Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/12/22 10:47:42.582 GMT+1

Badok Amairu!

Denboratxo bat -espero baino laburragoa egia esan- pasatu ondoren, esan nuen moduan, itzuli naiz blogintzara.

Askatasun gehiago ematen duen domeinu propioarekin, ondoren sor daitezkeen proiektu zein ideientzako euskarri politarekin. Ez dakit bidaia honetan nola irtengo duen kontuak, baina horrelako zerbait martxan izateak ilusio-zirrara sorrarazten dit, non hasi bai, baina nora daraman bidaia bat hasten denean moduan. Ikusteke dago zer etorriko den ostean.

Bitartean, ongi etorri hamahiru.org-ra. Gehiago jakiteko, jo ezazue eskuman dauden orrialdeetara: hamahiru? eta Nor dago atzean?

Orain arte gustura irakurri nauten irakurleei, feed-ak aldatzeko eskatzen diet eta, goiena.net-en bloga ostatatzea ahalbidetu duten guzti-guztiei, berriz ere, eskerrak eman nahi dizkiet.

Adiorik ez!

Nork: miturbe.2008/12/22 10:47:42.582 GMT+1
Etiketak: bloga ni itsasertzekozubia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/29 12:18:44.420 GMT+1

Etenaldia

Urte eta erdi baino gehiago pasa da blog honetan idazten hasi nintzenetik. Hainbat artikulu argitaratu ditut ordutik hona, zuek, irakurleek, zuen erantzun eta ekarpenekin aberastu dituzuenak, egunez-egun.

Dena dela, azkenaldian, zaila egin zait blogean idazteko gai aproposak topatzea eta, topatu ditudanean, egia esan, ez dut lortu artikulu borobil edo egokirik idaztea, teklatuaren aurrean blokeaturik geratu bainaiz. Artikulu politak izango zirenak ez dira zirriborro triste eta argitaraezin izatetik pasa. Horren ispilu garbia da azkenaldiko artikulu jario txikia.

Horregatik guztiagatik, etenaldi bat egitea pentsatu dut blogintzan, ondoren, agian, indar handiagoekin, motibazio eta proiektu berriekin (badut zerbait buruan)... bueltatzeko. Orain egia esan, kostatu egiten zait bloga mantentzeko ilusio eta gogoak bilatzea, ia-ia karga bihurtu delarik.

Urte eta erdian, hainbat gai jorratu dira blog honetan, wikipedia, euskara, software eta jakintza askatasuna, Getxoko blogstivala... baina jakin behar da noiz lotu. Bidaia honetan zehar, komentarioak egin (blogean edo blogetik kanpo), animoak eman, artikuluak zabaldu... duzuen guztiei nire eskerrik beroenak eskaini nahi dizkizuet, aipamen berezia egin nahi diodalarik Goiena.net-eko lantaldeari, bloga jartzeko aukera eta jasotako laguntza emateagatik.

Bigarren parteak ez ohi dira onak izaten, eta nik, ez dizuet kontrakoa bermatuko; blogintzara bueltatzeko asmoa dudala besterik ez.

Besarkada bat eta hurrengora arte.

Nork: mikel.2008/10/29 12:18:44.420 GMT+1
Etiketak: bloga itsasertzekozubia agurra ni internet | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2008/09/23 11:23:59.168 GMT+2

Euskarak ba al du mugarik interneten?

Informazio pixkat bilatuta ikus daiteke euskara, munduko 100 hizkuntza handienetatik urrun dagoen bitartean (100.ak 20 milioi hiztun ditu), interneten nahiko ispilu polita den wikipedian 47. hizkuntza dela. Badugu zer ospatu, lehen munduan eta dugun izpiritu euskaltzalea izatearen zorteari esker, hein handi batean. Baina, etengabe has daiteke euskara interneten?

Komunikabide euskaldun gehienak dirulaguntzez bizi diren bitartean, bideragarriak al dira mota bereko hainbat eta hainbat euskarazko webgune, bizi dugun euskarazko zibermunduan? Inork gutxi uka dezake beharrezkoak direla euskarazko gero eta eduki gehiago izatea interneten, blog, podcast eta abarrekoen bitartez, edota kostu askoz txikiagoak dituela interneteko webgune bat mantentzeak, paperezko egunkari bat kaleratzea baino.

Baina galdera konkretuagoekin sakondu gura nuke: posible litzateke beste entziklopedia aske euskaldun bat, wikipedia izanda? Edota tokiko albistegi euskaldunak Debagoienean edota Uribe Kostan, Goiena.net eta Ukberri.net erroturik egonda?

Hobekuntzak nabariak izan beharko lukete arrakastatsuak izateko, jendea erakarri ahal izateko, kasu askotan ez baitago oinarri zibersozial nahikorik bi antzeko proiektu erritmo bertsuan mantentzeko, Aupatu.com-en kasua horren adibide garbi-garbia delarik.

Galdera hauekin adierazi nahi dudana zera da, internauta euskaldunaren behar berriei erantzuteko prest egon behar duela euskarazko ziber-mundua, eta ez proiektu berri zatitzaileak egiteko, web2.0-ko proiektu bakoitzak eskatzen duen erabiltzaile komunitatearen eta internauta euskaldunen kopuruak aintzat hartuta.

Nork: mikel.2008/09/23 11:23:59.168 GMT+2
Etiketak: mugak euskara wikipedia internet | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (1)

2008/08/13 14:56:23.159 GMT+2

Kruja-Abando konexioa

Ezaguna egiten zitzaidan aurpegi hori. Aurretik nonbait antzeko zerbait ikusia nuen; baina ez nekien non...

Ez zen erraza, Tiranako plaza nagusian kokaturik dagoen Skanderbeg estatuaren aurpegiaz ari bainaiz hitz egiten. Non demontre ikusiko nuen nik aurretik Krujako heroiaren estatua baten aurpegiarekin antzik zuen ezer?

Eta orduan, buruari buelta asko eman ostean, argia ikusi nuen:



Banengoen ba ni...

Nork: mikel.2008/08/13 14:56:23.159 GMT+2
Etiketak: albania skanderbeg uda2008 umorea tirana sabinoarana | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/08/11 17:53:08.575 GMT+2

Bidaiako zenbait argazki



Slideflickr.com tresna erabiliz egina. Ea denborarekin argazki gehiago noan gehitzen pixkanaka...

Nork: mikel.2008/08/11 17:53:08.575 GMT+2
Etiketak: argazkiak uda2008 | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/07/31 14:55:43.301 GMT+2

Tirana

Leku desberdina da Tirana, Europako hainbat eta hainbat hirien artean desberdinetarikoa. XX mende hasierako arkitektura italiarra, kolore biziz apainduriko hormigoizko blokeak (Buenos Airesko Boca auzoaren antza du horretan) eta paseatzeko erosoak diren bulebar erraldoiak ditu, gerizpea egiten duten arbola handiekin.

Ez dago McDonalds-ik hirian, nahiz eta fast food saltzen duten leku asko eta asko dauden. Espaloietan posiblea da metro bateko sakoneradun zuloak topatzea, edota asfaltorik gabeko kaleak.

Aipagarria da baita hiri arteko garraioaren egoera Albanian: autobus eta minibus gehienek ez dute ordutegirik, betetzen direnean ateratzen dira, besterik gabe; tiketak ere ez dira erabiltzen, gidariari zuzenean ordaintzen baitzaio (ahaztu beraz ordutegien arabera planak egin edo aldez aurretik erreserbatzeaz). Ez dago autobus geltokirik Tiranan eta leku bakoitzerako autobus eta minibusak leku desberdinetatik ateratzen dira, leku hauek sarri aldatzen direlarik. Kartelen teknologia ez da oraingoz heldu garraiora eta gidariek oihukatu egiten dute nora doan minibusa, Algortako zapatuetako merkadilloaren antzeko giroa sortzen delarik errepide bidezko garraio publikoaren elkarguneetan.

Xarma berezia du Tiranak.

Nork: mikel.2008/07/31 14:55:43.301 GMT+2
Etiketak: uda2008 tirana albania | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/29 15:42:46.811 GMT+2

Treskavec

Bart, Treskavec monastegian (Prilep, Makedonia) idatzia.

Leku berezia da Treskavec monastegia. Makedonian erdialdean dago kokaturik, Zlato mendiaren tontorraren azpian, 1280 metrotako altueran.

Natura aldetik bista ederrak dituen kokalekua da, urrunean mendiak dituen bailara zabalez inguraturik dagoelarik. Ondareari dagokionez, XIV mendeko Sveta Bogorodica eliza txiki bezain eder eta oso interesgarria dago bertan, fresko benetan harrigarriekin apaindurik.

Bakea da nagusi hemen, isiltasuna, txoriren baten kantuak apurtzen duelarik: ez dago trafiko, oihu, ezta zarata zakarrik. Presa ere, lekuz kanpo dago. Lasaitasun osoa aurki daiteke hemen.

Paradisu txiki honetara heltzea ordea, ez da hain erraza izan. Goizeko seietan Ohriden autobusa hartu ostean (bai irakurle, horrelako sakrifizioak egin behar dira batzutan bidaiatzerakoan) zortzi eta erdiak aldera heldu naiz Prilep herrira.

Han taxia hartu behar izan dut Dabnica herrixkara, bertan hasteko monastegiranzko oinezko bidea, lehengo bide erromatar zaharretik (gaur egun monastegia dagoen lekuan, mendi punta galdu horretan, herri erromatar omen zegoen). Taxistak jarraitzea oso erraza dela esan dit, zuzen jarraitzeko.

Erraza zirudien arren, ez da hala izan, harrizko bloke erraldoi basoetatik igarotzeaz gain, leku askotan bidea desagerturik dagoelako. Paisaia ederrak ordea, neke eta madarikazio guztiak (uste dut Lonely Planeteko idazle eta taxista guztien ametaz gogoratu naizela) desagerrarazten ditu: Bailara amaigabea atzean, mendiak direlarik urrun-urrunean ikus daitekeen azkena; aurrean, horituriko belardiak eta erraldoi edota jentilen hiri baten azken aztarnak diruditen arrokak.

Baina heldu naiz monastegira. Fraile bakarra bizi da bertan, noizbait laguntzera doan bikote batekin batera. Gauza gozagarri asko dago hemen, baina guztietan eder eta ikusgarriena duda gabe, iluntzea da, inoiz ikusi dudan oskorririk politena sortzen duena. Eta horri, ingurune naturala, bistak, eliza eta giroa gehitzen badiogu, munduko leku ederrenetarikoan egon naizela esan dezaket, non eta Makedonian.

Bueltatutakoan, argazkiak jarriko ditut, nahiz eta ez dudan uste justiziarik egingo diotenik lekuari.

Nork: mikel.2008/07/29 15:42:46.811 GMT+2
Etiketak: uda2008 treskavec makedonia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/22 10:08:46.675 GMT+2

Tea eta kea

Bart, Istanbuleko kafetegı batean ıdatzıa.

Noızbehınkako plazer modura dut narghıla erretzea. Hau ıdazten nabılen unean ere, horretan nabıl, Meskıta Urdınaren parean, te kıkara batez lagundurık.

Zaıla ızaten da momentu berezıak ıslatzea hıtzen bıtartez. Honako hau, zaılagoa egıten zaıt, batez ere, zuk ırakurleak, hau ırakurrı orduko hemen ıdatzıtakoa ıragana ızango delako eta nı, zıurrenık berrız ere bıdean egongo naızelako, trenak eramango nauen lekuren batera.

Haatık, saıatuko naız deskrıbatzen; eguzkıa erortzen arı da Marmarako ıtsaso gaınean, meskıtetako mınareteak urre tonu ederrez tındatzen dıtuen bıtartean. Aro ederra dago Istanbulen, haıze fresko bezaın atsegınak jotzen duelarık. Gıro lasaıgarrıa oso. Duda ızpırık gabe, honelako uneak dıra gerora, bıdaıa ostean gogoratzen dırenak, baıta bıdaıatzera bultzatzen nautenak.

Kaltegarrıa den arren, konpaınıan elkarrızketara eta bakardadean erreflexıora bultzatzen duen tresna da ur-pıpa.

Kamareroak beste te kıkara bat ekarrı dıt, doan. Nıre buruarı galdetu dıot ez ote dudan denbora larregı pasa kafetegı honetan; ez du ordea asko ıraun pentsamenduak.

Oraın, zuen baımenarekın, ıdaztearı utzıko dıot, ıluntzen arı baıta eta ez dago argıtasun nahıkorık. Momentuaz gozatzeko garaıa da oraın. Bıtartean, muazzına otoıtzerako deıa zabaltzen arı da.

Nork: mikel.2008/07/22 10:08:46.675 GMT+2
Etiketak: uda2008 turkia istanbul | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/19 16:40:14.635 GMT+2

Orient Expressaren bidean

Atzo goizean heldu ginen Istanbulera aurreko garai batzuetan Orient Expressa hartzen zutenen antzera: Belgrado eta Sofıatık Istanbulgo Sırkecı geltoki mitikora.

Orient Expresseko antzıneko bidaiariek egiten zuten moduan, guk ere beste 25 pertsonekın konpartitzen dugun gela bat dugu ostatu, dutxa eta komun bakarra dugularik denon artean.

Berriz ere bueltatu gara supermerkatuetan bazkariak hartu behar izatera (Bulgaria bezalako txoiloak atzean geratu dira eta berriz errealitate gordinera egin dugu salto) gure aurretık tren mıtıkoko bidaiariek egiten zuten modura.

Heldu gara helmugara, laster, etxera bueltatzeko bidea hartu beharko da, hori bai, lasai-lasai eta presa gabe, oraindik ikusteko asko dago eta. 

Nork: mikel.2008/07/19 16:40:14.635 GMT+2
Etiketak: uda2008 turkia istanbul | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/11 20:15:09.435 GMT+2

Aurreiritziak edota 99 meskiten hiria

Denok ditugu aurreiritziak, era batekoak zein bestekoak, batzuk funtsa minimo batekin, besteak inolako funtsa gabekoak diren bitartean. Nik neuk, espero nuen Bosnia arras desberdina topatu dut, agian komunikabideen jarioaren bidez neure garunak garaturiko irudi grisaren ondorioz.

Herrialde berdea da, ederra, pagadiz, artadiz edota larre berdez estaliriko muinoz osatua. Herrietako meskitengatik ez balitz, Suitza edota Euskal Herria bezala identifikatuz erraz erratuko ginateke argazki bat ikustean, edota eskela batean agertzen den gizona herrikide bezala identifikatzean (gure txapelaren oso antzekoa den txapela janzten dute hemen).

Sarajevo, hiri gris, monotono eta bizigabe gisa izatea espero nuen; kontrara, esan dezaket hiri koloretsu, bizidun eta ondare aldetik oso aberatsa dela hiria. Momentuz, bidaia osoko sorpresarik handi eta atseginena.

Goiz afaltzeko aukera izan dugu Sarajevo inguruko mendi bateko puntan kokaturiko jatetxe batean, eguzkia jartzen ari zen bitartean, meskitetatik otoitzerako deia egiten zeudela hiriko panorama ederraz gozatzen. Hitzez zein argazki baten bidez justiziarik egin ezin dakiokeen egoera horietako bat bizitzen.

Batzutan, pena handia ematen du hiri bat uzteak... Gaurkoa ez da zentzu horretan salbuespena. Oraindik ez dut hiria utzi eta jada banago bueltatzean pentsatzen.

Nork: mikel.2008/07/11 20:15:09.435 GMT+2
Etiketak: bidaiak uda2008 sarajevo bosnia | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak