Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/04/06 20:30:00.800 GMT+2

Wikipediak 25.000 artikulu

Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena.

Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei wikilari edota lankide deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere.

Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da.

Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu zen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe.

Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.

Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena.

Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira. Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea, senidea... izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta sustatzaile.

Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiagak idatziriko artikulua.

Nork: mikel.2008/04/06 20:30:00.800 GMT+2
Etiketak: wikipedia | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Utzikeria izango da, aurreiritziak, edo despistea beste barik, baina begira, UZEIren webguneak wikipediaren lotura jartzen du entziklopediaren atalean, espainolezko wikipediara baina, eta berdin egiten du orria euskaraz - español - français - english aukeratuta ere.
Ez dira enteratu.

Nork: lima.2008/04/06 22:59:42.705 GMT+2

Ez du zer ikusirik Wikipediarekin, baina Kinky Beateko bideoa igo dut azkenean, Kafe Antzokiko kontzertuarena.
http://www.youtube.com/watch?v=LXQxcv-5TN8
Nahi baduzu gero mezu hau ezabatu ;)

Nork: newton.2008/05/01 14:08:17.423 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/29A

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak