ni ez nengoen umorez bor-bor eta saioa etxean izanda ez dut izaten askotan aukerarik aulki batean jarri eta oso-osorik ikusteko ere. Betekadarik ez, eta aulkiren bat ere bazen libre eta aukera ederra ia monologoek euskaraz zer ematen duten jakiteko. “Euskaraz monologoak zer?” galdera erantzuteko jarri nintzen gozatzeko baino gehiago eta emaitza bikaina izan da ze gozatu nuen, asko gozatu eta galdera ahazterainokoa izan zen ordubetea. Algaraka egon nintzen. Oso merke, 12 euroan ordubete pasatxo algaraka. 



Bodologuak2.JPG

Euskaraz nola ez dira ba monologoak egin ahal izango! Hizkuntzak kulpa izango balu moduan! Edozeini gomendatzeko gaua izan zen. Egoitz Lasak apurtu zuen izotza (barkatu erdarakada baina gauaren lizentziaz egin dut). Aitzakia da Boda batetik datozela eta hango demasiak egin osteko haria erabiltzen dute hiru lagunen txandak osatzeko. Minutu bakarra behar izan zuen Lasak irribarrea ateratzeko Elgetan. Eta beste pare bat minututan bakarrizketa eten eta txaloak ere atera zituen. Txalo horiek eskertu eta jarraitzeak ekarri zuen irribarrea, algarak eta txaloak tartekatzea. Lasa oso sinesgarri eta "tenplau" banketa bakarraren laguntzaz. Eskarmentua balio.

Lasa eta Pagadi ikusi ditugu gehiagotan ere elkarrekin. Ondo moldatzen dira taula gainean eta baita azpian ere. Gidoigintzan ondo eta idatzitakoa defendatzen berdin. Pagadik baditu, taulara atera orduko aldeko puntuak irabazita. Atzoko ikus-entzule batzuk komentatu zidaten txikia gustatu zitzaiela, handi ikusi zutela berriz ere (eta “berriz ere”k argitzen digu badituela zaleak). Kapaza da hitz joku ebidenteekin barrea ateratzeko edo “erresistentziaren balioeza” aipatzen ausartu eta barreak lortzeko. Asko esaten du bere alde.

Eta Aranburu? Urteberi on, amona ikusitakook gogoratuko zarete han erabili zuen erregistroaz. Txukun orduan, ba “Bodologuak” monologoetan asko gozatu dut bere eszenaratzearekin. Eguberri off bat nuen gogoan, atera eta barre hori.. barre minutuetan sartzeko erraztaile zena eta izan dena Espaloian. Aupa Etxebeste, Eutsi... irudi horiek etorri zitzaizkidan burura, baina monologoak amaitu ostean ze tarte horretan harrapatuta izan ninduen, lelotuta eta barrez. Aretoak husten zeudela galdetu ziotenean erantzun hau bota zuen “Ez gara preokupatu behar, okupatu baizik.” Onartu dagidan ordutik hasi zela ni lelotzen.

Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea, monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako, edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako, bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako, gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori trasmititu egiten dutelako...

Espero ez nuen gaua: ederra! Ibilbide luzea duen emanaldia. Programatzaileek ez lukete dudarik izan behar beraien antzeztokietara eramateko, ezta euskaraz bizi ez diren programatzaile horiek ere. Merezi dute antzeztokietara joaten diren ikus-entzuleek horrelako emanaldi batekin gozatzea. Nire ustez, taberna-girorako ere izango den arren, antzeztokian irabazi egiten baitu hirukotearen monologo sortak.

Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta eutsi horri!

 

Nork: iarantzabal.2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1
Etiketak: mikel_pagadi aranburu monologoak egoitz_lasa lasa nagore_aranburu pagadi bodologuak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2012/02/03 12:26:35.685 GMT+1

Jendeak telebista erabiltzen du informatzeko

Beti gabiltza gora eta behera Internetekin... eta erabiltzen dugun askok, asko erabiltzen dugu, baina gehienei erakargarriagoa egiten zaie telebista. Ahaztuta ditugu euskarazko telebistak. Egigurenen esana ibili da egunotan hara eta hona: "ETB2 itxi eta euskarazkoa egin kalitateko" dio. Edo Gari Araolazaren hau ere hara eta hona dabil twitterren: Si hablas en euskera no sales en ETB2

Bueno, ba ekarri gura dut hona datu zaparrada batetik ateratako zati txiki bat barometrotik . Gabinete de prospección sociologica-k egindakoa da, ez barometroak. Euskaraz ere badago, baina nik erdarazkoa dut eskura. Zer erabiltzen dute herritarrek EAEn eta Estatuan informatua izateko? Galdera horri erantzuten diote horrela:

Barometroa 212

Zer pentsatua ematen du eta zer pentsatua eman beharko luke. Zer da euskaldunok ikus-entzun dezakeguna euskaraz telebistatik?

Euskarazko tokiko telebistek lekua dutela argia da, baina politikak ere bideratu beharko dira gehien erabiltzen den hedabide mota hau osasuntsuago izan dadin. Euskaldunok behar ditugu euskarazko kateaK. 

Adierazgarria, bestalde, egunkarien eta irratiaren datuak... Eta ojo, galdera ez baita entretenitzeko, edo bestelakoetarako, informatzeko zein den erabiliena da datua.

Nork: iarantzabal.2012/02/03 12:26:35.685 GMT+1
Etiketak: hedabideak telebista internet | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/01/26 18:30:31.962 GMT+1

11.500 zubi baino gehiago

 Gaur beste emailu bat jaso dut:520. zenbakia dauka urtarrilaren 26ko honek. Gustura jasotzen ditut eta jasotzen dudan aldiro pentsatzen dut atzetik dagoen lanean. Lan... zer esan zubitegian dagoen lanaz? Zorionak ematea erraza da, baina ez egitea ere... biba zuek. Hauxe jaso dudana: 

11.500 zubi baino gehiago

Entziklopedia baten tamaina hartzen ari da pixkanaka Literaturaren Zubitegia. Baditu jadanik 6.000 esteka, webgune batetik bestera gidatuko zaituen hipertestu bat, idazleen inguruko eduki ugarira iristeko: Wikipedia (730), Auñamendi (657), Liburutegi Digitala / Liburuklik (586), Susa (488), Klasikoen Gordailua (438), EHUko Euskal Literaturaren Hiztegia (380), Idazleen Elkartea (338), Urkizaren Bertso eta Olerkien Hemeroteka (309), Armiarmako Liburu Elektronikoak (302), basquepoetry.net (299), basqueliterature.com (253), Bidegileak (143), Donostiako idazleak (118) eta abar. Halaber, bilduak ditugu ia 3.900 liburu kritika eta 1.828 aipamen (idazleei buruzko artikuluak, hitzaurreak, sarrera entziklopedikoak). Beraz, 11.500 zubi baino gehiago eraiki ditu Zubitegiak, tresna erraz eta bizkor bat izan dezaten literaturzaleek.

Nork: iarantzabal.2012/01/26 18:30:31.962 GMT+1
Etiketak: susa emailuak zubitegia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/01/04 21:58:03.228 GMT+1

Kazetaritza gaur definitzen duten zenbait esaldi

Katalunian egindako erreportaje hau ikusten egon naiz. Ordu erdi ingurukoa da, eta esaldi pila bat ditu zer pentsatua ematen dutenak. Ez nago denekin ados, baina askok jotzen dute bete-betean… pentsatu dut bideotik ateratzea. Klaro, nork esaten dituen-eta inportantea da eta horretarako egin klik kataluniako nahieran-en: TV3-ko alacarta-:



  • Kataluniako unibertsitateko komunikazio zientzien fakultateko egunkari saltzailea bizi da gominolak eta litxarreriak saltzetik, ez egunerokoak saltzetik.
  •  Lehen 1.200 egunkari banatzen zituen banatzaileak orain 600 banatzen ditu.
  • Janis Krums-en adibidea (hegazkina Hudson errekan ) aipatzen da nola argazki bat atera, Twitterrera bidali eta mundu guztian nola zabaldu zen.
  •  9.000 milioi mobildun pertsonarekin ezin da lehiatu… moldatu beharko da kazetaritza egiteko modua.
  • The Philaldephia Inquirer  eta The daily news  ERE bat aurkeztera heldu ziren.
  • Kazetaritza egingo da baina ez papererako bakarrik: Internet, telebistarako, eskuko telefonoetarako, eta noizbait erlojuetarako edo datorrenerako egin beharko da kazetaritza.
  • Ikerketa kazetaritza egitea gero eta zailagoa da, dirua neurtzen den honetan…
  •  Autoinkulpatu ere egin beharko lukete egunkariek…: 1993an egunkariek %11-ko irabaziak izaten zituzten, orain %23koak dira, baina ez direla nahikoa esaten dute.
  • Kazetaritza enpresek ez dute jakin produktu erakargarriak eta errentagarriak egiten
  • Interesgarria zer da? erreportaje landuak edo kazetari lan automatizatua? Kazetaritza automatizatua makinek egiten dute…
  •  Prekarietateak kalitatean eragiten du.
  • Erredakzio ahulek ezin dute kazetari berezituetan inbertsiorik egin.
  • Kazetariak orain libreago dira berez. Baina albisteak diktatu ahala idatzi edo ikerketa egiten da?
  • Bigarren mailako bideetako kazetaritza interesatzen zait. Horrek du interesa
  • Krisi ekonomikoaren aurrean eta errentagarritasun bila bazterrean geratzen da kazetaritzaren bokazio soziala? Ospitaleetan osasuna bazter uztea letxe da hori.
  •  Avui.cat-en lehenengo gauza egiten dutena da hedabide digitala eguneratu goizean goiz. Bera da irakurriena… (erreportaje honetan ez da esaten, baina EREan dago Hermes-ek erosi ostean)
  •  Argazkiak notizia dagoen lekutik bertatik bidaltzen ditu kazetariak eta telefonoz esan zer dagoen ikusten segituan sareratzeko. Azkartasuna ezinbestekoa da, txipa aldatu behar da.
  • Kazetariak kamera erabiliz egiten du bideoa, baita papererako zein digitalerako.
  • Kazetaritza notiziaren lekutik egiten da ez bulegotik.
  • Kioskokoa baino audientzia handiagoak izaten dira digitaletan. Preparatuak egon behar gara horretarako.
  • Interneteko egunkari arrakastatsu batek %3 edo %4ko margenak uzten ditu, paperekoak %30.
  • Hanka bat Interneten eta bestea paperean izanda arrakala handitzen doa eta zabaltzen-zabaltzen joanda hankak zabaltzen doaz-eta…
  • Copy-paste robotek egiten dute 233grados.com -en (papera erretzen den graduak dira 233) Ez dute horretan segundorik ere galtzen. Ez dute azken ordua lantzen. Algoritmoekin egiten dute hori. Informazio ezberdina ematera dedikatzen dira errekurtso guztiak
  •  Biziraungo dugu ezagutu ditugun mantxeta barik, ez dago arazorik. Gazteenei zer esaten diote “El Mundo” edo “El país” markek? Guri baino askoz gutxiago. Orain sare sozialetan gomendatutakoa irakurtzen dugu…
  •  Eyeos-en argi diote: sare sozialetatik heltzen gara hedabideetara. Notizia guztiak daude sarean. Erronka da gustuko ditudan sei horietara heltzea. Gomendioak parte inportante dira horretarako.
  • Googlek hierarkizatzen ditu notiziak… makinak egiten du lana. Batzuek deformazio efektiboa deitzen diote.
  • Ordenatzea izango da kazetaritzaren etorkizuna, mentalki ordenatzea.
  • Arrakastetako bat blogak izaten jarraitzen dute. Notizia gertatzen den lekutik elikatzen direnak… Pertsonalagoak dira, libreagoak.
  • Google Espainiako ordezkariak dio Googlen indexatuta egonda jende gehiago heltzen dela hedabide horretara. Murdoc-ek ez du google alde batera utzi. 
  • Gai batekin hilabeteak eta hilabeteak egon naiz ikertzen, baina hori, gaur egun, ezin da egin...
  • Galdera garrantzitsua ez da “eta orain egunkariak?” galdera garrantzitsua da “orain kazetaritza?” eta erantzuna da bai, orain kazetaritza!
  • Soitu.es Dena desordenatua eta likidatzen daude, mahaiak eta aulkiak saltzen… audientzia handia zuten, baina…Akabo.

     

    **Esteher Llauradó eta Quico Concellón-en erreportajetik atera ditut esaldiok.

Nork: iarantzabal.2012/01/04 21:58:03.228 GMT+1
Etiketak: edukiak papera kazetaritza tv3 telebista internet | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/29 18:49:43.133 GMT+1

Tobera geniala izan zen

Albiste landua atera du Goienak Julen Iriondok sinatuta. Lotura honetan dago irakurgai: Barre eta zer pentsa ugari eragin ditu toberak lepo betetako Amaia antzokian 

Blogera ekartzen dut laburpen bideoa ideia bat egiteko:

Tobera egin dute Arrasaten from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Nork: iarantzabal.2011/12/29 18:49:43.133 GMT+1
Etiketak: debagoiena tobera arrasate | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/27 12:57:07.955 GMT+1

Txistuak edo(ta) txaloak instituzio(ei)ari

Oraingoan ere Sarasuar batek eman dit ba blog honetan idazteko puntua. Aurrekoan Aitor Sarasuaren bertsoak ziren. Oraingoan Jon Sarasuaren koplak. Faktoria saioan entzun berri ditut eta erdizka entzun... Faktoriako lagunei ia non dauden galdetu eta zast! segituan esan didate hemen zeudela: Imanol Epelderen blogean.
Aurretik, zerbait irakurri nion Andoni Egañari ere Berrian. Egia esan, Egaña, txaloei zentratuagoa txistuei baino. Hauxe azken puntua:

Min hartzen dutenen aldekoa naiz. Ulertu ezinik geratzen direnena, finean, fin ari direla uste dutela adierazten duelako. Horregatik jotzen dut naturaltzat Kutxa Fundazioaren gizarte alorrerako eta komunikaziorako arduradunak azaldu duen arrangura eta gogoetarako nahia. Naturaltzat jotzen dudan bezala, txistu jo nahi duenak txistu jo ahal izatea, eta jotzea. Izan zen beste kontu bat Illunben, egiazki berria, niretzat esanguratsuagoa eta luzera arrisku handiagoak ekarriko dituena: agintari batzuei txalo jo zitzaien. Eta horrek bai ez duela erremedio onik!
Eta Jon Sarasuak, berriz kopla hauek kantatu ditu "piskat estutu ezkero hi izan hinteken horri" beti ere interesgarri eta libre jarduteko modua ematen duten Putzuzulo Amets Fabrikan. Kopletan jarduteak oinetakoetan harri txintxarrak izatearen pareko omen, edo lokatza aipatu daiteke, edo fregatua, edo..:

Kargudunek erregalo.
Zein jator zein txorimalo
bereizi ezean, malo.
Lasai jo batzuei txistu
ta beste batzuei txalo.

Sari banaketan doa
min subliminal mordoa
baezpare itxi ahoa.
Prudentziaz oholtzan kantuz
ez da aipatzen laidoa.

Bertsogintzaren elizan
progresismoa kalizan
ta kontsentsua gerizan.
Ardi beltzen artaldean
zeinek nahi du txuri izan?

Txistujotzaile petoa
bi hankadun panfletoa
ia dugu etxekoa
distantzian begiratuz
espezimen konpletoa.

Txistulari txistulari.
Honi, horri edo hari
lehen instituzioari.
Ta orain sinpleki
hire alderdiko ez denari.

Txistu-jotze anonimo.
ausardizko keinu irmo
laido izkutu maximo.
aurpegira egindako
mintzoaren antonimo


Ematen du ba zer pentsatua txistuek zein txaloek. Ni denei txaloak jotzearen aldekoago. Eskerrik asko, Imanol Epelderi hau dena jaso eta zabaltzeagatik.

Nork: iarantzabal.2011/12/27 12:57:07.955 GMT+1
Etiketak: garitano kutxa sarasua bertsoak aldundia ruiz | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2011/12/22 20:10:15.466 GMT+1

Tobera: Aitor Sarasuaren kantua Arrasateri jarria

Hasi da berotzen... hemen kantutxo bat Aitor Sarasuak jarria. Ez da ez radioformula ze 6 minututik gorakoa da. Doinua ezaguna askorendako, baina letrak... berkantatu ditu Aitor Sarasuak astean bertan. Eta hemen entzungai, jaisteko aukerarekin, kopiatzeko aukerarekin... CC By SA.

Fauna Txiki Bat -Arratus Kampanzaris-(1) by Iban Arantzabal

Bertsoetako bat:

Txingurri gaixo ebentuala

kalien dabil primeran

kakalardo baltz lenau punkixa

parkien umezain eran

jestoretako aker hippixa

Eako ahuntzekin hegan

mobila eskuen buztanikara

Maxiko kutxan illeran

Herri honetan behar leukien

danak ez dauz Santagedan


Sarrerak erosteko: barra-barra
Informazioaa sartzen joango dira hemen: goiena.net/blogak/dtobera


Nork: iarantzabal.2011/12/22 20:10:15.466 GMT+1
Etiketak: sarasua aitor tobera | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/20 17:49:55.832 GMT+1

Debagoieneko Tobera: zeresana emango du, seguru!

ToberaSarrerak.jpg

Testua, goiena.net ataritik aterata.

Arrasateko herriari epaiketa

2011-12-12 11:53:28 Eneko Azkarate

Bergarak Arrasateko herria epaituko du Inuzente egunean, Debagoieneko Tobera antzezpenarekin. Bagara elkartearen ekimenez, Debagoienean lehengo aldiz antolatuko da Tobera bat. Baina, zer da Tobera? Antzezlan satiriko, ironiko, umoretsua da, kritikoa, baina modu eraikitzailea egina. Iparraldean du jatorria eta Lasarten ere egiten dute. Lehen aldiz, Gabonetan, gure ibarrean.

Bailarako hainbat pertsona ezagunek hartuko dute parte, baita kanpoko batzuek ere. Helburua da Amaia antzokia betetzea, ordu eta erdiko antzezlana ikusteko. Herritik sortua eta herriko kontuez jardungo duena izango da antzerkia. Sarrerak 7 eurotan jarriko dituzte salgai aurki.

Tobera bat da herri antzezpen bat eta ezaugarri nagusiak dira, esan bezala, kritika soziala, ironia, umore klabean eta kariñoz egindakoak, modu eraikitzailean, baina esan beharrekoak esanda. Hizkuntza ezberdinak erabiliko dituzte, baina %95ean euskaraz egingo da eta bertako euskalkiak errespetatuz.

Pertsona ezagunak

Toberan zerbait epaitzen da eta daude epailea, fiskala eta defentsako abokatua. Hiru paper horietarako aukeratu dituzte Mikel Irizar (epailea), Eneko Barberena (defentsako abokatua) et Ainhoa Agirreazaldegi (fiskala). Bailarako beste hainbat pertsona ezagunek ere hartuko dute parte.

Finean, Bergarak, ondoko herriak, epaituko du Arrasate. Baina, azken erabakia herri epaileak emango du. Bestalde, idazkaria, prokuradoreak, estamentu ezberdinak… ere izango dira.

Desfile bat egingo da. Egingo dute dei bat, kalean, hau da, anuntziatu egingo da epaiketa. Ikusmira sortzea da helburua eta, teorian, giza populuak jakingura edukitzea juzgatuko denaz.

Arrasate, sinbolikoki

Arrasate, herria bera, da juzgatuko dena. Arrasatek, sinbolikoki, daukan esangura, zentzu ezberdinetan: kooperatibak, Astore, Ternua, janzkera, punkyak, euskalgintza, Caja Laboral, Lagun Aro… Modu sinboliko batean, garbigailu eta hozkailu bat epaituko dira. Amaituko dugu garbigailu bat erretzen, puskatzen.

Toberak, esan  bezala, Iparraldean du jatorria. Han antzezten da mendeetan. Baditu, ordea, beste izen batzuk: Libertimendua, Astolasterrak, Karrusak…


Nork: iarantzabal.2011/12/20 17:49:55.832 GMT+1
Etiketak: debagoiena tobera | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/10 14:23:46.947 GMT+1

Durangoko azokaren balorazioa

Durangoko azokak eman duenaren balorazioa jaso zuen Azoka telebistak, azokaren azken egunean:

Nork: iarantzabal.2011/12/10 14:23:46.947 GMT+1
Etiketak: azoka durangokoazoka durango durangoko_azoka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/04 14:39:21.819 GMT+1

Azoka telebista bost egunetan



Pantaila hauxe egongo da egunero-egunero azokak irauten duen egunetan. Inork kopiatu gura balu embed kodea beste nonbaiten, ba hauxe da:

<iframe src="http://www.ustream.tv/embed/9870944" width="608" height="368" scrolling="no" frameborder="0" style="border: 0px none transparent;"></iframe>

Azoka telebistan ikusiko duzuna Gerediaga elkarteak kudeatzen du eta EITB, Hamaika eta Goienaren elkarlanari eskerrak daude irudiok.

Nork: iarantzabal.2011/12/04 14:39:21.819 GMT+1
Etiketak: azoka telebista azoka_telebista | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak