Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/04/07 18:39:42.194 GMT+2

Las Tortugas también vuelan

Zuzendaria: Bahman Ghobadi.

Aktoreak: Avaz Latif, Során Ebrahim.

Puntuazioa: ****-

"Las tortugas también vuelan":http://www.imdb.com/title/tt0424227/, Donostiako Zinemaldian urrezko maskorra eskuratu zuen Iran-Irakeko ekoizpena, kurduen kanpamendu baten kokatzen da, Ameriketako Estatu Batuek Irak inbaditu zuten garaian, hain zuzen ere.

Filmak egiten du gerra garaiko haurren egoeraren nahiko erretratu zehatza eta errealista. Lehenengo eszena mingarriak aditzera ematen digu ez gaudela istorio erraz baten aurrean. Gainera, eszena hori filmaren esanahi orokorra bihurtzen da.

Kontatzen zaigun istorioak adin askotariko gazte eta haurrak protagonistatzat hartzen ditu. Sortutako gerrak haurrengan duen eragin kaltegarria azaltzen da: batzuk alde batetik bestera noraezean ihes egiten, beste batzuk helduen munduan izaten diren trikimailuak erabiltzen eta euren adinerako erantzukizun gehiegi hartzen, askok minak jasotzen lortzen dute bizitzeko dirua eta lan horretan bizitza ez denean, hankak, besoa, eta abar galtzen dituzte. Haurren istorio gogorrak

Hortik aurrera, kanpamenduko gazte eta umeen eguneroko bizitza ikusiko dugu, eta haur bakoitzak errealitateri aurre egiteko duen ahalmena: gazteenek euren egoeraz hain kontziente ez direnez, agian gutxiago sufritzen dute, baina badago neska bat ezin duela gertatutakoa gainditu. Honela, alde batetik, bizitzen ahalegintzen diren haurren taldearen gorabeherak ikusiko ditugu, eta beste aldetik, bazter baten begiratzen ari den neska bakartiaren tristura.

Batzuek aurrera jarraitzen dute; beste batzuek ez. Gerra oso gutxi ikusten da, baina horren ondorioak argi eta garbi ikusten dira. Filmak badauka orain dela urte askoko neorrealismoaren eta dokudramen kutsua. Eguneroko bizitza kontatzen da, lehenengo eszena kenduta. Hasieran ez da hain dramatikoa, baina istorioa aurrera doan neurrian ikusiko dugu tragedia nagusi dela egoera horietan.

Gerraren ondorioak

*Las torturgas también vuelan* gerrek gizakiengan eta, batez ere, haurrengan duten indar suntsitzailearen erretratu zuzena eta sentikorra da. Gure pantailetan bakarrik bikoiztutako bertsioa estreinatu da, eta egia esateko, bikoizketak filmaren indarra eta egia sentsazioa murrizten du.

Nork: Antonio Zabala.2005/04/07 18:39:42.194 GMT+2
Etiketak: kritikak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Pelikularen bi detaile komentau nahi dot:

Bata, izugarri sufritzen dabilen neska, bere buruaz beste egitera ailegatuko dana. Irakurri dodanez, andra kurduen artean nahiko hedatuta dago suizidioa (asmatu zergaitik), eta hil arte nork bere burua erretzea ei da modurik ohikoenetarikoa.

Bestea, "Satelite" deitzen jakon mutila. Liderraren irudia, baina itsuen artean begi- bakarra. Eskerrak kasu honetan mutila bihotz-onekoa dala. Errealitatean zenbat lider maltzurrek abusatzen dabe euren potereaz, jentea manipulatuz eta galbidera eroanez?

Merezitako Urrezko Mazkorra film honena.

Nork: Patxi Lurra.2005/05/18 19:23:39.687 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak