Goizean Lehendakariari entzun diot, Eurokopa dela eta, bere selekzioa Euskadikoa dela. Bada, antza, Kirol Sailekoak ez dira uste berekoak; bestela, nazioartean ofizialki lehiatzen den Wu Shu Euskal Federakundeari Beijingo Joko Olinpikoetan izateko baimena emango liokete; baina ez dute nahi izan.
Wushu, Txinako arte martziala da, kung-fu bezala ere ezagutzen dena. Jokoak Beijingen izanik, euren kirol nazionala han egongo da. Euskal Herrian geroz eta jende gehiagok praktikatzen du kirol hau. Wu Shu Euskal Federakundea dugu, azken urteotan Mundu mailako txapeldunak eman dituena. Egun, 20 talde inguru eta 2000 bat kirolari ari dira wushu egiten. Iaz, esaterako, bost munduko txapeldun eta taldekako bat izan zituen. Euskal selekzioak, azken urteetan, 30 urrezko dominatik gora lortu ditu Europa eta Mundu mailan.

Esaitek prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Bilbon. Euren esanetan, lehendabiziko aldiz, Euskal Herriak herri gisa Joko Olinpikoetan aritzeko aukera izan zezakeen. Sinadura bat baino ez zen behar. Selekzio batek bertan parte hartzeko ezaugarri bakarra estatu, herrialde zein gobernu lokal batek onartzea da. Baina Lakuan ez onartzea erabaki dute, nahiz eta Euskal selekzioa munduko onenen artean izan.
Aukera paregabea galdu da futbolaz hitz egiten dutenean esaten dutena egiteko. Azken egunetan eztabaida sortu da, hemengo politikari batzuen ahotik entzutean Eurokopan nahiago dutela estatuko selekzioari beste batek irabaztea. Alferrikakoa da aho txikitik horrelakoak botatzea, kolkorako beste erabaki batzuk hartzen direnean. Oraindik ez da erabaki honen inguruko adierazpenik egin. Eta Esaitek prentsaurrekoa egin ezean oharkabean igaroko litzateke. Kirola ez da futbola, bakarrik. Ofizialtasunaren bidean, pausuak eman behar dira. Ez da aski kirolarien borondatea bakarrik, erakundeen babesa ezinbestekoa da; eta benetan lortu nahi bada, bideragarri eta faktiblea denean, sinadura bat baino behar ez denean, horrelako erabakiak hartzeak iruzur zantzua hartzen du, eta jai dugu. Orain, laranjaz jantzi eta, erakustaldi folklorikoa egiteko, tourrera joatea nahiko dute.
Idatzi artikulu bat