Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/04/22 12:08:40.613 GMT+2

La Intérprete

Zuzendaria: Sydney Pollack.

Aktoreak: Nicole Kidman. Sean Penn.

Puntuzioa: ***--

Gaur egun ez dira thriller politiko gehiegi egiten, filmatzen direnek ekintza eta eszena ikusgarriak dituzte osagai nagusi, istorioak ez dira gehiegi lantzen, eta lantzen direnean askotan gehiegi nahasten dira eta ez daude ondo kontatuak.

Sydney Pollack-ek, zinemaren munduan urte askotxo daraman zuzendariak, hainbat generotako filmak egiteko aukera izan du: Danzad, danzad malditos; *Tal como éramos; Tootsie; Memorias de Africa*. Landu dituen generoetako bat thriller politikoa dugu. Halako filmak ugariak ziren 60-70 hamarkadetan. Garai horretan Los tres días del condor zuzendu zuen, eta orain, berriz, "La intérprete":http://www.imdb.com/title/tt0373926/photogallery-n, genero horretan agertzen ziren ezaugarriak erabiltzen ditu, nahiko film sendoa, dotore eta erakargarria lortzeko. Thriller politikoa

Pollak-ek, 60-70 hamarkadetako thrillerretan ohikoak ziren osagaiak erabiltzen ditu: tentsioa mantentzeko beharrezkoa den argumentu konplexua, istorioa aurrera doan neurrian jakin-nahia areagotzen duten ezkututako datuak (Nicole Kidman-ek egiten duen pertsonaiaren iragana); eta amodio istorioa (filman ezaugarri komun askotxo dituzten bi pertsonaien bizi paraleloak ikusten ditugu, eta ez dakigu posible izango den, amodioaren bitartez, biak elkartzea).

Horretaz gain, zuzendariak oso ondo mugitzen du kamera eta ederki jokatzen du planifikazio mota desberdinekin, filmari behar duen erritmoa eta dotorezia emateko (autobusekoa eszena oso ona da). Noski, Pollack-en lan guztietan gertatzen den moduan, zinema munduan magnetismoa duten izarrekin lan egin du: Nicole Kidman-ek bere indarra erakusten du lehen planoetan, erdiko planoetan eta plano orokorretan. Azpimarragarria da, era berean, filmak munduari eta, batez ere, Ameriketako Estatu Batuei bidaltzen dien mezu aurrerakoia.

**La intérprete**-k argi eta garbi esaten du mendekua ez dela ona, eta indarkeria erabiltzen denean, indarkeria jasaten duenari kalte egiteaz gain, azkenean, indarkeria erabiltzen duenaren kontra ere bueltatzen dela. Aipatutako ezaugarriekin, lehen askotan, baina orain gutxitan ikusteko aukera dugun trhiller sendoa eta interesgarria lortzen da.

Nork: Antonio Zabala.2005/04/22 12:08:40.613 GMT+2
Etiketak: kritikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak