Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/03/17 22:05:06.651 GMT+1

Zartaginak lapikoari, ipurbeltz

Gaur, Gazako parlamentuko osoko bilkuran (parlamentari batzuek bideokonferentziaz jarraitu dute eztabaida eta baita bozkatu ere, bertara hurbiltzeko duten "ezintasuna" dela eta) batasun nazionaleko gobernua aurkeztu -eta onartu- da txalo beroen artean.

Israelek, sutsuki erantzun du aurreko gobernu "terroristaren" jarraipena besterik ez dela eta kontakturik ez dela egongo gobernua horrekin ahalik eta baldintza minimo batzuk onartzen dituen arte:

1- Israelen existitzeko eskubidea aitortu
2- Aurreko bake akordioak aintzat hartu

Existitzeko eskubidea? Akaso Italia, Alemania edo Errusia moduko herrialdeek existitzeko eskubiderik al dute? Besterik gabe existitu egiten dira baldintza historiko batzuk (Akordioak, gerrak, trukeak...) direla medio; inork horiek egiteko eskubidea zuten edo ez galdetu gabe. Besterik gabe, jazotako gertaerak dira. Orduan zergatik behar du Israelek existitzeko eskubidearen aitorpena? Aitortzen al du Israelek palestinarrek beraien lurrean aske bizitzeko eskubidea?

Palestinarrentzat gogorra da aitortzea Israelek existitzeko eskubidea duela, arrazoi sinple bategatik: Israelek bere independentzia gerra moduan ezagutzen duen gatazka armatuan, ehundaka milaka palestinarrek euren etxebizitzak uztera beharturik ikusi zuten bere burua, gaur egungo errefuxiatu arazo larriena sortuz. Hori dela eta, nola aitor dezake palestinar batek ez bakarrik Israelek etxetik bota eta bere guraso edo aitite-amamak hil zituela, baizik eta hori egiteko eskubide osoa zuela, giza eskubideen mende moduan ezagutua den XX mendean?

Bigarrenez, aipatu dudan bake akordioen kontua dago -bilateralki Israel eta palestinarren oinordeko den PAN-en artean sinatuak izan zirenak bere garaian-. Israelentzat, larria da oso palestinarrek aintzat ez hartzea akordio hauek; niretzat aldiz, are larriagoa da Israelek aintzat hartu eta gero bete ez izana, gezurrekin eta hipokresiaz jokatzen dutelako. Bestalde, NBEko erresoluzio gehien urratu dituen herrialdea badakigu zein den eta dirudienez, hauek ez dira aintzat hartu beharreko akordioak. Hona hemen adibide batzuk:

-194 erresoluzioa (1948ko gerraren ondoren errefuxiatu palestinarrei etxera bueltatzeko eskubidea bermatzen diena)

-242 erresoluzioa (Sei egunetako gerraren ondoren Israeli okupaturiko lurraldeetatik kanpora joateko agintzen diona, Sinai, Gaza, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem eta Golango gainetatik hain zuzen ere)

-338 erresoluzioa (aurreko erresoluzioa berriz baieztatu eta Israeli ekialde hurbilean bake justu bat lortzeko ahaleginak egiteko eskatzen diona)

-3236 erresoluzioa (Palestinarren autodeterminazio eskubidea eta errefuxiatuen etxera bueltatzeko eskubidea bermatzen duena)

Beraz, nor da Israel palestinarrei horrelako eskaerak egiteko, berak ere betetzen ez dituenean?


Nork: mikel.2007/03/17 22:05:06.651 GMT+1
Etiketak: politika palestina | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak