
Zuzendaria: Daniel Sánchez Arévalo
Aktoreak:Quim Gutierrez, Marta Etura
Puntuazioa: ***--
Daniel Sánchez Arévalok, film laburren muduan arrakasta izan ondoren, bere lehenengo film luzea zuzendu du, eta erronka ondo atera zaio. AzulOscuroCasiNegrok kontatzen digun istorioak, momentu gutxi batzuetan aurrera egin barik gelditzen dela ematen badu ere, ederki islatzen digu giro berezi bat, sortzen diren egoera desberdinak, eta bizitzak jartzen dizkigun tranpak eta horiek pertsonaiei dakarzkien moralezko zalantzak. Bizitza oso korapilatsua dela eta ez dela erraza gertatzen diren egoera desberdinetan bide egokia aukeratzen jakitea esaten du filmak. AzulOscuroCasi Negrok bizitzari buruzko nahiko ikuspegi tristea edo iluna azaltzen du: bizitzaren zailtasunak erakusten ditu, baina, izenburuak esaten duen bezala, gauzak ez dira guztiz beltzak, urdin ilunak baizik: gidoilari-zuzendariak tonu goibela aukeratzen du, baina etsipenera heldu barik. Filmari ematen dion eguneroko giroak sinesgarri bihurtzen ditu kontatzen zaizkigun istorioak, eta horiek hain dramatikoak ez izateko laguntzen du. Orokorrean, filmaren tonua mingotsa bada ere, agertzen dira umorezko ukitu batzuk: horiek gertakizunen barnetik eta pertsonaia batzuen axolagabekeriarengatik sortzen dira: Jorgeren anaiaren eta lagun minaren eskuetatik, hain zuzen ere. Lagun honek, bigarren mailako istorio baten protagonista bihurtuz, filmari, nahiz hau kutsu dramatikoa ere izan, fartsa edo esperpento tonu bat ematen dio, eta istorio nagusiaren tonu tristea baretzen du.
Erantzunak
Nik ere film hau ikusi nahi dut baina uste dut orain azterketekin ezingo dudala, azkenean DVDan ateratzen denean ikusiko dut. Bestalde YouTuben zenbait bideo daudela uste dut, eta baita eMulen ere zenbait "korto" ;D
Nork: newton.2006/05/18 14:34:46.357 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/29A