Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/10/07 12:13:00.710 GMT+2

Larrañeko gaina: zein goian dagoen...

Santa Grazi-Larrañe-Izaba-San Martingo Harria-Santa Grazi ibilbidea Asteburua bizikletaz gozatzeko (ala sufritzeko?) baliatu dugu. Plana gogorra zen: Santa Grazi eta Izaba artean dauden bi gainak igotzea zen helburua. Hasi Santa Grazin eta handik Larrañeko gaina igaro ondoren Izabara joan ginen. Han Oxanea aterpean ostatua hartuta geneukan, ondo afaldu eta nahiko lo egin genuen. Hurrengo egunean San Martingo harrira igo ginen eta handik Santa Grazirako jeitsiera ziztu bizian egin ahal izan genuen. Horrela kontatuta erraza dirudi, baina a ze aldapatzarrak! Lehenengo egunekoa izan zen, zalantzarik gabe, gogorrena. Larrañeko igoeraren profila hemen ikus daiteke: larrañeko igoeraren profila

Hasieratik Petxak aurrera jo zuen, Alberto bere atzetik zijoan, eta azkena ni nindoan, Imamol nirekin zetorren, baina konpainia egitearren, ez azkarrago joan ezin zuelako. Larrañe herrian aurrekoak gure zain geratu ziren, eta elkartu bezain pronto berriz ere aurreko egoera (naturalera) berdinera itzuli ginen. Dena den, Alberto gogor hasi bazen ere, gure martxan zijoan, baina gu baino aurreraxeago. Kilometroak mantso egiten genituen, eta halako batean, Alberto, plakiyak jota, geratu egin zen. Zerbait jan behar zuela erabaki zuen, berandu samar ordea... Imamol eta biok aurrera jo genuen, nire martxa motelean, betiere. Aldapa gogorrenetan ari ginela atzetik zetorrenaren sufrimendua aipatu eta bada ez bada zai geratzea erabaki genuen. Zerbait jan eta han azaldu zen Alberto egundoko pajararekin. Berriz txokolatea eta fruta eman, indarrak berritu eta jarraitzea erabaki genuen. Ni nire betiko martxan, piñoi handiena jarri eta segi poliki-poliki, baina nik baino gehiago sufritu zuen plakiak jota zijoanak... Petxa ordurako asper-asper eginda egongo zen goian. Erroimendiko gainera iristean aldapa pika bat azaldu zen, eta hori baino okerragoko zerbait ere bai: haize gogorra aurrez-aurre. Pedalkada bakoitzeko bi Mekaguendios eta hiru Puta-semia esan nituen gutxienez. Baina gaina igaro eta atsedenaldia dago, sari moduan.

Erroimenditik Larrañeko gainerako bidea ez da hain gogorra, bukaeran dauka malda handiena, baina bukaera dela jakiteak asko laguntzen du. Hala ere, bideak engainatu egiten du: malda gutxiko bide bat ikus daiteke erroimenditik, eta haseran bidea hori zela pentsatu nuen, baina aurrera egin ahala beste bide bat ikusi ahal da, hori gogorra dela nabari daiteke, eta zeinek izan behar bidea? ba, gogorrenak, jakina! Goian haizeak gogor jotzen zuen, eta Petxa ez zegoen bertan. Beheraxeagoko aterpera joan zen. Nik gainetik Albertori animo ohiu batzuk bota nizkion, eta bere ezinaren argazki batzuek atera nituen, momentu horiek ez ahazteko modukoak baitira.

 Beherako bidea ederra izan zen, tartean Lazako gaina igo behar izan genuen, eta indarrak nahiko xahututa neuzkanez, han ere sufritzea tokatu zitzaidan. Albertok ordurako gaindituta zeukan pajara eta ondo egin zuen Izabarainokoa. Por tzierto, egundoko perretxiko piloa ikusi genuen bidean zehar... Egun horretako bidearen profil osoa hauxe da: Santa Grazitik Izabarako bidearen profila

Nork: makazaga.2006/10/07 12:13:00.710 GMT+2
Etiketak: pierresanmartin profila izaba laugibar santagrazi larrañe bizikleta ibilbidea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Errenferentziak:

...o ginen, eta handik egundoko aldapa jeitsi genuen, eskerrak haizea kontra geneukala... bestela auskalo ze abiadura hartuko genuen. Ibilbidea aurreko artikuluan ikus daiteke eta igoeraren profila alboko irudian age...

Erreferentzia: Belagua eta Pierre San Martin - Ziztazale 2006/10/08 17:02:41.333 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak