Guztira 36 pertsonek hartu genuen parte lehiaketan (Lehiaketako wikian oinarriturik daude datuok) eta lankide bakoitzaren artikulu eta ekarpen desberdinak ikusiz eta zenbaki batzuk eginez, hau da nik lorturikoa:
- 36 partehartzailetatik, 8-k bakarrik jarraitzen dugu wikipedian ekarpenen bat egiten. Jakinda zortzi horietatik bost, aurretik ginela wikilariak, hiru noizbehinkako lankide berri lortu ditu euskarazko wikipediak, bat ere ez dena oso aktiboa.
- Lehiaketako lau artikuluk wikiketa sakon bat behar izan dute wikipedian mantendu ahal izateko. Lan gehiago beraz lankideontzat.
- Sarituriko artikulu bat ezabatua izan zen, ez zuelako wikipediako inolako araurik betetzen, kopiatu eta itsatsiriko apunte sortaren antza baitzuen. Sariketa horrek dena dela, sumina eta eztabaida ekarri zituen Zientzia Asteko blogean eta wikipedian.
- Kalitate handiko artikuluak sortu dira, horietako batzuk orain wikipediako nabarmendutako artikuluen artean daudelarik.
Garrantzitsuena ez da bakarrik wikipedia ezagutarazi edota lehiaketak dirauen bitartean wikipediaren aldeko hitzez ahoa betetzea, baizik eta hazteko beharrezkoak diren lankide aktibo eta kalitatezko artikuluak lortzea.
Horretarako, ezinbestekoa deritzot hurrengo lehiaketarako wikipediako politikak ea betetzen diren egiaztatzen duen taldeak beto eskubidea izatea, arrazoi nagusi bategatik: posiblea da artikulu zientifiko edota klaseko apunte bikainak eduki entziklopedikoa ez izatea, eta, artikuluok wikipedian agertuko direnez gero, berau deritzot izan beharko litzatekeela sariak ematerakoan pisu gehien izan beharko lukeen taldea. Horrek, arestian aipaturiko kasuaren antzekoak ekidingo lituzke.
Eta zer esanik ere ez, baldin eta kategoria batean artikulu batek ere ez baditu minimo horiek betetzen, kategoria horretako saria hutsik geratu beharko litzateke.
Amaitzeko, esatea bagaudela hainbat lankide aktibo edonolako zalantzak argitu edota kable bat botatzeko prest gaudenak.



Erantzunak
Azterketa interesgarria, Mikel.
Ados, batez ere azkenekoarekin: wikipediako jenderik (ohiko lankiderik, esan nahi da) al zegoen epaimahaian? Uste dut ezetz.
Eta, bestalde, sari bat egotea ez al doa Wikipediaren izpirituaren kontra? Nire ustez, neurri batean, badoa.
Nork: Unai Fdz. de BetoƱo.2008/04/06 16:34:32.508 GMT+2
www.ehu.es/hirigintza