Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/11/12 22:18:11.317 GMT+1

Getxoko gazteria zinegotziari gutun irekia (Blogstivalaren gainean)

Oharra: Zegokion artikuluaren komentarioetan erantzutea pentsatzen nuen arren, bertan ikusiko ez zelakoan eta erosoago denez -niretzat- artikulu bat idaztea, artikulu berri honekin erantzun diot Getxoko Gazteria zinegotziak eginiko komentarioari.

Gazteria Zinegotzi agurgarria,

Poztu egiten nau nire moduko blog batean zinegotzi den norbaitek horrelako ekarpenak egiteak, ez dut uste euskarazko blogosferan horrelako aurrekari askorik egon denik.

Haatik, ez nago ados zuk aipaturiko argudio batzurekin:

Bigarren puntuaz,

esan duzu askatasun osoa egon dela blogstivalaren webguneko artikuluak idazteko hizkuntza aukeratzeko orduan. Primeran, gertatzen dena zera da, askatasun hori dela medio, ez dela bermatu honelako ekitaldi batean espero zitekeen (edo agian nezakeen) euskararen presentzia. Ez da (beti ere nire ustez) egon esfortzurik udalaren eta B-side elkartetik behar besteko euskarazko artikuluak idaztearen alde.

2 artikulu daude euskaraz bakarrik blog horretan, guztira 27 artikulu idatzita daudelarik.

Hirugarren puntuaz diozu,

ez dela inoiz esan gazteentzat zuzenduriko jaialdia zenik. Bada, agian ni izango nintzen hori gaizki interpretatuko nuen bakarra, aipamen batzuk zirela medio:

    Getxoberri egunkariko 208. Gazteak gehigarrian topatu dudana: "El servicio de Juventud considera, en definitiva, que el Blogstival ha sido una buena experiencia, que convirtió a Getxo, durante tres días, en la capital de la blogosfera más joven y activa."

    Gazteak gehigarri horretako aurreko zenbaki bateko (206) titularra: "Blogstival, primer encuentro "offline" de espacios jovenes online"

   
"El Correo Español" egunkarian, hain zuzen ere Urriak 3ko artikulu batean zera irakur daiteke: " La finalidad consiste en divulgar diferentes espacios en líneas dedicadas a los jóvenes, con contenido educativo e interés. "

Agian, erratu egin naiz eta ez zen gazteei zuzenduriko jaialdia. Dena dela, aitortu behar da, nahiko erraz eduki dudala interpretazio oker hori egiteko.

Laugarren puntuaz,

egia da ez dela berdina gazteetaz hitz egitea eta gazteen lekuan hitz egitea baina bat etorriko garelakoan nago gazteetaz era erdi-serioan hitz egin ahal izateko (are gehiago mahainguru bat montatzeko), beharrezkoa dela gazteen iritzia ere plazaratzea. Baina, arestian aipatu den moduan, ez bada izan gazteoi zuzendutako ekimena, primeran.

Komentatu duzu baita, euskarak dagokion presentzia izateko lan handia egin dela (ikastetxeetako dossier informatiboak  elebidunak izan direla eta emaniko 10 tailerretatik 6 euskara hutsean izan direla). Ez dakit sei tailerrok euskaraz bakarrik egin diren (ez dut uste) ez bainaiz egon, baina behintzat dakidana da tailerren %40an ez dela aukerarik eman. Eta eginiko mahainguruan euskarak presentziarik ez duela izan eta Blogstivaleko blogeko artikulu ia denen hizkuntza zein den jakiteak, ahalegin handi horri buruzko dudak ekar ditzake (edo diezaizkidake).

Bukatzeko, azken puntuaz, aipatu duzu

ez duela "aditu talde" batek egin, eta gazteekin eta gazteentzako lan egiten duten elkarte guztiekin (???) (Baina azkenean, gazteoi zuzenduta zegoen Blogstivala bai edo ez?) jarri zinetela harremanetan eta bide batez, komentatu duzu ezinezkoa zela blogosferan mugitzen garen guztiokin kontaktatzea. Azken honetan ados.

Dena dela, nahiz eta elkarte guztekin harremanetan jarriko zineten arren (zure hitza sinestea besterik ez dut), bagaude inolako elkartetan ez gauden blogariak (nahikotxo garenak), eta nire ustez nahikoa izango zitekeen Getxoberri egunkarian edo Blogstivaleko webgunean bertako blogariekin lan egiteko gonbita luzatu balitz.

Azkenik, zuk luzaturiko gonbitaren harira, hurrengo Blogstival batean parterik hartuko nukeen, oraindik erabakitzeke dut. Gaineratu nahi dut, guzti hau feedback eraikitzaile moduan egin dudala eta ez dudala inolako asmo suntsitzailerik izan, blogintza sustatzea udalerrian oso ideia polita iruditzen zaidalako, nahiz eta bitarteko batzuk agian ez zaizkidan aproposenak iruditzen.

Adeitsuki,

Mikel Iturbe

Nork: mikel.2007/11/12 22:18:11.317 GMT+1
Etiketak: kritika blogstival getxo | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Aupa Mikel.
Argi dago Gazteria zinegotzi jeltzalea, beste behin ere aurpegia agerian utzi duzula.
Zure argudioak, ondo kontrastatuta daude -lotura guzi horiek, artikuluen zenbaketa...- iritzi subjetiboaz gain, objetiboki ere landu duzu gaia. Zorionak.

Orain argi dago. Getxon, mereziko luke blogari gazte eta euskaldunekin saiakeratxo bat egitea.
Lekuak badaude, eta Getxo eta inguruan oso ekimen interesgarriak daude teknologia berriak eta hizkuntza uztartuta.
Blogari euskaldunak batetik, Gobelako hack_lab, Koska irratiak bideogintzan eta Interneten egiten duena, Egizu eta Bizarra lepoan euskararen inguruko blogak, etengabe, UKberri..... gauza asko benetan.

Nik duela urte pare bat bi hitzaldi eman nituen Getxon egun berean blogei buruz. Orain, bestelako egoera ikusten dut. Eta asko pozten naiz, zinez.

Zeozer antolatzeko laguntzarik nahi? Aurrera orduan.

Nork: patxi gaztelumendi.2007/11/13 07:59:22.810 GMT+1
http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak