Azoka ate joka, eta, honi lotuta, kartelaren inguruko eztabaida, giroa berotzeko, gaztaina erreekin batera. Urtero bezala, polemika sortu nahi izan da, kartel hauei dagokien propietate inherentea bailitzan. Izan ere, berdintasun sailetik delitutzat jo da paper batean txapel bat, aurikularrak eta emakume betaurrekoak agertzea.
Zergatik egon kartelaren aurka? Hona hemen absurdoaren argumentu batzuk:
· Modaren aurkako delitua: Baserritar txapelak ez du betaurreko fashionekin jokoa egiten, ez dute ondo konbinatzen.
· Sasiaren goraipamena: klandestinitatean dagoen aurpegi bako pertsonaren apologiatzakoa. Aurpegia ezkutuan eta txapela buruan ibili minduan.
· Adierazpen askatasunaren aurkakoa da, irudiak ez baitu ez aho ez mihi, zentsura defendatzen du.
· Literaturaren aurka doa: ez da libururik ageri.
· Pirateriaren apologia: ez da diskorik agertzen; aurikularrak mp3 batenak dira, legez kanpoko deskargak bultzatuz eta euskal musikagintzaren industriari eraso eginez.
· Emakumezko zein gizonezkoaren diskriminazioa egiten du
· Umeak ez ditu kontuan hartzen, jostailurik ez da ageri
· Arraza guztiak baztertzen ditu, gizakiaren aurkakoa da, izaerarik gabeko errobot edo ziborrak babesten ditu.
· Kirolaren eta, bereziki, euskal futbol taldeen aurkakoa. Txapelaren jabea Athletiken tixertaz jantzi zezaketen (edota Euzkadikoarekin).
· Orlegia gorroto eta arroxa gogoko dutenen aurkakoa.
· Ikurrinaren koloreekiko ultrajea, gorria beltzagatik ordezkatu baitu.
· Txapelgorrien eta txapelokerren aurkakoa, zer esanik ez bilbotar urdinaz.
· Garagardo orlegien propagandagile.
· Euskal abereen aurkakoa, ez baita euskal artzai, betizu, txarri, latxa, pottoka, hartz, balea, bilaurik agertzen.
· …
Beharbada, salatzaileak dira aurreiritziok barneratuta dituztenak, alusioa sumatzen dutenak, ez dagoen lekuan bilatzean, asoziazio ilunak egitean, zenbait uste erroturik dauzkatenak. Baloi bat agertzeagatik nesken jostailua agertzen ez dela kexatzen denak agerian uzten ditu dauzkan aurreiritziak.
Beharbada legez kanpo utziko dute, horrelako hainbat arrazoi perizialetan oinarriturik.
Nahi beste gehi ditzakezue zerrenda ireki honetara.
Erantzunak
ABSURDOAREN BESTE AURPEGI BAT:
Gaur goizean, AC/DCko sarreren salmentekin gertatu dena pasada bat izan da. Ez da normala denera 16.300 sarrera bazauden, bilbon: korte inglesen 4, ikatzen 12, Fnaken 200. Donostin140 sarrera inguru saldu dira Fnac-en; eta ikatzen, ez dute dendako pertsiana zabaldu ere egin.
Interneten erostea, loteria tokatzea bezelakoa izan da, dena kolapsauta egon delako. Telefonoz ere baten batek suertea eduki du.. ez da izan nere kasua.
Iruditzen zait, sarrera hauekin, Fnac en adibidez, bertako sozio batzuek preferentzia eduki dutela, telefonoz lortu dituztelako, a ze influentziak!!
Bestetik, sarrera gehienak, diputatuen artean banatu dituztela uste det, eta bestela, gaur goizian funtzionatu ez dun sistema fabuloso horren barneko estratosferan galdu direla...
Bueno, zorionak bestalde sarrerak lortu dituzten guztiei! ni goizetik egon naiz kolan baño esku hutsik etxera.. behintzat, lagun batzuk egin ditut ilaran zain nengoela
Bestetik, paso egia esan, diPUTAzioko marrazoez beterik egongo den kontzertu batera joatia, iruditzen zait, giro obeagoa egongo dala beste lekuren baten... Inoiz egon den entxufatuz beteriko kontzertu handienetarikoa izango da. On egin dagiela, gozatzen badakite behintzat.
Nork: Izaskun.2008/11/27 17:58:56.603 GMT+1