Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/07/29 15:42:46.811 GMT+2

Treskavec

Bart, Treskavec monastegian (Prilep, Makedonia) idatzia.

Leku berezia da Treskavec monastegia. Makedonian erdialdean dago kokaturik, Zlato mendiaren tontorraren azpian, 1280 metrotako altueran.

Natura aldetik bista ederrak dituen kokalekua da, urrunean mendiak dituen bailara zabalez inguraturik dagoelarik. Ondareari dagokionez, XIV mendeko Sveta Bogorodica eliza txiki bezain eder eta oso interesgarria dago bertan, fresko benetan harrigarriekin apaindurik.

Bakea da nagusi hemen, isiltasuna, txoriren baten kantuak apurtzen duelarik: ez dago trafiko, oihu, ezta zarata zakarrik. Presa ere, lekuz kanpo dago. Lasaitasun osoa aurki daiteke hemen.

Paradisu txiki honetara heltzea ordea, ez da hain erraza izan. Goizeko seietan Ohriden autobusa hartu ostean (bai irakurle, horrelako sakrifizioak egin behar dira batzutan bidaiatzerakoan) zortzi eta erdiak aldera heldu naiz Prilep herrira.

Han taxia hartu behar izan dut Dabnica herrixkara, bertan hasteko monastegiranzko oinezko bidea, lehengo bide erromatar zaharretik (gaur egun monastegia dagoen lekuan, mendi punta galdu horretan, herri erromatar omen zegoen). Taxistak jarraitzea oso erraza dela esan dit, zuzen jarraitzeko.

Erraza zirudien arren, ez da hala izan, harrizko bloke erraldoi basoetatik igarotzeaz gain, leku askotan bidea desagerturik dagoelako. Paisaia ederrak ordea, neke eta madarikazio guztiak (uste dut Lonely Planeteko idazle eta taxista guztien ametaz gogoratu naizela) desagerrarazten ditu: Bailara amaigabea atzean, mendiak direlarik urrun-urrunean ikus daitekeen azkena; aurrean, horituriko belardiak eta erraldoi edota jentilen hiri baten azken aztarnak diruditen arrokak.

Baina heldu naiz monastegira. Fraile bakarra bizi da bertan, noizbait laguntzera doan bikote batekin batera. Gauza gozagarri asko dago hemen, baina guztietan eder eta ikusgarriena duda gabe, iluntzea da, inoiz ikusi dudan oskorririk politena sortzen duena. Eta horri, ingurune naturala, bistak, eliza eta giroa gehitzen badiogu, munduko leku ederrenetarikoan egon naizela esan dezaket, non eta Makedonian.

Bueltatutakoan, argazkiak jarriko ditut, nahiz eta ez dudan uste justiziarik egingo diotenik lekuari.

Nork: mikel.2008/07/29 15:42:46.811 GMT+2
Etiketak: uda2008 treskavec makedonia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak