2009/11/24 20:57:16.792 GMT+1
Gure auzokideak arriskutsuak omen dira, humanitatearen bizi iraupena kolokan jartzerainokoak, apika. Gorbatadun korruptu guztiak baino gehiago, ziur baietz. Interpolen ustez, hauek dira gazteek gindako delitu beldurgarrienetakoak:
- Herri bazkari baten antolaketa
- Mus txapelketa ilegala
- Futbol 7 partidua: zazpi herrialdeen aldeko gorazarre subliminala
- Kontzertu zaratatsuen antolaketa
- Koadrilen arteko jolasak egin, kalean jolastuz, telebista aurrean egon ordez.
- Euskaraz bizi, lengua comun arriskuan jarriz.
- Auzolana, jendearen parte hartze aktiboa sustatzea
- Irudimena erabiltzea
- ...
Un paso hacia la Paz, hori esan du Francisco Lopezek, Madrilgo alderdiak EAEn duen delegatuak. Berrogei gazteren etxean gauez sartu, komunikabide guztien aurrean trofeoa erakutsi, eta orain batek daki nongo zulotara eraman dituzten, inkomunikaturik, Nazio Batuen esanei uko eginez. Egun batzuren buruan kalean izango dira, beharbada, baina kontatzeak ez du egunkaririk saltzen.
Azkenaldian, bakeranzko pausu bakoitza belarrondoko batez agurtzen da. Arrazoiaren aurrean indarra erabiltzea besterik ez zaie gelditzen. Gerta daitezkeen balizko eskenatoki guztiak, zabaltzen ari diren eta zabalduko diren ate guztiak itxi nahi dituzte. Herri honetan jakinmina, ekina, ilusioa, elkartasuna, auzo lana eta antzeko hiztegia egunerokoan darabilen gaztea zigortzen da, ezerosotasuna sortzen du, ezta?
Nahiago dute telebistan saltzen dioten oro sinisten duen gazteri prefabrikatua, botiloia egiten duena, zaborjale teledirijituak, iniziatibarik gabeak. Geldirik dagoen gizartea nahi dute, hormarik zikinduko ez duena, hiritar pulkroa, automata indibidualista; jai herrikoi, alternatibo eta patehartzaileak antolatu ordez Kokakolaren fiesta pribatuetara doazenak, demayorkieroserpromotorinmobiliario-ak. Alderdikide korruptuak eraman ordez, gure herriko edozein bizilagun euskaldun aukeratzen dute antzerkian parte hartzeko, mucha mierda, bai.
Hau guztia normaltasunaren bidean kokatzen da. Antzarrei bezala, ahoa zabaldu eta, enbutua eztarriraino sartuz, normaltasun guztia iruntziarazi nahi digute, demokratikoki.
Probokazioari indarkeriaz erantzutea nahiko lukete batzuek, horren esperoan leudeke. Euren jokoan erortzea erreza litzateke, eta aitzakiatzat baliatuko lukete, orain arteko gertaeren bilakaera logikoa aintzat hartuta. Beharrezkoa da, ordea, irtenbide demokratiko baten alde egungo ildotik lanean jarraitzea, eta probokazioari men egin gabe bide politikotik apustuari eustea, borondatea duenarekin indarrak batuz.
Nork: Lander.2009/11/24 20:57:16.792 GMT+1
Etiketak:
euskalherria
politika
euskal
herria
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2009/06/24 11:59:42.956 GMT+2
Aste hauetan Alfonso Sastrek idatziriko hainbat artikulu irakurri izan ditut. Azkena La prosa y la política izenburupean Gara egunkarian argitaratu duena. Honek, Alizia Stürtzek idatziriko El poder habla en prosa artikuluaren ildoari jarraiki, politika eta prosaren artean dagoen harremana jorratzen du. Bada, badirudi lengoaiari buruzko idatzi honek itsasoak harrotu dituela, beste hainbestetan gertatu bezala.
Izan ere, eragindako erreakzioen ondorioz, aski frogaturik geratu baita, de facto, artikuluaren tesi nagusia. Opila bailitzan, artikulu osoaren zati txiki bat hartu, moldetik atera, nahieran bihurritu, labean berriz sartu eta beraien gustura aurkeztuko dute, ginda eta guzti. Azkenean baten baten burua zilarrezko erretiluan aurkeztu nahiko dute, ahoan sagarra duela, hitz egin ez dezan.
Artikuluan esaten denez, prosa sistemaren unean uneko interesen mesedetan erabiltzen da, egiaren ostontzeko morroitzan; gezurraren basailu bihurtzen dute azken finean. Sastrek dioen bezala, prosa ez da hizkera arrunta goragoko maila batera igoarazten duena soilik; badu bere betebehar etikoa eta baita politikoa ere egiaren zerbitzura. Errealitatearen ispilu behar du izan, ahalik eta zehatzen erabili xehetasun txikienekin, egoeraren deskribapen egokia lortu bidean. Gero alferrikakoa bailitzateke laspus linguae zein lapsus calami makulu gisa erabiltzea nork bere burua zuritu asmoz. Ezen zenbaitek hutsegite semantikoan oinarritzen baitute euren zuribidea, besteei ez zaie horrelakorik onartzen, eta are gehiago, diskurtso osotik interesatzen zaien hori atera eta honen aurka jotzeko arrazoitzakoa ikusten dute, aurrez esandakoa oro aintzat hartu gabe.
Agian ez dute ikusi, ala besterik gabe, ez dute konturatu nahi izan artikuluan hausnartzen dituenez. Ziurrenik, ez dute ezta artikulua irakurri ere, muxugorritzeko lehen aitzakia ere badena. Edota, are muxugorrigarriagoa datekeena, artikulua irakurrita ere, eta, lotsaren lotsaz isiltzera mugatu ordez, doi-doian artikuluan salatzen den hori hitzez hitz sinatu dute.
Gainera, goi mailako ustezko demokraziazale batek ez dauka zertan txapa linguistikosemantikointelektualik goitik behera eta ezkerretik eskumara irakurri behar. Nork ikusten ditu CAV-eko presidentea eta beretarrak La prosa y la política izenburudun artikulu bat irakurtzen? Euren lagun buskaminasen batek erakutsitako azken bi lerroak erabiliko dituzte estandarte bezala, demokraziaren gurutzada honetan. Oihal zurian idatzita, noski. Hitzen konbinazio zehatz bat soilik, edota zerbaiten usainaren antzekotasunari nekez hurbiltzen zaion hitz-kate lausoa baino ez dute behar, aurrez bila ari diren hori frogatuta dagoela aditzera emateko.
Azkenean, idazten denaren orori antzemango diote bilatzen ari diren hori.
Eguraldi ederra gaurkoan. Ez dut ekaitza etorriko denik esango.
Nork: Lander.2009/06/24 11:59:42.956 GMT+2
Etiketak:
euskalherria
adierazpenaskatasuna
politika
sastre
demokrazia
prosa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/11/27 21:53:47.604 GMT+1
Ehundaka rokanrolzale ilaran AC/DC-ren sarrera lortzeko. Asko aurreko eguneko eguerditik, aulki, manta, sonbrila, gitarrarekin, kafe termoa gauari eta atzamar izoztuei epeltasun apur bat emoteko. Goizeko 10etan zabaldu da salmenta. Fnak eta ikatzen, saltoki ofizialetan, ticketen katxarroak blokeatu eta bakan batzuk baino ez ziren irteten noizbehinka. Antza, Bilbon, 80 sarrera baino ez dituzte eskura banatu, korteinglesean 6, polizi karga eta guzti. Durangon, 10etan agortuta zeudela zioten, nahiz eta gero 20 bat atera dituzten. Donostian ere gauza bera; herri batzuetan 2 edo bat ere ez. Bazekiten ilara luzeak egongo zirela eta berehala agortuko zirela. Eta gainontzeko 16000ak?
-Dendetan sarrerarik ez
-Interneta saturatu eta blokeatuta
-Telefonoa komunikatzen
Sarrera kopuru jakin bat inprimaturik izan beharko lukete orduak itxoiten eman dituenarentzat, eta, saldu ezean, internet edo telefono bidez saldu. Ez baita beharrezkoa bi ordutan bentilatzea, kontzerturako urte erdi falta denean oraindino.
Azkenean, interneten nornahik eros dezakeenez, estatuko edonork, nahiz eta kontzertura joan ez, erosteko aukera izan du, jakinik agortutakoan errebentan sekulako dirutzak ordainduko dituztela. Honek guztiak eragin egin du benetako jarraitzailea, sarrera bat eskuratzeko gaua ilaran emateko gai den hori, kontzertura ez joatea, eta errebenta sarraskijale zikin guztiek poltsikoak lotsagabe puztea.
Zergatik eman zaio ditxosozko tik tak-eri banaketaren ardura jakinik bestela ere salduko zirela? Aurrekoetan, bec-en egindako kontzertuetan egin bezala, bbk-ko kutxazainetan erosteko aukera ere bazegoen, aurre salmenta egin nahi izan balute, eta horrela, ez zen ilaran alferrik itxaron izan beharko; edota beti bezala, dendetan kopuru bat emanda egotea, eta ez bada gelditzen ba ez dago; baina ez aukera guztiak aldi berean. Eta nola dateke fnak-eko bazkideek sarrera eskuratze preferentziala izatea?
Interneten “entradas ac cd bilbao” jarriz gero, errebenta orri profesionalak agertuko dira, sarrera kopuru handiekin. Tik tak tiket-en sistema honek ahalbidetzen du erabiltzaile arruntek baino sistema informatiko potenteagoekin, beren beregi prestatutako programak erabiliz, maiztasun handiz konektatu eta sarrera eskaera handiak egitea. Estatuko edozein lekutatik ari dira saltzen 200-300€ inguruan.
Jende asko joan gabe geratuko da, eserleku asko hutsik egongo dira errebentan erosi ez dutelako. Agian mila ikusle euskaldun eta gainontzekoak kanpotarrak, beste kontzertuetarako sarrera gabe geratu zirenak. Hainbeste esan 2 sarrera baino ez pertsonako, birsalketa ekiditeko asmoz , gero madrildik edonork negozioa egiteko.

Pozik egongo dira diputatu eta kolega entxufatu guztiak, euren jai pribatuan; lasai egin dute lo, sarrera burko azpian. Zenbat banatu zituzten laguntxoen artean.. Ze ondo pasatuko duten, larruzko txupa eta rockerorik gabeko rokanrol gau deskafeinatuan, gorbata guztiak dantzan.
Beno, Angusek ere badauka ezta..?
Nork: Lander.2008/11/27 21:53:47.604 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/11/25 18:50:15.337 GMT+1
Azoka ate joka, eta, honi lotuta, kartelaren inguruko eztabaida, giroa berotzeko, gaztaina erreekin batera. Urtero bezala, polemika sortu nahi izan da, kartel hauei dagokien propietate inherentea bailitzan. Izan ere, berdintasun sailetik delitutzat jo da paper batean txapel bat, aurikularrak eta emakume betaurrekoak agertzea.
Zergatik egon kartelaren aurka? Hona hemen absurdoaren argumentu batzuk:
· Modaren aurkako delitua: Baserritar txapelak ez du betaurreko fashionekin jokoa egiten, ez dute ondo konbinatzen.
· Sasiaren goraipamena: klandestinitatean dagoen aurpegi bako pertsonaren apologiatzakoa. Aurpegia ezkutuan eta txapela buruan ibili minduan.
· Adierazpen askatasunaren aurkakoa da, irudiak ez baitu ez aho ez mihi, zentsura defendatzen du.
· Literaturaren aurka doa: ez da libururik ageri.
· Pirateriaren apologia: ez da diskorik agertzen; aurikularrak mp3 batenak dira, legez kanpoko deskargak bultzatuz eta euskal musikagintzaren industriari eraso eginez.
· Emakumezko zein gizonezkoaren diskriminazioa egiten du
· Umeak ez ditu kontuan hartzen, jostailurik ez da ageri
· Arraza guztiak baztertzen ditu, gizakiaren aurkakoa da, izaerarik gabeko errobot edo ziborrak babesten ditu.
· Kirolaren eta, bereziki, euskal futbol taldeen aurkakoa. Txapelaren jabea Athletiken tixertaz jantzi zezaketen (edota Euzkadikoarekin).
· Orlegia gorroto eta arroxa gogoko dutenen aurkakoa.
· Ikurrinaren koloreekiko ultrajea, gorria beltzagatik ordezkatu baitu.
· Txapelgorrien eta txapelokerren aurkakoa, zer esanik ez bilbotar urdinaz.
· Garagardo orlegien propagandagile.
· Euskal abereen aurkakoa, ez baita euskal artzai, betizu, txarri, latxa, pottoka, hartz, balea, bilaurik agertzen.
· …
Beharbada, salatzaileak dira aurreiritziok barneratuta dituztenak, alusioa sumatzen dutenak, ez dagoen lekuan bilatzean, asoziazio ilunak egitean, zenbait uste erroturik dauzkatenak. Baloi bat agertzeagatik nesken jostailua agertzen ez dela kexatzen denak agerian uzten ditu dauzkan aurreiritziak.
Beharbada legez kanpo utziko dute, horrelako hainbat arrazoi perizialetan oinarriturik.
Nahi beste gehi ditzakezue zerrenda ireki honetara.
Nork: Lander.2008/11/25 18:50:15.337 GMT+1
Etiketak:
euskara
literatura
kartela
durangokoazoka
durango
azoka
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/11/04 22:06:18.377 GMT+1
Ordu honetan batzuk bazkaltzen eta beste batzuk ikastetxe eta kiroldegietan egongo dira Ipar Amerikako Estatu Batuetako Presidente Berria aukeratzen. Gosariarekin batera entzungo dugu bere izena.
Batzuek eman dute jada euren bozka. Egin dezagun zuzeneko konexioa, Springfield-etik:
Dakusakegunez, demokraziak zuzen funtzionatzen du Aita Sam-en etxean. Zutik iraungo al du.
Aldaketa datorrela diote.
Yes we can?
Nork: Lander.2008/11/04 22:06:18.377 GMT+1
Etiketak:
demokrazia
hauteskundeak
yeswecan
obama
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/07/08 15:37:45.086 GMT+2
Santimamiñe, Ekain eta Altxerri leizeak Gizateriaren ondare izendatu ditu Unesco-k. Badirudi besteek esan arte ez garela konturatu ere egiten dauzkagun altxorrez, ez dugu daukagun ondarea aintzat hartzen.

Beraien irizpidea, margoak, maisulan izateaz gain, gizakiaren arte-adierazpenik goiztiarrenetakoak izatea izan da: <<The caves are inscribed as masterpieces of creative genius and as the humanity’s earliest accomplished art>>. Izendapena jaso ondoren, bat-batean, perretxiko bat agertzen den bezala, Europako kultura tour-ean azalduko dira. Milaka urtean hor egon arren, gauetik egunera sortu izan balira legez, ezagun egingo dira orain gure mugetatik haratago. Baina, badirudi, izendapenaren eraginaren inguruan egindako hausnarketetan alde turistikoari erreparatu diotela gehien bat. Turismo gehiago ekarriko omen du, jende gehiagoren bisita jasoko dute. Baina, funtsezko arrazoia beste bat izan beharko litzateke bereziki, gehiago zaintzeko balio beharko luke izendapenak, alegia, leizeak guztiz babesteko, ukiezinak izan daitezen, interes arrotzen atzaparretatik babes ditzaten, eta ez esplotazio ekonomiko hutsa bilatzeko.
Euskal Herrian dauzkagun leizeetatik hiru hauek bakarrik proposatu dituzte, baina hainbat dira historiaurrearen lekuko garrantzitsuak. Durangaldeko koba asko Paleolitiko Aroko aztarnadunak dira, euskal historiaurreko garrantzitsuenetakoak diren Abadiñoko Bolinkoba edo Axlor, esaterako. Gauza bera gertatzen da Praileaitz I-rekin (Praileaitz II harrobiek suntsitu zuten). Zein da duten babesa? Zer gertatzen da beste interes batzuk tartean -edo alboan- daudenean?

Turistikoki esplotatzeaz gain, batzuen inguruko harria ere esplotatu dute, eta bien ala bien eraginak kalteak eragin ditu, era batean ez bada, bestean. Leize hauen ondoan etekin xamurra ateratzen duten harrobiak daude, eta haitzuloei babes ofiziala ematen bazaie ezin dezakete inguruko harria esplotatu. Leize batek minik jasan ez dezan ezin daiteke kilometro bateko erradioan leherketarik egin. Baina harrobi hauei kontratua luzatu diete, gainera, inguruan ibiliko den AHTaren bidea egiteko. Zer gertatuko zitekeen trena Santimamiñe edo besteren baten ondotik igaro behar izan balitz? Hain ezagun ez direnak ere ez al dira era berean babestu behar, nahiz eta mapa turistikoetan ez agertu? Noski, gainerakoek ez dute onarpenik, eta etekina ez duen zerbaitetan inbertitzea ez ei da errentagarria.
Izendapena ez da aitzakia izan behar, ezagun diren leizeak bakarrik babesteko. Gure ondareak, ondare izaten jarraituko du, bere osotasunean.
Nork: Lander.2008/07/08 15:37:45.086 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/25 15:46:51.492 GMT+2
Goizean Lehendakariari entzun diot, Eurokopa dela eta, bere selekzioa Euskadikoa dela. Bada, antza, Kirol Sailekoak ez dira uste berekoak; bestela, nazioartean ofizialki lehiatzen den Wu Shu Euskal Federakundeari Beijingo Joko Olinpikoetan izateko baimena emango liokete; baina ez dute nahi izan.
Wushu, Txinako arte martziala da, kung-fu bezala ere ezagutzen dena. Jokoak Beijingen izanik, euren kirol nazionala han egongo da. Euskal Herrian geroz eta jende gehiagok praktikatzen du kirol hau. Wu Shu Euskal Federakundea dugu, azken urteotan Mundu mailako txapeldunak eman dituena. Egun, 20 talde inguru eta 2000 bat kirolari ari dira wushu egiten. Iaz, esaterako, bost munduko txapeldun eta taldekako bat izan zituen. Euskal selekzioak, azken urteetan, 30 urrezko dominatik gora lortu ditu Europa eta Mundu mailan.

Esaitek prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Bilbon. Euren esanetan, lehendabiziko aldiz, Euskal Herriak herri gisa Joko Olinpikoetan aritzeko aukera izan zezakeen. Sinadura bat baino ez zen behar. Selekzio batek bertan parte hartzeko ezaugarri bakarra estatu, herrialde zein gobernu lokal batek onartzea da. Baina Lakuan ez onartzea erabaki dute, nahiz eta Euskal selekzioa munduko onenen artean izan.
Aukera paregabea galdu da futbolaz hitz egiten dutenean esaten dutena egiteko. Azken egunetan eztabaida sortu da, hemengo politikari batzuen ahotik entzutean Eurokopan nahiago dutela estatuko selekzioari beste batek irabaztea. Alferrikakoa da aho txikitik horrelakoak botatzea, kolkorako beste erabaki batzuk hartzen direnean. Oraindik ez da erabaki honen inguruko adierazpenik egin. Eta Esaitek prentsaurrekoa egin ezean oharkabean igaroko litzateke. Kirola ez da futbola, bakarrik. Ofizialtasunaren bidean, pausuak eman behar dira. Ez da aski kirolarien borondatea bakarrik, erakundeen babesa ezinbestekoa da; eta benetan lortu nahi bada, bideragarri eta faktiblea denean, sinadura bat baino behar ez denean, horrelako erabakiak hartzeak iruzur zantzua hartzen du, eta jai dugu. Orain, laranjaz jantzi eta, erakustaldi folklorikoa egiteko, tourrera joatea nahiko dute.
Nork: Lander.2008/06/25 15:46:51.492 GMT+2
Etiketak:
wushu
joko
selekzioa
esait
euskal
kirola
olinpiadak
olinpikoak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/19 15:12:03.048 GMT+2
Abiatuko da Donostian Giza Eskubideen Zinemaldiaren VI. edizioa. Hainbat gai jorratzen ditu, eta hainbeste dira giza urraketa pairatzen duten eta izan duten herrialdeetako lekukotzak, hala nola Argentina, Uruguay, Palestina eta beste batzuetakoak. Gaien azalpena egitean, baina, gatazka hauek fokalizatzeko era jakin bat soma daiteke, alegia, partzialtasunetik ez oso urrun dabilen eta batzueri barnerarazi nahi dioten ikuspuntua.
Jaurlaritzaren biktimen (guztien?) bulegoak erderaz ekoitzitako filma aurkeztuko da, antza filmak erakusten dituen tresna pedagogikoen beharra dagoelako. Bestela esanda, propaganda oso tresna erabilgarri eta eraginkorra da, oso pedagokikoa, alde baten oinazea nabarmendu eta bestearena ezkutatzean. Estatu-terrorismoaren gaia azaltzeko atalean Frantziako iraultza eta Reich-a aipatzen ditu. Argentinaraino doaz, Guantanamo aipatzen dute, eta izutu egiten dira, hain urruti, beste herrialde batzuetan gertatzen diren eskubide zapalketekin. Noski, hemen ez da horrelakorik gertatzen. Nola hemengoa erakutsi festibalaren babesleak direnak izanda.
Hala ere, ikuspegi monokromatiko honez gain, badaude begirada ezberdina eskaintzeko saiakerak ere, festibal honetan tarterik uzten ez dieten arren, Hautsitako leihoa adibidez. Bertan hiru herritarren hitzak jasotzen dira eta, hizoi, tartetxo bat utzi diete, bederen, Bartzelonako Euskal Zinemaldian. Donostiakoan ezin tarterik eduki, babesleak zein diren ikusita.
Hemenen betiko lekukotzak jasoko dira, oso instruktiboa eta didaktikoa baita.
Nork: lander.2008/04/19 15:12:03.048 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/09 20:13:36.950 GMT+2
Badauzka bilbok, herri askok bezala, ezagun egin diren pertsonaiak, Alde zaharreko abeslaria esaterako, eta beti izan da horrela.
Wei Ming bibolinjole txinatarra dugu. Urteetan zehar jardun du bere bibolin zaharra Bilboko Gran Via-n jotzen, oinezkoen belarriak gozarazten. Kaletik zoazela, soinu fin hori entzutean, badakizu, hemendik dabil “bibolinjole txinatarra”. Bertutedun musikaria; musikajole izateaz gain musikari dena. Sarritan ikusi dugu Vivaldiren Lau Urtaroetako Uda Wei-ren soken dardaretan ernetzen, nahiz eta negu goria izan, bera jo eta jo. Bere ondotik pasatzean pieza barneratu egiten zitzaizun eta txistuka hasten zinen. Duela egun batzuk arte.

Lehengo egunean Udaltzainek bibolina lapurtu zioten. Gaur egun, musika klasikoarekiko zaletasuna jendearengan piztea erreza ez den honetan, hori da Udalak musika sustatzeko egiten duen apustuetako bat. Bibolinak kendu eta banderak jarri.
Noski, inguruko kate komertzial handietako bezero chic-ak uxatu egiten omen zituen. Dena delakoagatik, isunak pilatu eta, ordaintzerik ez zuenez, lan tresna kendu diote, biluzik utzi dute, kalean.
Wei Unamunoko metro sarreran dago orain, eta sinadurak biltzen hasi da. Dagoeneko herritar ugarik eman dio udaletxeak eman ez diona.
Nork: Lander.2008/04/09 20:13:36.950 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/31 23:53:01.048 GMT+2
1937. Martxoak 31.
71 urte bete dira gure herria bonbardatu zigutenetik, munduan lehen aldiz herri zibila bonbardaketa-helburu bihurtu zuten egun hartatik. Hura izan zen terrorismoaren benetako lehen erabilera. Durangoz gain Elorrio eta Otxandio ere eraso zituzten. Gerora ere, Praktika militar hau oso erabilia izan zen, tartean ia hilabete batera Gernika bezalako herrietan edota 2.Mundu Gerran adibidez.

Arratsaldean omenaldi xumea egin da Andra Marin. Eliza ondotik pasa naiz; etxeak zauriturik daude oraindik, metraila markak ikusi ditut horma guztietan, noranahi begiratzen nuela. Kanpandorrera igo ditut begiak. Zikoina bikoteak han jarraitzen du, gertatutakoaren oroimenik gabe.
Nork: lander.2008/03/31 23:53:01.048 GMT+2
Etiketak:
bonbardaketa
durango
martxoak31
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak