Barruko patio batetik sartu nintzen porlanezko eraikintzarrera. Izerditan blai, nekatuta, motxila sorbalda gainean nuela, zabaldu nuen ate astuna.
Atari barruan jada, hezetasun usaina nabaria zen, itogin batek egiten zuen zarata akonpasatuarekin girotua. Nire begiak kanpoko argitasunetik barruko iluntasunera ohiturikoan, bazter batean, oraindik botila eskuan zuela, lo zegoen arlote bat hauteman nuen, txakurra alboan zuelarik, hura ere lo.
Ostatua, zazpigarren solairuan zegoen. Bota nion begirada igogailua itxura zuen zerbaiti; oinez igotzearen erabakia hartzea ez zen zailegia izan.
Behin ostatuan, atso maitagarri batek erakutsi zidan berau, baita hiriko mapak eman ere. Ez zegoen beste inor ostatuan momentu horretan. Parkea non zegoen, kale nagusia zein zen, bertara nola heldu... azaldu zidan ingeles eta serbiarraren arteko pot-pourri batez baliatuz.
Kafe kikara batera gonbidatu zidanean, ezin izan nion ezetzik esan, bezperako eguerditik ezer jan gabe bainegoen. Serbia zein polita eta beraren kontrakoak zein sasikumeak ziren kontatzen zuen bitartean, zur eta lur laga ninduen esaldia bota zuen:
-Ez zaitez fida albaniarretaz, giza-okela jaten dute.
Barre egiten hasi nintzen, automatikoki, hori ezinezkoa zela esanez. Haserretu egin zen, Kosovon albaniarrek serbiarrei eginiko sarraski egiazko eta irudikarien zerrenda bat osatuz: hilketak, bortxaketak, jenozidioak...
Momentu hartatik aurrera, Belgrado utzi nuen arte, atso hurak ez zidan berriz hitza zuzendu. Orduan, bertan lo egin izanagatik zenbat zor nion besterik ez zuen aipatu.
Ez nintzen ongietorria bertan.
2008/06/14 20:43:18.543 GMT+2
Iraganera osteratxoa (Belgrado)
Nork: mikel.2008/06/14 20:43:18.543 GMT+2
Etiketak:
belgrado
albania
serbia
uda2007
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)



Erantzunak
Ederra, Mikel. Poetikoa. Ondo segi.
Nork: Unai Fdz. de BetoƱo.2008/06/15 13:18:27.149 GMT+2
www.ehu.es/hirigintza